Bizi-baratzea

Baztan  >  Baztango Aroztegia

Bizitzaren alde, erresistentzia aktibatu da Baztanen
2021-05-02  |  Garazi Zabaleta

Lekarozen turistentzako 228 etxebizitza, golf zelaia eta luxuko hotela eraikitzeko Aroztegia proiektu urbanistikoaren obrak hasi eta berehala iritsi da herritarren erantzuna: akanpada bat jarri diete parean hondeamakinei. Hor izanen dira proiektua gelditu arte.

Aroztegia jauregira daraman bidean hondeamakinek botatako arbolak ikus daitezke (Argazkia: Dani Blanco)

Apirilaren 8an iritsi zitzaizkigun Lekaroztik lehen berriak: Aroztegian eraiki nahi duten makroproiektu urbanistikoaren obrak hasiak ziren, eta baita kontrako mobilizazioak ere; elkarretaratzeak ikusi genituen, eta ikusi genuen jendea hondeamakinen aurrean jarrita obrak geldiarazten. Egun batzuk geroago, beste mezu bat: “Apirilaren 16an, akanpada”. Eta hor ikusi dugu Baztango nahiz kanpoko jendea Lekarozko lursailetan akanpatzen, gau eta egun erresistentzia bertatik egiteko asmoz eta egitasmoa betiko gelditzeko konbentzimenduarekin.

Ez da berria erresistentzia-akanpaden borroka eredua gurean. Leitzarango autobiaren kontra egin zirenak burura datozkigu Nafarroan, edo AHTren kontrakoak, edo Frackanpada, edo… badira adibide ugari. Baina Aroztegikoak badu ezaugarri berezi bat: koronabirusaren aroan gertatzen ari dela, eta lozorroan zegoela zirudien herri-mugimendua berriz ere aktibatzeko txinparta moduan ikusi dutela askok. Garaiotan ere protesta eta ekintza zuzena egingarria eta beharrezkoa denaren erakusle, jaso duten erantzun zabalak borrokarako gosea eta ilusioa egon badagoela adierazten du.

Baztan Benidormtzeko makroproiektua  

Duela hogei urte baino gehiago sortu zen Aroztegiko lehen egitasmoa, 1998an. Hotela eta baserri-eskola egitea zen hasierako asmoa, baina ez ziren inoiz gauzatzera iritsi. 2008an, berriz, Elizondoko enpresari-familia batek Inmobiliaria Caixa Galiciarekin batera Palacio De Arozteguia S.L. enpresa sortu, jauregia eta inguruak erosi eta espekulaziorako proiektua abiatu zuten. Hor sartu ziren urbanizazioa eta golf zelaia jokoan: 252 etxebizitza planteatu zituzten hasieran, 228 dira gaur egun. 300 biztanle inguru dituen Lekaroz bezalako herri batentzat, inpaktu ikaragarria.

Aroztegikoak badu ezaugarri berezi bat: koronabirusaren aroan gertatzen ari dela, eta lozorroan zegoela zirudien herri-mugimendua berriz ere aktibatzeko txinparta moduan ikusi dutela askok

Ibilbide horretako jokaldi borobilena lurren birkalifikazioa izan zen, 2009an. Ilegalizazioen garaia zen, eta Baztango Udalean NaBaik eta UPNk aho batez onartu zuten 40 hektarea lur birkalifikatzea, ez-urbanizagarri izatetik urbanizagarri izatera pasatuz. “Hori izan zen pelotazoa”, diote proiektuaren aurkakoek. 2014ko bukaeran, berriz, epaitegiek proiektua legez kanpokoa zela ebatzi zuten lurretan sute bat egon zelako. Udalean, ordurako, enpresak ez zuen aliaturik proiektua birdefinitzeko. Zer egin? Bada, babes bila beste toki batera joan: Nafarroako Gobernura jo eta UGPS —Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala— gisa izendatu zuten proiektua, Baztango Udalari eskumena kenduz.

Erresistentzia-akanpada: “Edo orain, edo inoiz ez”

Golf zelaia eraikitzeko lursailean boleibol zelai inprobisatua egin dute akanpadako kideek eta jolasean ari dira batzuk. Beste batzuk txalaparta jotzen, elkarrizketan, musean edo kartelak egiten. Tentsio uneak izan dira, baina espazioaz eta jendeaz gozatzeko tarte lasaiagoak ere badira. Hori bai, motozerra soinua entzunez gero, denak segituan alerta. “Lasai, ondoko baserrikoak dira-eta…”, esan du norbaitek, eta barreak etorri dira segidan.

Akanpadako kideak lanean; txanden bidez antolatu dira (argazkia: Dani Blanco)

Erreportaje hau idazten ari garen unean zutik jarraitzen du kanpaldiak, eta obrak gelditu arte hemen izanen direla jakinarazi dute ekintzaileek. Hain zuzen astebete egin dutenean, obretako TEX enpresak makinak kamioi batean kargatu eta eraman egin ditu. “Erresistentzia ari da bere fruituak ematen, eta horratx lehen garaipen txikia”, txiokatu du Aroztak herri-ekimenak. Iruñean eta Lizarraldean ere babesa emateko taldeak sortu dira, eta hainbat ekintza egin dituzte. Herritar eta eragileei akanpadara hurbiltzeko dei egiten diete herri-ekimenetik, eta horretarako haiekin harremanetan jartzeko. Maiatzaren 15ean ere hitzordu garrantzitsua dute Elizondon: manifestazioa eginen da.


Zurea bidali