Bizi-baratzea

Herkulanoko dieta diskriminatzailea
2021-10-10  |  Nagore Irazustabarrena Uranga

Mediterraneoan gizonezkoek zereal, arrain eta itsaski gehiago jaten zuten Antzinaroan, eta emakumeek fruta eta barazki gehiago, ikerketa baten arabera.

Vesuvioren errautsek hartutako Herkulanoko 16 biktimaren hezurrak aztertu berri dituzte Yorkeko unibertsitateko adituek, eta, isotopoei esker, duela 2.000 urte zer jaten zuten jakin ahal izan dute: dieta anitza zeukaten, oliba olioak garrantzia handia zuen, eta egungo Mediterraneoko biztanleek baino hiru aldiz itsaski gehiago kontsumitzen zuten.

Baina ikerketaren ondoriorik nabarmenena, gizonen eta emakumeen dieten arteko aldea da. Gizonezkoek zereal, arrain eta itsaski gehiago jaten zuten, eta emakumeek fruta eta barazki gehiago. Gizonek etxetik kanpo denbora gehiago pasatzen zuten eta, oro har, emakumeek baino estatus sozial altuagoa zuten, eta horrek azal dezake dieten bereizkeria.