Bizi-baratzea

Ekonomia eraldatzailea

Udalgintza eraldatzailea
2020-12-27  |  Estitxu Eizagirre

Ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuek (ESE) eguneroko praktikan erakusten dute posible dela jardueren erdigunean dirua metatzea ez den baloreak jartzea. Haien arteko sareak indartuz doaz, jarduera ekonomikoen fase bakoitza geroz eta gehiago ESEko proiektuen bidez hornitzeko asmoarekin. Eta interkooperazio horretatik begirada lurraldean pausatu dute, ekonomia sozial eraldatzailea burbuilatxo bat izan beharrean ingurunea eraldatzeko erreminta baita. Gure herrietan gutxi batzuei etekina ematen dien jarduera toxikoak sustatu beharrean, komunitatearen bizitzeko beharrak asetzera bideratuko bagenu tokian tokiko ekonomia? Eta herritarrak egingo bagina gure inguruko ekonomiako erabakien jabe, jarduera ekonomikoetako prozesuetan partaide, gure lanaren burujabe? Ekonomia sozial eraldatzailea planteamendu hau udaletan eta garapen agentzietan aurkezteko proposamen zehatzak lantzen ari da. Heldu diezaiegun bizitzaren burujabetzarako lehentasunezkoak diren etxebizitza, elikadura, energia eta zaintza sektoreei. Landu ditzagun elkar-lanean komunitateek, udal erakundeek eta ESEko eragileek. Badira horretarako praktika zehatzak. Bidean loratuko da denontzat bizitzaren ederra, eta ekonomia burujabetza irabazi dezakete herritarrek, herriek, Euskal Herriak.

Azala: Joseba Larratxe "Josevisky".

Kapitalismoak gero eta lurralde eta pertsona gehiago uzten du sistematik kanpo, landa eremuak hustuz eta gero eta jende gehiago langabeziara edo muturreko prekarietatera bultzaz. Horrez gain, pandemia honetan oso agerian geratu da merkatuak ez dituela batere zaintzen bizitzari eusteko justu lehentasunezkoak diren jarduerak: elikadura eta zaintza adibidez.

Ekonomia sozial eraldatzaileak (ESE esango diogu argitalpen honetan aurrerantzean) bere eredua zabaltzeko aukera gisa ikusi nahi ditu kapitalismoak bazter utzitako eremu horiek: despopulatzera bidean diren edo langabezia handia dagoen lurraldeetan, eta bizitzaren burujabetzari eusteko lehentasunezkoak diren hainbat sektoretan, adibidez elikadura, energia, etxebizitza eta zaintzetan (gizarte zerbitzuak barne) kapitalismoak larriagotutako arazoei erantzuteko alternatiba erreala izan daiteke kapitala pilatzeaz haragoko balio batzuetan oinarritutako ekonomia eredu bat erein eta lantzea.

Ekonomia sozialeko proiektuak martxan jarri nahi dituzten herritarrei formazioa emateko eta bidelaguntza egiteko, KoopFabrika ekintzailetza programa jarri zuten martxan duela bost urte hainbat eragileren artean: ekonomia sozial eraldatzaileko Olatukoop sarea, EHUko Gezki institutua, Mondragon unibertsitateko Lanki ikertegia, eta hainbat erakunde publiko. Sorreratik izan du KoopFabrikak lurralde ikuspegia, hau da, ekonomia sozialeko proiektuak inguruko komunitateetan txertatzea eta proiektu horren eskaintza herriaren beharrekin uztartzea izan ditu bokazio. Bost urteotan 80 proiektu baino gehiagori lagundu dio KoopFabrikak ernetzen, baina antolatzaileek aitortzen dute ahulezia nagusia lurraldetzean nabari dutela. Eta hori lantzeko, udalgintzarekin elkarlanean aritzea iruditzen zaie esparrurik eraginkorrena: batetik, erakunde hauek baitira herritarrengandik gertuenekoak eta bestetik, udal erakundeak baitira tokiko beharrei erantzun behar dietenak.

Zer sortu daiteke bi eremuak uztartzen badira? Hau da, ekonomia sozial eraldatzailearen balioak eta praktikak tokiko garapen ekonomikoaren estrategia eta lanketekin lerrokatzen badira?

