Bizi-baratzea

Negazionismotik ‘negozionismo’-ra
2021-11-21  |  Iñaki Barcena

Negazionismoa enpirikoki egiazta daitekeen errealitate bat onartzeari uko egitea da. Ingurumenaren kasuan, energiaren mugak, petrolioaren gailurra (peak-oil) edo klima-aldaketa antropogenikoa ukatzea. Korronte ideologiko indartsu bat dago zeinean korporazio ekonomikoak eta lider politiko ugari sartu daitezkeen. Ukazioaren arrazoi nagusitzat, sistema ekonomikoak ezin duela atzerapenik edo deshazkunderik izan, dioskute. Bestela kaosa, denok txarrago biziko baikara. Aspaldiko partez, dena den, translazio mugimendu bat ari gara ikusten eta negazionismo ekologikoan egon diren eragile askok ekokapitalismorako bidea hartu omen dute. Nire ustez, biraketa honen arrazoien artean, bi dira nagusi. Batetik, ingurumenaren, edo hobe esanda, krisi sozioekologikoaren zentralitatea agenda politiko mediatikoan eta, bestetik, zientziak ekologismoari emandako oniritzia.

"Translazio mugimendu bat ari gara ikusten eta negazionismo ekologikoan egon diren eragile askok ekokapitalismorako bidea hartu omen dute"

Zientzia. Uda honetan IPCCtik (International Panel for Climate Change, ingelesez) filtratutako txostenak ez du zalantzarik jartzen: deshazkundea ezinbestekoa da larrialdi klimatikoa gainditzeko. Diskurtso zientifikoaren, ekologismoaren eta gizarte zibilaren mobilizazio eta presioaren kateatzea inoiz baino argiagoa da, baina ez du bermatzen beharrezko politikak praktikan jarriko direnik.  Bizi garen sistema ekonomikoak, kapitalismoak, atsedenik gabe hazi behar baitu zutik iraun ahal izateko. Eta kapitalismo berdearen edo ekokapitalismoaren bideraezintasuna salatzea ez dago ondo ikusia gure erakunde politikoetan eta unibertsitateetan. Adrián Almazán irakaslearena, adibide argia dugu: Deustuko unibertsitsatetik kaleratu berri dute “parresia” antikapitalista mantentzearren.

Negozionismoa. Juan Borderari eta Antonio Turieli irakurri genien neologismo guztiz egoki hau. Energia berriztagarrien plan erraldoiak edo hidrogenoak sortu dituen inbertsiorako nitxo dirudunak adibide onak dira ikusteko energia fosilen negozioak ez direla bateraezinak energia berriztagarrien garapenarekin. Beste gauza bat da elektrizitatearen prezioa jaistea, edo merkatu energetikoa planifikatzea edota publifikatzea. Duela gutxi Aitor Esteban (EAJ) ikusi dugu Madrilgo Kongresuan Iberdrolaren defentsan. Alderdi politiko eta korporazio energetikoen  arteko kolaborazioa edo ate birakarien fenomenoa ekiditen ez diren bitartean, negozionismoa ugaldu egingo da. Eta ekosistemek kolapsatuko dute, zientzia behin eta berriz esaten ari den moduan. Greta Thunderrek Glasgowen horixe bera baieztatu du. Eta oraindik ere, batzuk diote ez dela antikapitalista. Bai zera!