Bizi-baratzea

Feminismoa

Kolapsoari eta krisi orokorrari ekofeminismotik aurre egiteko premia
2021-12-31  |  Jenofa Berhokoirigoin

Bizi dugun krisi globalaren alde bat baizik ez da klima larrialdia, eta komeni da begirada zabaldu eta arazoari bere orokortasunean begiratzea. Hori argiturik, kolapsoa ukan du hizpide formakuntzan eta ikerketa feministan dabilen Emagin-ek. Giroa katastrofista izanda ere, nahi ditugun bizitzak definitzen eta defenditzen segitzeko beharra azpimarratu dute hizlari ezberdinek. Bide horretan, ekofeminismoaren mugimendua premiazkoa daukate guztiek.  

Foku

Testuinguru katastrofista honetan nola egingo dugu bizitza ttiki eta konkretuek garrantzirik ez galtzeko?”; “Egoera gaizki doa, okertu egingo da ere. Hori pentsatu arren, zer egingo dugu horrek ez gogogabetzeko eta deprimitzeko, baita alderantziz ere, aldaketarako indarra emateko?”. Galdera horien inguruan dabil hausnarrean Amaia Perez Orozco ekonomialari eta feminista aktibista. Ekologismoa eta feminismoa gurutzatzen diren lekuari so jarri eta hainbat giltza eta gogoeta plazaratu zituen Emaginek antolaturiko Gure begiraden albo-kalteak, nola aldatu gure mundu ikuskera ekofeminismotik jardunaldian.

Testuinguru hau kolapsoarena da, Orozcok dioen gisara, klima aldaketa baino askoz zabalagoa den errealitatearena. “Erreprodukzio sozialaren krisian” gara: zaintza, osasuna, elikadura, etorkinenen eskubideak, energia pobrezia, eta beste hainbat alde barne biltzen dituen krisian sarturik gara. “Intentsitate ezberdinetan bada ere, mundu mailan eta testuinguru ezberdinetan ez gaude ongi, gaizki-izate batean gara, ongi-izatea bukatu da”.

“Kolapsoan bagara ere, edozein borrokak merezi du, eguneroko elkar zaintzak pena merezi du”. Hori gabe, gure bizitzak zaurgarri izatetik prekario izatera pasatzen direlako, prekarizazioa “existentzia-erregimen berri” eta “bizitza eredu berri” bihurtuz. Bizi dugun aroa “antropozenoa” da, giza espeziearen jarduerek ekosisteman eragindako aldaketena; beste batzuk “kapitalozenoa” terminoarekin definiturikoa, jarduera hauek kapitalismoa ukanki oinarrian.

Irakasle eta agroekologian aditu Mirene Begiristain Zubillaga ere egon zen ekarpenak egiten. Jakin-en 245-246 aleetan plazaraturiko Ekofeminismoen txirikordak artikulua hartu zuen oinarri. “Ekofeminismoak orainaldia kuestionatzea ahalbidetzen diguten pentsamendu eta praktika kritikoak dira” eta hortik badago kolapsoari aurre egin eta aldaketa sozial iraunkorra sustraitzeko aukera. Hain zuzen, patriarkatua eta naturaren ustiapena txanpon beraren bi alde direlako ia ekofeminismo guztien arabera –feminismoaren modura anitza izanik, ez dago irakurketa partekatu bakarra ekofeminismoan–.

Haien borroken berri ematen egon ziren elikadura burujabetzaren inguruan dabilen Etxaldeko emakumeen taldea eta Baztaneko Aroztegia megaproiektu urbanistiko eta turistikoaren kontrako Aroztak herri kolektiboa. Mundu mailan bezala Euskal Herrian ere, elikadura burujabetzaren alorrean eta proiektu suntsitzaileen parean kausituriko erresistentzietan ditugu ekofeminismoaren praxi garatuenak. Lokalaren eta globalaren bidegurutzean kokatzea da lanabes honen ezaugarrietako bat: “Tokian toki erroturiko borrokak eraman behar ditugu, baina dimentsio internazionalistarekin”, Orozcoren hitzetan.