Ekonomia sozial eraldatzaileko KoopFabrika ekintzailetza programaren saio bat 2019-2020 ikasturtean.
Egungo panorama: udaletan txanpinoiak, garapen agentzietan inbertsio ikuspegi hutsa

Ekonomia sozialaren eta udalgintzaren artean hainbat elkarlan egin izan dira azken hamar urteotan: ekonomia sozial solidarioko REAS sareak udal politiketarako planteamendu zabal eta zehatza landua dauka eta udaletan aurkeztu eta martxan jartzen saiatzen da. Euskal Herrian zehar han eta hemen badira tokiko adibide oso onak, baina Olatukoopeko kide den Beñat Irasuegik kritikoki baloratu duenez, “ekimen puntualak dira, ez udalen estrategia landu baten ondorio. Batez ere ekonomia soziala ezagutzera emateko ekimenak dira gehien egiten direnak: jardunaldiak, formazio saioak... baina udal eta garapen agentziek herriko oraingo eta etorkizuneko ekonomia planifikatzen dutenean ez dute ekonomia soziala estrategien zentroan jartzen”. Tokian tokiko ekimen puntual horiek saretzeko eta esperientziak partekatzeko egitura ere faltan nabari du Irasuegik. Katalunian azken bost urteetan eman dituzten urratsak inspiratzaile izan daitezke bide horretan (ikus artikulu honen amaierako Kataluniari buruzko izenburutxoa).

Kanpoko inbertsioak erakartzea izan da orain artean tokiko garapen estrategia nagusia.
Horren aurrean, ekonomia sozial eraldatzaileak beste eredu bat proposatzen du: balioetan oinarrituta lurraldea aberastasun sortzaile izan dadin

Diagnostiko horrekin bat dator Enekoitz Etxezarreta, EHUko Gezki institutuko kidea: “Orain artean udalek eta garapen agentziek tokiko ekonomia sustatzeko aurrera eraman dituzten estrategietan ikuspegi neoliberala izan da nagusi: helburua kanpoko kapitalarentzat erakargarriak diren lurraldeak sortzea izan da, bai abantaila fiskalen bidez, edo inoiz erabiliko ez ziren pabilioi industrialak, garraio sareak eta antzeko azpiegitura erraldoiak eraikiz...”.

Eredu horren aurrean, KoopFabrikak tokiko arduradunei proposatzen die tokiko garapen ekonomikoa edukiz bete dezaten, ekonomia sozialaren balioetan oinarritutako garapena bultza dezaten: tokikoa, deslokalizatu ezin dena, bertako indar endogenoak aktibatzen dituena, harreman parekideetan oinarritutakoa, kudeaketa demokratikoduna, lanaren burujabetza sustatzen duena, aberastasunaren banaketa egiten duena... lurraldea inbertsio edukiontzi bat izatetik aberastasun sortzaile izatera pasatzea litzateke helburua. Eta horretarako modurik eraginkorrena, ESE sustatzea izan liteke, proiektu ekonomiko hauek eguneroko praktikara eramaten baitituzte lurralde osoarentzako onuragarri diren balioak: burujabetza, lankidetza, elkartasuna, berdintasuna, justizia ekonomikoa, demokrazia eta abar.

ESEk “bizitzaren iraunkortasuna” jartzen du ekonomia helburuen erdigunean, etekin ekonomiko hutsaren ordez. Horregatik, tokiko garapena bizitza sostengatzen duten jarduera produktibo zein erreproduktiboak indartzera bideratu behar litzatekeela aldarrikatzen dute, baina ez edozein modutan: jarduera ekonomikoen kontrola herritarrek berreskuratzea litzateke funtsa. Bizitzarako beharrezkoak diren jarduerak tokian toki modu autoeratu, kolektibo eta komunitarioan kudeatzea litzateke helburua, beharrizanak bizi dituzten komunitate eta pertsonak beharrizan horiek asetzeko ahaldunduz, egitasmoen jabe eta partaide eginez.

