Bizi-baratzea

Itzalaldien itzalak
2022-01-23  |  Nagore Irazustabarrena Uranga

1977an New York hirian tximista baten ondorioz gertaturiko itzalaldi elektrikoak ondorio berehalakoak izan zituen, nagusiki Bronx, Brooklyn eta Harlemeko auzo txiroetan: gainbehera ekonomikoaren ezinegonak herritarren haserrea piztu zuen.

Brooklyngo Macon street, 1977ko uztaileko itzalaldiaren ondoren. (Argazkiak: Viewing NYC)

New York, 1977ko uztailaren 13a. Goizeko 08:37etan tximista batek Hudson ibaiko Buchanan House estazio elektrikoa jo zuen. Hurrengo minutuetan ekaitzak hornikuntza sareko beste puntu batzuei eragin zien eta, azkenik, 09:27etan Ravenswood 3 sorgailu nagusia itzali zen eta, horrekin batera, hiri osoa. Hornikuntza elektrikoa biharamunean itzuli zen, 25 ordu geroago.

Zenbaitek espero zuten ondorioak handik bederatzi hilabetera nozituko zirela, jaiotza tasa bat-batean haziko zela, 1965eko azaroko itzalaldian ustez gertatu bezala. 1965ean matxura elektriko batek 13 orduz hornikuntzarik gabe utzi zituen AEBetako ekialdeko kostaldeko 35 milioi biztanle. Beste zereginik gabe eta kandelen argitan, askok sexu harremanak izan omen zituzten eta horrek jaiotze-tasaren bat-bateko igoera eragin omen zuen. Datuei begira, ordea, handik bederatzi hilabetera ez zen inolako baby boomik izan; komunikabideek elikatutako mitoa baino ez zen. Gainera, 1965eko hartan itzalaldi elektrikoa bai, baina ez zen ilunaldirik izan, hornikuntza egunargiz egon baitzen etenda.

Suhiltzaileek 1.307 sute itzali behar izan zituzten eta poliziak 3.776 pertsona atxilotu zituen egun bakarrean

1977ko itzalaldiaren ondorioak berehalakoak eta oso bestelakoak izan ziren. Herritarrek, nagusiki Bronx, Brooklyn eta Harlemeko gune txiroenetakoek, kaleak hartu zituzten, dendak arpilatu, autoak eta eraikinak erre. Suhiltzaileek 1.307 sute itzali behar izan zituzten eta poliziak 3.776 pertsona atxilotu zituen egun bakarrean.

Uda hartan David Berkowitz Samen semea serieko hiltzaileak beldurra zabaldu zuen hirian eta zenbaitek horri egotzi izan dio herritarren erreakzioa. Uda hartako bero itoak ere eragina izan omen zuen herritarren aldartean. Baina kontua da New York krisialdi ekonomiko larrian zegoela, zerbitzu publikoak nabarmen murrizten ari zirela, delinkuentzia hazten… Hala, itzalaldien erromantizaziotik urrun, New Yorken 1977ko egun hartan gertatutakoak erakusten du, gainbehera ekonomikoari krisialdi energetikoa erantsiz gero, herritarren ezinegona dela eztanda egiten duena, eta ez jaiotza-tasa.


Zurea bidali