Ekologismoa eta feminismoa bi borroka eder izanda ere, hutsuneak dauzkate, ekofeminismoak gainditu ditzakeenak: “Feminismoak ezinezkoa du bere izate-nahi internazionalista eta antikolonialista ekologismotik urrunduta” eta “ekonomia ekologikoak eta ekologismoak ezer gutxi aurreratuko du bere teoriak, praxiak eta mugimendua despatriarkalizatu ezean”, Begiristainen hitzetan. Funtsean, horretaz kontziente zituen Emaginek jardunaldi hauek antolatu, kontziente delako begirada ekologista ez dutela zor zaion tokian kokatzen –“jakitun gara asko garatu dugula feminismoa hiriguneetatik eta begirada ekologista ez dugula gure praktika politikoaren lehen lerroan jarri”–. Feministen esparru geroz eta zabalago batek iparrorratz harturiko intersekzionalitate politikoa lantzeko abagunea ere bada mugimendu hau, Begiristainen iritziz: “Desberdinkeriak eta desberdintasunak aintzat hartuz, aliantzak sortzeko abagunea ere bada teorian eta praktikan ekofeminismotik intersekzionalitate politikoen ardatz desberdinen zapalkuntzetan murgiltzea”. Bide beretik, “subjektibitate berrien eraikuntzari” ere ekarpen interesgarriak dakarzkiela dio.  

Desazkundea, baina modu planifikatu batean

Orozco, Begiristain zein hizlari egondako irakasle eta militante ekologista Esti Villamorrek, hiruek zuten desazkundea bai ala bai hartu beharreko bidetzat –eta nahi ez bagenu ere, hartu beharko dugun bidetzat, kolapsoak horretara garamatzalako: materia, energia eta hondakin gutxiagorekin bizitzera–. Baina, benetako erronka hizlariek planteaturiko galderan dago: “Desazkundea badator. Baina nola? Birbanaketan eta justizia globalean oinarriturik, edo, batzuei pairaraziz eta besteen metatze eta espoliazioekin jarraituz?”. Erantzun ere egin zuen Orozcok, deitoratuz gaur egun ez dagoela desazkundea planifikatzeko joerarik. Joera kapitalozeno honetaz ohartzeko, nire baratzean ez jarrerarekin bukatzea gomendatzen du: “Nire zaborra joan dadila urruti, parke eolikorik ez nire begien bistan... guztia horrela. Baina gurean behar ditugu, gure bizi moduak eskatzen eta ondorioztatzen duenaz benetan ohartzeko”.

Ekofeminismotik gure bizitzak gure esku hartzeko eta komunitateak osatzeko beharra are garrantzitsuagoa da, jakinik erreprodukzio sozialaren krisiak eragindako bi sentimenduak eskuin-muturrak zukutzen dituela: kontuan hartua ez izatearena eta horrek eragindako bakardadearena. Orozcok argi dauka: “Aldaketaren ardurak hartuz” eta desazkunde adostu bat planteatuz, bizi nahi ditugun bizitzak definitu behar ditugu, “unibertsaltasunetik” eta “eko-arduraren eraikuntzatik”. Bestela, seguru asko eskuin-muturrak bilduko lituzkeelako desazkunde basatiaren uztak.

Desazkunde  adostu bat planteatuz, bizi nahi ditugun biziak definitu behar ditugu, unibertsaltasunetik eta eko-arduraren eraikuntzatik

Sistema irauliz bideratu beharreko aldaketa izanen da eta agintariek aterabide gisa planteaturiko trantsizio energetiko, numeriko edota berdeak ez dute balio. Energia berriztagarriek muga anitz dituzte: eraikuntzarako behar diren materialekiko menpekotasuna; ingurumenaren suntsiketa; kolonialismoa –nazioartekoa, demagun, mineral meategiak Hegoalde globaleko herrietan kokatuz, zein barnekoa, adibidez, Arabako mendietako parke eolikoak inguruko hirien energia beharrak asetzeko–; eta abar. Zer erranik ez, numerikoak dakarren kutsaduraz. Zentzu horretara, Europar Batasunaren Green Deal Itun Berdearen kritika ere egiten du Orozcok, adosturikoak ez duelako benetako aldaketarik –eta beraz soluziorik– bideratzen.

Galdera, helburu eta aldaketa potoloak dakartza berekin kolapsoak. Jardunalditik Euskal Herri mailan horretaz hausnartzeko premia plazaratu zuten, herri borroka ezberdinetan ekofeminismoa txertatzearen eta mugimendu feministaren eta ekologistaren arteko artikulazioaren beharrak azpimarratuz.


Zurea bidali