Gares herriko auzolana.
Udalgintza eraldatzailea, herritarrek ekonomian erabakimena berreskuratzeko

“Udalgintza eraldatzailea” terminoak uztartzen ditu, batetik, erabat instituzioekin lotzen den praktika politiko eta estrategikoa, eta bestetik, ekonomia sozial eraldatzailetik egiten diren praktikak eta balioak. Zertarako behar da udalgintza eraldatzailea? Galderari horrela erantzun dio Irasuegik: “Herritarrok eta eragile antolatuok izan dezagun zeresana eta erabakitzeko gaitasuna gure lurraldeetako estrategia sozioekonomikoak nolakoak izango diren erabakitzeko”.

Udalgintza eraldatzailea garatzeak eskatzen du gizarteko hiru erpinen arteko elkarlana: komunitatea, erakunde publikoak eta ekonomia sozialeko eragileak. Etxezarretak honela azaldu du eredu publiko-kooperatibo-komunitarioaren ideia: “Publikoak bermatzen du unibertsaltasuna, jende guztiarentzako baliagarria den eredua izan dadila, jende guztiak izan dezala irisgarritasun bera; kooperatiboak bermatzen du jarduera ekonomikoa den heinean izpiritu kooperatiboa jarraitzen duen kudeaketa eredua izatea; eta komunitarioak adierazten du txertatuta dagoen gizarte edo komunitate horri ahotsa eta partaidetza ematen dizkiola”. Burujabetzarako funtsezkoak diren hiru elementuak biltzen ditu elkarlan honek: jabetza, proiektua eta erabakietan parte-hartzea. Irasuegik azaldu duenez, “badaude moduak juridikoki ere elkartu ahal izateko udal administrazioa, erabiltzaileak, jarduera horretako langileak, gizarte eragileak...”. KoopFabrika legelarien bidez azterketa juridikoa egiten ari da, udalen eskura erreminta zehatzak jartzeko, proiektu publiko-kooperatibo-komunitarioak zein izaera juridikoren bidez egituratu daitezkeen jakin dezaten.

Bizitzarako beharrezkoak diren jarduerak tokian toki modu autoeratu, kolektibo eta komunitarioan kudeatzea da udalgintza eraldatzailearen helburua

Komunitatea bere bizitzako beharrizanak asetzeko antolatzeari garrantzia handia ematen diote. Izan ere, konfinamenduan beste behin agerian geratu da merkatuak ez dituela bizitzako beharrak asetzen. Sozialdemokraziaren arabera estatua da merkatuari aurre egiten dion eragile nagusia eta zentrala, baina Etxezarretak dudan jarri du uste hori: “Sarri ikusten dugun moduan, estatuak merkatuari aurre egin diezaioke, edo alderantziz, estatua izan daiteke merkatuaren interesetarako aliaturik onena. Beraz, nola eutsi merkatuari? Nola geldiarazi bizitzako esparru guztietan merkatuaren etengabeko hedapena? Komunitatea bera izan daiteke logika kapitalisten euste-dikea, horretarako lehenik komunitateak ahaldunduta”. Irasuegik “arnas luzeko prozesua” dela nabarmendu du: “Bizitza modu kooperatibo eta komunitarioan antolatzea gaur egun ez da ohikoena, ez da gizarteak daukan joera, eta horri denbora eman behar zaio, norabidea argi eduki eta ekin, eta ekin, eta ekin. Emaitzak ez dira berehalakoak izango, eta horrela ulertu behar dugu”. Horregatik, udalgintza eraldatzailea lantzeko legegintzaldia gainditzen duten eta erakundeen logiketatik arago joan behar luketen prozesuak eta proiektuak bultzatzea “ezinbestekoa” dela gehitu du.

Nola ekin udalgintza eraldatzaileari?

ESE proiektuak martxan jarriko dituzten herritarrak formatzeko lan egiten duen KoopFabrikak 2020-2021eko ikasturtean jauzi bat eman nahi izan du udalgintzaren eremuan, eta berariazko formazioa antolatu du udaletako eta garapen agentzietako teknikarientzat. Horrez gain, KoopFabrikako kide den Gezki institutuko Enekoitz Etxezarretak eta Jon Morandeirak Lurralde burujabeak eta udalgintza eraldatzailea lan mardula egin dute; udalgintza eraldatzailearen planteamendua azaldu dute bertan eta udalek martxan jar ditzaketen lan ildoak eta praktika zehatzak bildu dituzte bertan. Lan horretan, lau ildo proposatzen dituzte, udalgintza eraldatzaileari ekin nahi dioten tokiko eragileek martxan jar ditzaketenak.

