Bizi-baratzea

Azpiegitura kulturalak  >  Museoak

Azpiegituraz azpiegitura, porlanezko kultura
2021-11-28  |  Unai Brea

1997an iritsi zen Guggenheim Fundazioa Bilbora, itsasadar bete tinta isurarazi duen museo ikonikoaren bitartez. Hamarkada bat inguru geroago, 2008an, Bizkaiko hiriburutik kilometro gutxira beste museo bat zabaltzeko asmoa iragarri zuten; Gernikako itsasadarraren ertzean, zehazki. Proiektuak ez zuen aurrera egin, baina ez da inoiz zeharo baztertu, eta oraintsu, tiraderatik atera dute Guggenheimen arduradunek, itxuraldatuta eta Europako Next Generation diru-funtsei lotuta. Aurten ezagutu dira egitasmo berrituaren nondik norakoak, eta ondotik etorri dira zenbait kritika, zalantza ugari eta funtsezko galdera bat: beharrezkoa ote da?

Muruetako Tejero eta astilleroak Kanalatik ikusita. Argazkia: Hodei Torres

Solomon R. Guggenheim Fundazioa 1937an sortu zen, arte modernoa sustatzeko xedez. Bere webgunean irakur daitekeenez, hiru museo ditu gaur egun, bana New Yorken, Venezian eta Bilbon, eta abian dago Abu Dhabin laugarrena zabaltzeko egitasmoa. Izan dira beste Guggenheim batzuk, baita beste proiektu batzuk ere, baina itxita daude, edo bertan behera utzita.

Webguneak ez dio ezer Urdaibai inguruan beste museo bat eraikitzeaz, eta ildo berekoa da Bilboko Guggenheim museoaren kudeatzaileek ARGIAren galderei emandako erantzuna: “Oraindik ez dugu ezer iragarri hedabideen aurrean, eta ez daukagu gaiaz ezer esateko”. Haatik, ondo ezagunak dira proiektu horren ezaugarri nagusiak. Juan Ignacio Vidartek, Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusiak, ekainean aurkeztu zien egitasmoa bertako patronatuko kideei, eta hedabide gehienek eman zuten horren berri. Era berean, Guggenheimen “zabalkunde ez-jarraitua” –eufemismo hori erabiltzen dute batzuek– Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidagai izan da hilabeteotan, bertako talde politikoen ordezkariek Juan Ignacio Vidarteren ahotik proiektua ezagutzeko parada izan ostean.

Gernikako Cubiertos Dalia fabrika. Argazkia: Hodei Torres
Gernikako Cubiertos Dalia fabrika. Argazkia: Hodei Torres

Aldundiaren ustez, proiektu estrategikoa
Egiten bada, Urdaibaiko Guggenheimek ez du egoitza bakarra edukiko, bi baizik, bata bestetik bost kilometrora: Muruetako ontziola, itsasadarraren ezkerreko ibarrean, eta Dalia enpresaren fabrika abandonatua, Gernikan. Eraikin berririk ez, hortaz. Gune bien artean dagoen bide berdea ere baliatu nahi dute artelanak jartzeko, bisitaren osagarri. Azpiegitura ontzeko lanek bost urte irautea eta urtero 140.000 bisitari hartzea aurreikusi dute sustatzaileek.

Museo bikoitz berria egiteko aurrekontua 127 milioi eurokoa dela iragarri du Guggenheim Fundazioak. Horietatik, 81 Europako Next Generation funtsetatik lortzea espero dute, eta, dagoeneko, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunari funts horiei begira aurkeztutako zerrendan dago egitasmoa. Nolanahi den ere, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi du proiektua “bai edo bai” atera behar dela aurrera, Europako sosekin ala gabe, denbora laburrean ala luzean, “gure lurraldearentzat ona delako”.

Beste “edukiontzi” bat
“Ez al ditu gure kultur arloak presazkoagoak diren beharrak?”, galdetu zuen Haizea Barcenilla EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak, ekainaren 23an Berrian argitaratutako iritzi artikulu batean. Goiburua, ezin adierazgarriagoa: “Diru publikorik ez Urdaibaiko Guggenheimi”. “Ez al dugu ikusi itxialdiarekin –zioen Barcenillak– erabat zaurgarriak diren gure sortzaileak ezer gabe geratu direla, ez baitago euren lana normalizatzen duen sistema fiskalik? Askoz logikoagoa litzateke Europako funtsak sistema honen azterketa sakon bat eta oinarrizko berrantolaketa bat bideratzeko erabiltzea”.

Iritzi berekoa da Barcenillaren lankide Ismael Manterola: “Esango nuke ez dela oso momentu egokia kultur aurrekontuak horrelako kultur azpiegitura handietan gastatzeko, nahikoak ditugu herri txiki honetan”. Hain zuzen ere, Bilboko Guggenheim inauguratu zeneko unea dakar gogora Manterolak: “1997an ireki zen, eta, ordutik hona, Artium, Tabakalera… Edukiontziz ongi hornituta gaude. Beste bat gehiegizkoa litzateke, nire ustez”.

