Bizi-baratzea

Corrugados eta akusazio faltsuak
2021-06-13  |  Juan Mari Arregi

Cristian Lay (CL) talde industrialak Azpeitian Corrugados berriro irekitzeari uko egin izanak erreakzio politiko eta sozial handia ekarri du.

EAJk –Gipuzkoako Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta bere fronte mediatikoa erabiliz– lantegia berriz irekitzea galarazi izana leporatu dio Nagore Alkorta alkateari (EH Bildu). Baina Azpeitiko Udalaren arabera, ez dago bideragarritasun planik, ezta proiektu seriorik ere, eta, batez ere, legez kanpokoa da lehengo instalazioetan egitea.

Tristea izan da ikustea alderdi jeltzaleak zein amorruz akusatu dituen ezker abertzalea eta sindikatu abertzaleak (ELA eta LAB). Jelkideek diotenez, hauek ez dute herriaren ongizatea nahi, ezta Azpeitian enplegua sortu ere, eta Euskal Herriko enpresen desegite industrialaren edo hemen inbertitzeari uko egitearen erantzuleak dira. Nola manten daiteke tesi hori aurpegia gorritu gabe? Azpeitiko eta Euskal Herriko jendea tentela dela uste al dute? Azken egunotan hedabideetan agertu izan direnean, jelkide askok anti-sindikalismo abertzale sutsua sustatu dute, enpresa eta erakunde patronal kapitalistek izan dezaketena baino handiagoa.

Polemika honen erdian, CLk dio Corrugados berrabiatuz gero zuzeneko 200 lanpostu eta zeharko beste 500 sor daitezkeela. Erraietatik hitz egin beharrean, ona litzateke egoera bideratzea eta elkarrekin lan egitea gaur egun bideragarri den norabide bakarrean: Corrugados birkokatzea gaur egun legalki eta ingurumenari dagokionez posible izango litzatekeen tokian, Trukutxon. CLk benetan nahi badu altzairutegia berriro ireki eta Azpeitian enplegua sortu, eta aldundiak, Jaurlaritzak eta udalak asmo horri babesa eman nahi badiote, hor dago Trukutxo. Baina akusazio faltsuak alde batera utzi behar dira.