Lehenik, udalek erosketa publiko arduratsuak egitea eta udal ekipamenduen kudeaketa kooperatibo-komunitarioa egiteko mekanismoak garatzea. “Herri erakundeek esfortzu berezia egin beharko lukete eskari publikoa ekonomia sozialeko enpresa txiki eta ertainetara bideratzeko” diote lan horretan, eta oroitarazi dute juridikoki badirela hainbat aukera: Kontratu publikoak lote gehiagotan banatzea aholkatzen duen zuzentarau europar bat bada, eta horrek aukera gehiago eskaintzen dizkie enpresa txiki eta ertainei lizitazio publikoan onuradun izateko; eta enpresa handiei aldiz, mugatu egiten die eskala ekonomiak ematen dien abantaila. Juridikoki beste erreminta bat “erreserbaturiko kontratuen mekanismoa” da, honek herri erakundeen kontratuen ehuneko bat ekonomia sozialeko erakundeei erreserbatzeko betebeharra ezartzen baitu. Beste tresna bat gizarte klausulak dira, hauek aukera ematen dute ekonomia sozialari berezkoak zaizkion printzipioekin funtzionatzen duten enpresak hobeto baloratuak izan daitezen lehiaketa publikoetan. Badira bestelako mekanismo juridikoak ere lankidetza publiko-kooperatibo-komunitarioa garatzeko: adibidez, udalak ekonomia sozialeko enpresetan bazkide izatea. Edo lankidetza hitzarmenen bidez ekipamendu publiko baten lagapena bideratzea modu kooperatiboan kudeatzeko: adibidez, lursail publiko bat jarduera agroekologikoak garatzeko bideratzea edo etxebizitza kooperatiboak eraikitzeko erreserbatzea.

Udaletan landu daitekeen bigarren ildoa, ekonomia sozialeko enplegua bultzatzea da. Horretarako hainbat aukera proposatzen ditu Gezkiko kideen lanak: adibidez, udal batek herritarren erabiltzaile sareak edo kontsumo taldeak dinamizatu ditzake, horien eskaria ekonomia sozialeko eragileetara bideratuz. Edo enpresen berreskuratze eta transformazio prozesuak ekonomia sozialeko formuletara bideratu ditzake.

Hirugarren ildoa diru-laguntza publikoena da, bai zerga ikuspegitik edo baita ere gastu publikoaren bidez ekonomia sozialeko eragileak ekonomikoki sustatuko lituzkeena.

Eta laugarren ildoa da erakunde publikoek gehien egiten dutena, baina benetako eraldaketarako “politika bigunenak” direnak: ekonomia soziala ezagutzera emateko eta ikusgarri egiteko ekimenak dira, hau da, jardunaldiak, udal mailako mahai sektorialak osatzea, aholkularitza zerbitzuak eskaintzea, sektorea artikulatzeko merkatu sozialak antolatzea, prestakuntza programak eta ikerkuntzak finantzatzea...

KoopFabrika ekintzailetza programaren hainbat saio 2019-2020 ikasturtean: begirada feminista eta agroekologiaren ikuspegia lantzen, besteak beste.
Udalek helburuaren arabera egin ditzaketen ekintza zehatzak

Udalek eraldaketa ekonomikoari ekiteko landu ditzaketen lau ildo horiez gain, Etxezarreta eta Morandeiraren lanak xehe azaldu ditu udaletan aurrera eraman daitezkeen hiru esku-hartze eredu, eredu horietarako ekintza zehatzak proposatuz. Helburuaren arabera bereizten dira hiru esku-hartze eredu hauek (ikus artikulu honen amaierako “ongarritu, erabili, eraldatu” izenburutxoa): “Ongarritu” izenarekin definitutako esku-hartzearen helburua litzateke ekonomia sozialeko esperientzia berriak sortzeko baldintza egokiak eragitea lurraldean. “Erabili” izena eman dioten esku-hartzearen helburua, lurraldearen beharrizanei dagoeneko martxan diren ekonomia sozialeko formulen bidez erantzutea litzateke. Eta “Eraldatu” esku-hartzearen bidez udala ekonomia sozialeko esperientzia berriak sortzeko eragile aktibo bihurtuko litzateke. Modu horretan, ESE indartzeaz bat udalgintza klasikoaren politika publikoa egiteko modua bera ere berrituko litzateke, eta finean, bestelako tokiko garapen eredu bat irudikatuko litzateke, ekonomia sozial eraldatzailearen balioekin gertuago legokeena.

