Bizi-baratzea

"Hidrogenoa irtenbide biribila da Petronorren negozioarentzat eta irudiarentzat"
2021-03-28  |  Leire Regadas

Ekologistak Martxan taldeko kidea da Maitane Arri Escudero (1977, Areeta). Euskal filologian lizentziatu eta itzultzaile lanetan urte luzez jardun ondoren, M15 mugimenduak aktibismo ekosozialerako grina piztu zion. Norbanakoen arduran baino, politikan, kudeaketa publikoan eta enpresa transnazionalen jardunean jartzen du fokua, ekologismoaren ikuspegi feminista ardatz gisa hartuz.

"Kontsumoaren hazkundean eta azpiegitura handietan oinarritzen ari da trantsizio energetikoa". (Argazkia: Hodei Torres)

Trantsizio ekologikora bideratutako proiektuak bultzatu nahi dituzte Europako funtsek. Nor egongo da proiektu horien atzean?
Erresilientziaren eta trantsizio ekologiko bidezkoaren kontrako bideari ekin dio Eusko Jaurlaritzak. Aliantza publiko-pribatua lehenetsiz, korporazio handiek jasoko dute dirua. Proiektu “estrategiko” horien hartzaile nagusien artean Petronor, Iberdrola, Repsol, Euskaltel edo CAF daude. Gainera, aurkeztutako proiektuen erdiak garapen kontzeptualeko fasean daude, haien bideragarritasuna ez dago bermatuta.

Hedabideetako goiburuetan eta politikarien adierazpenetan protagonismoa hartu du proiektu horien artean dagoen hidrogeno berdearen ekoizpenak. Zer dakigu horri buruz?
Deskarbonizaziorako bultzatzen ari den eredua azpiegitura handiena da eta hidrogenoaren estrategia logika horren barruan sartzen da. Gasaren industriari irtenbideak eskaintzeko diseinatuta dago, mundu globalizatuan ekoizpen eta kontsumo ereduan ezertxo ere ez aldatzeko egina. Hidrogenoaren erabilerarik efizienteena makineria eta garraio pisutsurako eta tenperatura altuko industriarako erregai izatea litzateke, deskarbonizazio zaileko esparruak guztiak. Edonola ere, efizientzia maila % 40-60ra heltzen da.

Beraz?
Ez da planetak behar duen kontsumo murrizketa sustatzen ari, ezta zentralizaziotik distribuziorako bidea modu masiboan egiten ari ere. Kale itsu horretarako bidea, gainera, diru publikoari esker baino ezingo da errentagarria izan enpresentzat.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea Petronor-Repsolen eskutik sortu da, ‘greenwashing’ estrategia da?
Petronorrek eta Repsolek duela urte asko dakite Muskizko plantako jarduera aldatu behar dela, petrolioak laster utziko diola errentagarri izateari. Europako industria petrokimikoak bezala, hidrogenoarekin irtenbide biribila topatu du Petronorrek: bere negozioarentzat eta bere irudiarentzat. Baina trantsizio ekologiko gisa saltzen diguten hori ez da horren berdea. Petronorrek ekoitziko duen hidrogenoa gas fosiletik eratorria izango da hainbat urtez. Areago, Bilboko Portuan zaborra erreko duen erraustegi bat eraikiko du, hortik gasa erauzteko eta hidrogenoa sortzeko prozesuan erabiltzeko.

 

Argazkia: Hodei Torres

Ursula Von der Leyen Europar Batasuneko presidenteak Itun Berde Berria aurkeztu du “hazkunderako estrategia” gisa.
Azpiegitura handietan ez ezik, kontsumoaren hazkundean oinarritzen ari da trantsizio energetikoa, eredua aldatu gabe iturrien aldaketa hutsean ardaztuz. Ordezkaezinak diren materialen erreserbekin arazoak izango ditugu aurki, bai eta trantsizio energetiko horren hondakinekin ere.

Digitalizaziorako bidea egitea ere bada Europako funtsak jasotzeko baldintzetako bat. Bateragarria da trantsizio ekologikoarekin?
Garapen digitalak ordain material handia du: materialen ustiaketa, negutegi efektuko gasen isurketa, energia erabilera intentsiboa, nazioarteko informazio sistemak, hondakinak… 4.0 industriak kritika gogorrak izan ditu azken urteotan, eta horiei entzungor egin diete administrazioek.

Energia berriztagarriak dira deskarbonizaziorako egungo apustua. Proiektu hauek “kolonizatzaileak” direla salatzen dute Latinoamerikako giza eskubideen defendatzaileek.
Lurraldeak eta gorputzak zeharkatzen dituzte enpresa transnazionalek, nagusiki, emakumeen gorputzak. Horregatik askotan kolonialismo energetikoaz hitz egiten dugu. Estraktibismoak aurrera jarraitzen du mundu osoan: Iberdrola, adibidez, makroparke eoliko bat eraikitzen ari da Mexikon. Hasteko, ez die kontsultarik egin hango herri indigenei, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. hitzarmenean ezartzen denaren kontra. Herri indigenen bizimodua bermatzen duen lurraldea eta ekonomia tradizionala, bereziki emakumeen autonomiari laguntzen  diona, arriskuan jarriko ditu proiektuak. Iberdrolaren negozioak, hortaz, ez dira ez berdeak, ez moreak.

Lurra, natura eta oro har, bizitza erdigunean jartzeko aldarrikapenean erreferenteak dira Latinoamerikako emakume indigenak. Zer dugu ikasteko?
Latinoamerikako ekofeminismoa eta lurralde-gorputz binomioa oso iradokigarriak izan daitezke guretzat, baina praktikan jartzeko modu ugari daude. Euskal Herrian, adibidez, agroekologia zaintza kolektibo gisa ulertzen duen ekofeminismoa eraikitzen ari da, edo espazio publikoa zaintzetarako espazio gisa ikusten duena, edo ekofeminismo antimilitarista.

Hazkundearen paradigma alboratzen ez den bitartean, nola aurreikusten dituzu datozen urteak?
Egun dugun megaegitura mantentzeko beharrezkoak diren energia eta materialen kontsumoa planetaren muga biofisikoak gainditzen ari da. Irtenbidea ez dago energia fosilaren ordez energia iturri berriztagarriak erabiltzean. Gure kontsumo eta hazkunde mailak apaldu behar ditugu.

Ekofeminismoa saretzen
“Arazoen ikuspegi transbertsalak bilatzea dut gustuko, ikasteko dagoen guztiaren erakusgarri. Aktibismoan sareak ehuntzen dihardut, lanik politenetakoak Ekologistak Martxan konfederazioarekin eta Trantsizio Energetiko Ekofeministarako Emakumeen Sarean egindakoak dira. Lurralde bakoitzak bere ekofeminismoa eraiki behar du, mundu ikuskera bat baita. Energiaren sektorean herritarroi erabakimena zor zaigu, birmoldaketa osoa beharrezkoa eginez”.

 


Zurea bidali