Murueta herria. Argazkia: Hodei Torres

Edukiontziei baino gehiago, edukiei arreta emateko garaia dela dio arte ederretako irakasleak. “Programazioak, bildumak… Horiei eman behar zaie lehentasuna, gaur egungo desoreka konpontzeko, politikariei ahaztu egiten baitzaie edukiontziak bete egin behar direla, eta horrek ere aurrekontua behar duela”. Ez azpiegiturak mantentzearena bezain handia, Manterolaren esanetan: “Kalkulatzen da %70 gastatzen dela azpiegiturak mantentzen eta %30 besterik ez edukietan”.

Arestian aipatutako iritzi artikuluan Haizea Barcenillak emandako datuaren arabera, “Artium museoak, adibidez, 151.657 euro behar izan zituen 2019an, hornikuntza gastuetarako soilik; atea ireki eta argia pizteko, alegia”. Haren ustez, azpiegitura handiek erabat baldintzatzen dituzte kultur aurrekontuak, gastu finko eta saihestezina dakartelako. “Zeinek mantenduko luke Urdaibaiko Guggenheim?”.

Muruetako Tejera teleria. Argazkia: Hodei Torres
Muruetako Tejera teleria. Argazkia: Hodei Torres

Kultura ala turismoa?
“Proiektu honen alde gaude, biribila delako. Laguntza ematen dio kulturari, sortzaile gazteei batez ere, artearen munduan erreferentziazkoa den marka baten babespean”, esan zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak ekainaren 30ean, Bizkaiko Batzar Nagusietan izandako saioan. Ismael Manterola ez dator Rementeriaren hitzekin bat: “Guggenheim proiektuak hutsune asko dauzka, eta ez dira beteko beste Guggenheim baten bitartez. Frankiziak ez du komunikaziorik tokiko sarearekin, erakusketak ez dira bertan sortuak, kanpotik ekarriak baino… Hori dena bikoiztu behar al dugu?”. 

Haizea Barcenillaren berbetan, “bada urteak azpiegitura nagusiak eta proiektu estrategikoak planteatzean ez dela pentsatzen ez euskal hartzaileetan, ez bertako kultur zaleetan, ezta kultur transmisioan ere. Turistentzako amuetan pentsatzen da”. Bizkaiko Foru Aldundiak, “turismo” berba aipatu gabe, Urdaibaiko Guggenheim egitasmoa defendatzen du, besteak beste Busturialdeko jarduera ekonomikoa sendotzen lagunduko duelako, baina horrekiko eszeptikoak dira oposizioko taldeak.

“Inozoa iruditzen zaigu Urdaibaiko Guggenheimek Bilbokoak bezain eragin handia izango duela pentsatzea”, dio Hector Fernández Elkarrekin Podemoseko batzarkideak; “eta, bestalde, ez dugu uste alde ekonomikotik Bilbokoak hainbesteko aberastasuna ekarri duenik; ospea bai, hori ukaezina da”.

Muruetako Tejera. Argazkia: Hodei Torres

Kontrola, noren esku?
“Nahiago genituzkeen beste mota bateko egitasmoak”, aldarrikatu du Fernándezek, “irekiagoak, sakabanatuagoak, txikiagoak… Halakoak bideratu litezke Bizkaian kultura sustatzeko Europako diruarekin, diru hori iritsiz gero”. Hain zuzen ere, Next Generation funtsen hauspoa gutxien behar duenari emango zaiola uste du Podemoseko kideak, Haizea Barcenillak eta Ismael Manterolak adierazitako ildotik. “Guggenheim nekez izango da Busturialdeko eskualdearen arazoen konponbidea. Eta diru hori ez da joango kulturaren eremura, turismoarenera baizik”.

Proiektua egin egingo dela uste du Héctor Fernándezek. “Erabakimena dutenek hala erabaki dute dagoeneko, eta aurrera joango da, baina behintzat, museo berriaren kontrola, ahalik eta neurririk handienean, publikoa izatea nahi genuke, ondo baitakigu, praktikan, zer esan nahi duten hainbeste goratzen diren lankidetza publiko-pribatuek: herrialdea enpresen esku uztea”. Ildo horretan, Elkarrekin Podemosek mozioa ipini zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan, joan den uztailean, hiru gauza eskatuz: Urdaibaiko Guggenheim BizkaiKOA sozietate publikoaren barruan txertatzea; proiektuaren arlo akademikoa kudeatzearen ardura EHUk izatea esklusiban; eta Busturialdeko udal guztiek egitasmoari buruzko erabakietan parte hartzea erraztea.