Planteamendu are zehatzago bat ere egiten du Etxezarreta eta Morandeiraren lanak: udaletatik burutu daitezkeen hiru esku-hartze eredu hauetako bakoitza zehazki lau sektore ekonomikotan nola aplikatu azaldu dute, ekintza zehatzekin. Lau sektore ekonomiko hauek bizitzaren sostengarritasuna bermatzeko estrategikoak dira: etxebizitza, gizarte zerbitzuak (zaintza), elikadura eta energia. Hauetako sektore bakoitzean udalgintza eraldatzaileak ekonomia soziala “ongarritu”, “erabili” edo “eraldatu” nahi badu zein praktika zehatz burutu ditzakeen proposatzen du lanak.

"Benetako erronka teknikariengana iritsi eta hauek formatzea da, planteamendu hau ez dadin izan kolore politiko batek edo bestek hartu eta kendu dezakeen zerbait”
Enekoitz Etxezarreta

Etxezarretak desio du esku-hartze posibleen erreminta hau baliagarri izango dela ordezkari publiko, teknikari, eragile sozioekonomiko eta abarrentzat: “Hurrengo pausoa da hiru esku-hartze eredu horiek sinple sinple azaltzeko material dibulgatiboak egitea, eta gero material hori azaltzea”. Hainbat udalekin eta Udalbiltzarekin harremanak baditu Olatukoopek, planteamendu zehatz hauek zabaltzeko (ikus Udalbiltzaren esperientzia azaltzen duen artikulua). Baina Etxezarretaren ustez, “benetako erronka teknikariengana iristea da, hau ez dadin izan kolore politiko batek edo bestek hartu eta kendu egin dezakeen zerbait. Katalunian asko azpimarratzen dute hori. Teknikariak formatzera iristen bagara, hau da, teknikariak ezagutzen badu zer den ekonomia soziala, eta ezagutzen badu zer erreminta ezberdin izan ditzakeen udal mailan esperientzia hauek bultzatzeko, prozesu interesgarriak sor daitezke”. Baina Etxezarretak onartu duenez, proposamen honek udal teknikariengana sarbidea izateak alkatetzaren aldetik “borondate politikoa eskatzen du, udal arduradunek ekonomia sozialeko eragileei aukera eman diezaieten, teknikariei formazio hauek eman ahal izateko”. Garapen agentzietako dinamika beste bat da eta hauetako teknikariengana pixkanaka iristen ari direla dio. 

Komunitatetik eta enpresatik ere bultza daiteke
"Txikitik eta egingarritik hastea gakoa da. Gero lotuko da hori iparrarekin eta estrategiekin, baina ekintzatik abiatzea eta ekintzatik pentsatzea garrantzitsua da”
Beñat Irasuegi

Udal arduradun eta teknikariez gain, gizarteko beste eragileengandik ere sustatu daiteke tokiko ekonomiaren eraldaketa. Prozesu horietarako hiru egitura maila azaltzen ditu Etxezarreta eta Morandeiraren lanak: maila mikroa enpresena litzateke, eta enpresa kapitalistek ekonomia sozial eraldatzailerantz bidea egitea litzateke gakoa. Maila mesoa, ekosistema kooperatiboak artikulatzea litzateke, interkooperazioaren bidez jarduera ekonomikoaren fase guztiak ekonomia sozial eraldatzaileko egituren bidez hornitzea lortu arte. Eta maila makroa litzateke lurraldeko sarea jostea, herrietako bizitzako beharrak asetzeko gobernantza publiko-kooperatibo-komunitarioko ereduetarantz joz. Irasuegik azpimarratu du “txikitik eta egingarritik hastea” dela gakoa “eta ekintzatik abiatzea. Gero lotuko da hori iparrarekin eta estrategiekin, baina ekintzatik abiatzea eta ekintzatik pentsatzea garrantzitsua da”.

