Bizi-baratzea

Ekialde Hurbileko zibilizazioak

Meteoritoaren 600 urteko itzala
2021-11-21  |  Nagore Irazustabarrena Uranga

Jordan ibaiaren arroa, duela 3.600 urte. Meteorito baten eztandak Tall El-Hammam Brontze Aroko hiria suntsitu zuen. Hori da Californiako Unibertsitateko arkeologo talde batek Jordan haranaren hegoaldeko aztarnategia aztertu ondoren ondorioztatu duena, Nature aldizkarian berriki azaldu dutenez.

Duela 3.600 urte inguru Tall El-Hammam hiriaren gainean eztanda egin zuen meteoritoaren errekreazioa (argazkia: Allen West eta Jennifer Rice)

Garai horri dagokion geruzan ezohiko materialak aurkitu dituzte: platinoa, iridioa, urrea, zirkonita eta kromita. Gainera, eraikuntza eta buztingintza materialek 2.000 gradutik gorako tenperaturak jasan zituztela ere ikusi dute, eta garai hartan gizakiak ez ziren gai tenperatura horiek eragiteko. Kuartzoa birrinduta aurkitu dute, oso material gogorra izan arren, giza hezurrak erabat zatikatuta eta zenbait landare arrasto mikrodiamante bihurtuta. Eta froga horiek guztiak aintzat hartuta, duela 3.600 urte gertatutakoa berregin dute.

Tall El-Hammam 8.000 biztanleko hiri handia zen, antzinako Jerusalem bera baino askoz handiagoa, inguru haietako gune ekonomiko garrantzitsuena. Biztanleek ziur asi ez zuten ikusi ere egin 50 metroko diametroa zeukan bolidoa, 61.000 km/h abiaduran gerturatu zitzaielako. Arroka izoztua argitu egin zen atmosferarekin bat egin zuenean, eta 4 bat kilometroko altueran eztanda egin zuen. Segundo gutxira, talka uhina iritsi zen hirira, eta 1.200 km/h haizea eragin zuen. Hala, segundo gutxitan hiria eta biztanleak guztiz suntsitu zituen eztandak, eta minutu eskasean suntsipena 25 km inguruko itzulinguruan zabaldu zen; besteak beste, handik 22 kilometrora zegoen Jeriko hiriari ere eragin zion meteoritoak.

Hurrengo sei mendeetan, hiria bera eta inguruko beste 120 nukleo populatu abandonatuta egon ziren. Meteoritoak inguru haietako lurren eta uren hipergazitasuna eragin zuen, nekazaritza jarduera galaraziz; Itsaso Hilaren gazitasun maila handia hortik datorrela ere uste dute arkeologoek. Biztanleria oso gutxi hazi zen mende horietan, eta abeltzaintzan oinarritutako bizimodu erdi nomadara itzuli ziren. Segundo gutxi horietan gertatutakoaren ondorioak 600 urtez luzatuko ziren.