Muruetako astilleroak Kanalatik ikusita. Argazkia: Hodei Torres

Gainerako indar politiko guztiek mozioaren aurka bozkatu zuten, arrazoi desberdinengatik bada ere, eta, kasu batzuetan, punturen batekin ados egon arren. EAJk, zehazki, kontrol publikoa eta udalen parte-hartzea berez bermatuta daudela dio; alde batetik, museoaren bi egoitzak kokatu nahi dituzten eraikinetan egin beharreko esku-hartzeak Murueta eta Gernikako agintarien baimenen menpekoak izango direlako. Bide batez esateko, udal biak –jeltzaleen esku biak ere– proiektuaren alde azaldu dira dagoeneko.

Bestalde, bi guneak lotuko dituen bideaz den bezainbatean, bai EAJk bai Bizkaiko Aldundiak berak gogorarazten dute bertan egitekoa den edozerk behar duela Urdaibaiko Biosferaren Erreserba kudeatzen duen patronatuaren onespena, eta eskualdeko udalak ordezkatuta daudela erakunde horretan. Momentuz, mutu dago patronatua, Guggenheimek proiektu zehatz bat mahai gainean noiz jarriko zain.

Eta ingurumenaren babesa?
Gehiago nahi du Bizkaiko oposizio politikoak. Héctor Fernándezen esanetan, eskualdean egitasmoari buruzko erreferendum lotesle bat egin dadin eskatzeko asmoa du bere talde politikoak. EH Bilduk berriz, udalek ez ezik Busturialdeko eragile sozial guztiek ere eztabaidan parte hartzeko mekanismoak galdatu ditu. “Nork erabaki du bizpahiru Guggenheim behar direla, eta ‘bai ala bai’ egin behar direla?”, galdetu zuen Iratxe Arriola talde horretako batzarkideak, uztailean egindako eztabaidan; “erabakia Urdaibai-Busturialdetik kilometro askora hartu dela dirudi, Biosferaren Erreserba batean bultzatu behar den garapen-eredua ere kontuan hartu barik”.

“Gutxienez, eskualdean benetako eztabaida bultzatu beharko litzateke zer garapen mota nahi dugun jakiteko”, gaineratu zuen Arriolak. EH Bilduko ordezkaria kexu zen, azken hamarkadetan Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren kudeaketak ez duelako bat egin haren printzipioekin. “Eta orain Guggenheimekin zatozte”, leporatu zien Aldundia sostengatzen duten alderdiei, “masa turismoaz hitz egitera”.

Muruetako Tejera ingurunea. Argazkia: Hodei Torres

Aldundiak argudiatu du Urdaibaiko Guggenheimek ez diola ingurumenari kalterik egingo. Are gehiago, proiektuak Biosferaren Erreserbaren babes-maila handituko duela adierazi zuen Unai Rementeriak Batzar Nagusietako ekaineko saioan. “Zelan? Besteak beste, gaur egun Erreserbaren bihotzean egiten diren jarduera industrialak ateraz bertatik”, esan zuen ahaldun nagusiak; “Muruetako ontziola eraikin ikoniko bihurtuz, Daliaren aurriak berreskuratuz…”. Ontziolari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiak esan du hura geldiarazteak ez duela ondorio kaltegarririk izango ekonomiaren ikuspuntutik, ia ekoizpen guztia Erandioko egoitzara eraman baitu enpresak.

Proiektuaren xehetasunak ezagutarazi ez badira ere, dagoeneko iragarrita dago museoaren egoitza batetik besterako bidea oinez, bizikletaz edo ibilgailu elektrikoz  egin beharko dutela bisitariek, haien kopurua mugatu egingo dela, eta, agian, urteko sasoi jakinetan baino ez direla zabalduko ateak, Muruetako egoitzan behinik behin. Hau da, Gernikako itsasadarraren ertz-ertzean. Hori ere azpimarratu zuen Unai Rementeriak, Guggenheim Urdaibaik ingurumenarenganako begirunea izango duela aldarrikatzeko. Beste batzuentzat, kontuak ez daude hain garbi. Milaka bisitari erakartzeak izan ditzakeen ondorioez gain, egitasmo osoa Biosferaren Erreserbaren babes handieneko gunean dagoela oroitarazi du Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistako kide Erroxeli Ojinagak. Hain zuzen ere, nukleo-gune deritzonetako batean. Biosferaren Erreserbaren webgunean irakur daitekeenez, hor daude ekosistemarik hauskorrenak, eta ingurune naturalaren babesa lehentasunezkoa da eremuotan. Bestela esanda, ekosistema horien kontserbazioa kolokan jartzen ez duten jarduerak besterik ez daude baimenduta, teorian, Guggenheimek zabalkunderako hautatu duen lekuan. Ea nola eramaten den hori praktikara.

Muruetako Tejera ingurunea. Argazkia: Hodei Torres