Ekiteko, toki bakoitzean eragile mota batek egin dezake motor lana, tokian toki eragile hauetako bakoitzak duen indarraren arabera: udal erakunde publikoak, komunitatea eta ekonomia sozialeko eragileak. Irasuegik elkarrengandik gertu dauden hiru bailaretako adibideak jarri ditu, bakoitzean eragile bana ari baita bultzaka: “’Debagoiena 2030’ prozesua martxan dago eta bailara horretan kooperatibismoak indar handia duenez, prozesu hori bultzatzeko ere indarra dauka. Goierrin, aldiz, kooperatiba handietatik aparte eragile txiki eta pertsona asko elkartu dira ‘Biziola’ proiektuan. Beste toki batzuetan udalgintza instituzionala da ekimena hartzen duena, adibidez Hernanin ‘Iturola’ espazioa sortzeko eta espazio horren bueltan sortzen ari diren harreman-sareak eta estrategiak lantzeko Beterri-Buruntza eskualdeko udalak ari dira lanketa egiten”. Baina Irasuegik ohartarazi du beste lurralde askotan ez dagoela horrelako dinamikarik, eta horietan eragitea estrategikoa dela. Horrela, Euskal Herri osoaren burujabetza ekonomikoa landuko litzateke elkartasunez eta sarean.

Xarxa de Municipis: Ekonomia sozial eraldatzailearen aldeko Kataluniako udalen sarearen aurkezpen ekitaldia.

KATALUNIA: BIDEAN HIRU ADIBIDE

Kataluniak azken 5-10 urteetan udalgintza eraldatzailean egin duen bidea jaso du EHUko Gezki institutuko kide diren Enekoitz Etxezarreta eta Jon Morandeiraren ikerketak. Horretarako, Jordi García Janék argitaratu izan dituen lanetan oinarritu dira. García Janéren arabera, bi prozesu paralelo egon dira Katalunian: batetik, tokiko garapenaz arduratzen diren eragileen barne eztabaidak; eta bestetik, ekonomia sozial solidarioko eragileen barne eztabaidak.

Ekonomia sozial solidarioko erakundeek geroz eta argiago ikusi zuten proposamen zehatzak egin behar zizkietela tokiko garapenean diharduten eragileei, eta horren emaitza da Xarxa de Economia Solidariak (XES) egindako 15 puntutako proposamena (Olatukoopek beregain hartu du bide orri modura). Baina hain eraldatzaileak ez diren kooperatibismoko beste sektore tradizional batzuek ere, adibidez Kataluniako Lan Elkartuko Kooperatiben Konfederazioak, proposamena egin zuten udalerriak kooperatibizatzeko.

Bestalde, tokiko garapenaz arduratzen diren eragileen artean, indarra hartzen joan zen Joan Subirats Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak landutako hausnarketa: ordura arte norabide argirik gabe egin izan zela tokiko garapena, helburutzat hartuta desenpleguari aurre egiteko edozein motako jarduera ekonomikoa sortzea. Desenpleguari aurre egiteko martxan jarri zituzten ekintzailetza programetan, hor egin zuten topo ekonomia sozialeko figurekin.

Beraz, bai ekonomia sozialeko eragileen eta bai tokiko garapenaz arduratzen diren eragileen barruko bi prozesu horiek aldi berean ematen ari ziren, eta garai zehatz batean gurutzatu egin ziren. Noiz? García Jané-ren arabera, inflexio puntua 2015eko udal hauteskundeetan eman zen, indar korrelazioak aldatu zirelako eta aldeko egoera bat sortu zelako: udal batzuk Comuns eta ezkerreko beste hainbat alderdiren esku geratu ziren eta hor hasi zen erakundetzea.

Ateneu-ak, udalen sarea eta plana

Erakundetzerakoan hiru giltzarri aipatzen ditu García Janék: Lan kontseilari Dolors Bassak Generalitatetik finantzatutako “Ateneu Koperatiboen sarea” programa. Ateneuak zerbitzu publikoa dira, eta eskualdez eskualde ekintzailetza eta enplegu berriak sortzeko ekonomia sozialeko eragileetan oinarritzen dira.

