Bizi-baratzea

Begano eta abeltzain txikien arteko aliantza
2021-10-03  |  Kimetz Arana Butroe

Azken urtean COVIDaren ondorioz, abiadura handian izugarrizko aldaketak eman ditu gure bizimoduak. Egoera berriak gure elikadura ohituretan ere aldaketak ekarriko dituela dirudi.

Aurten izan naizen hainbat baserritan, kezkaturik, artifizialki sortutako haragi sintetikoaz hitz egiten entzun dut lehenbiziko aldiz. Bizi garen hamarkadan merkaturatzen ikusiko omen dugu eta praktika beganoen ondorioz erraz sartuko omen da gurera.
Haragi artifiziala laborategian sortzen da animalien giharretako ama zelulak biderkatuz. Jeff Bezos, Bill Gates eta munduko aberatsenen bioteknologia enpresak dira produktu honen bultzatzaile nagusiak. Abeltzaintza industrialak sorturiko arazoen aurrean etika, osasuna, aldaketa klimatikoarekiko sostengarritasuna eta animalien sufrimendurik eza dira "plastikozko" haragi hau saltzeko baliatzen dituzten ideiak.

"Haragi sintetikoaren alde egitea, abeltzaintza industrialaren logika berean doan sistema berria indartzen laguntzea da"

Hirietan eta bereziki gazteen artean asko zabaldu da animalien sufrimenduarekiko kontzientziaz haragirik ez jateko ohitura. Pentsamendu horrek ordea ez du jaten dugunarekiko kezka ekarri. Horrela bitxia zait begano lagunei jaten dugun letxugaren jatorri, kimika edo produkzio sistemaren inguruko kezkarik ez sumatzea.

Horrez gain, badira gure haragiaren kontsumoa murrizteko beste hainbat arrazoi. Osasuna, munduko biztanleriak hainbeste haragi jateak dakartzan desorekak, abeltzaintza industrialak sortzen duen kutsadura, ur eta zerealen kontsumo handia, sortzen dituen elikagai toxifikatuak eta abar.

Abeltzain guztiak ordea ez dira industrialak. Badira ekologikoan eta inguruko baliabideak erabiliz, abereak maitatu eta haragi osasuntsua sortzen dutenak. Euskal Herrian ez daude hirietatik hain urrun.

Animalia eta pertsonen sufrimenduak aberastasunaren pilaketan oinarritzen den sisteman du jatorria. Hartara, haragi sintetikoaren alde egitea, abeltzaintza industrialaren logika berean doan sistema berria indartzen laguntzea da. Dauzkagun arazoetan sakontzea eta enpresa handien alde egitea, oraindik jende gutxiagoren eskuetan egon dadin gure elikadura.

Naturatik urrundu nahi gaituzte aberats handien langile eta kontsumitzaile esklabo izan gaitezen oraindik gehiago. Horregatik garrantzitsua da baserria eta hiria hurbiltzea, elkar ezagutuz begano eta abeltzain txikien arteko aliantzak eraikitzea.

Tomatea udan bezala, nik nahiago dut haragia gutxitan baina ona jatea. Denok hobe bizi, hobe jan, osasuntsu eta libreago izan gaitezen.