Beste giltzarri garrantzitsu bat da 2017an Xarxa de Municipis eratu izana: udalek sare horretan partekatzen dituzte udalerrietako praktikak eta esku hartze eredu komunak zehazten dituzte (Frantzian badago baina Euskal Herrian ez dago horrelako ezer). 32 udal hasi ziren sare horretan eta egun 41 udalerri dira. Elkarrekin garatu dituzten ekimen garrantzitsuetako batzuk hauek dira: udalerrietan ekonomia sozial solidarioko formazio espezifikoa duten teknikariak prestatu dituzte; udalerri hauetan ekonomia sozial solidarioko udal zerbitzua sortu dute, udalerriko erakunde motorra izateko; ekonomia sozial solidarioa detektatzeko, ezagutzeko eta mapeatzeko tresnak garatu dituzte; ekonomia sozial solidarioko esperientzien bankua sortu dute...

Eta hirugarren giltzarria Bartzelonako Udaleko kasua da. Bertan  Comissionat izeneko udal erakundea sortu zuten, interdepartamentala eta honek abian jarri zuen PIESS edo ekonomia sozial solidarioa sustatzeko plana: Espainiako Estatuan egon den planik anbiziotsuena da, bai ikuspegi integrala duelako, bai finantzazio aldetik eta baita ekonomia sozial solidarioaren eta udalaren arteko elkarlanean egin delako ere.

ONGARRITU, ERABILI, ERALDATU

Helburuaren arabera, udalek egin ditzaketen hiru esku-hartze eredu zehaztu ditu EHUren Gezki institutuko kide diren Enekoitz Etxezarreta eta Jon Morandeiraren Lurralde burujabeak eta udalgintza eraldatzailea lanak:

Ongarritu

Helburua: Ekonomia sozialeko esperientzia berriak sortzeko baldintza egokiak eragitea.
Neurriak: Lurralde diagnostikoak eta ikerketak; ekonomia sozialeko eragileen mapeoa; esperientzien bankua;  esperientziak gizarteratzeko jardunaldiak; merkatuak eta azokak; gizarte zerbitzuen erabiltzaileak saretu arazo partikularrak maila kolektiboan asetzeko ahaldunduz; udaletako sail ezberdinetako teknikariak prestatu; udal batzordeak eta lan mahaiak sortu; kontratazio publikoan ekonomia soziala lehenesteko marko normatibo egokiak garatu; zaintza sare komunitarioak sustatu...
Gobernantza: Udal erakundeena da lidergoa.

Erabili

Helburua: Lurraldearen beharrizanei erantzuterakoan, dagoeneko martxan diren ekonomia sozialeko formulak erabiltzea eta indartzea.
Neurriak: Ekonomia sozial eraldatzaileko eskaintza eta eskaria sustatzea. Eskaintza indartzeko: ekonomia sozialeko enpresei laguntza teknikoa eskaintzea; enpresa hauentzat hobari fiskalak garatzea; ekonomia sozialeko enpresentzat finantzazio lerroak garatzea...
Eskaria indartzeko: udal ekipamenduak lagatzea ekonomia sozialaren zerbitzura eta kontratu publikoak ekonomia sozial eraldatzaileko erakundeetara bideratzea (berariazko gizarte klausulak sortuz, eta kontratu erreserben bidez).  
Gobernantza: Udal erakundeena da lidergoa.

Eraldatu

Helburua: Udalak ekonomia sozial eraldatzaileko esperientzia berriak sortzeko eragile aktibo izatea.
Neurriak: Ekintzailetza sozial eta kooperatiboko programa publiko eta dohainekoak eskaintzea udalerrietan; zaintza langileak erregularizatzeko eta kooperatibizatzeko dinamikak aktibatzea (paper gabeen egoera erregularizatzeko kooperatibak tresna gisa erabiltzea); erabiltzaile eta langileak elkartzen dituzten kooperatibetan bazkide gisa parte hartzea...
Gobernantza: Publiko-kooperatibo-komunitarioa. Horretarako, hiru eragile hauek parte hartuko luketen egiturak jarriko lirateke martxan:
·  Alde batetik, gizarte zibilak edo sare komunitarioak hartuko luke parte, zerbitzuen erabiltzaileek, alegia, bai jardueraren diseinuan eta planifikazioan. Herritarrek zerbitzuen kontrola berreskuratzeko.
·  Bestetik, ekonomia sozialeko enpresek hartuko lukete parte zerbitzuaren planifikazio eta kudeaketan. Kudeaketan, erabiltzaileen parte-hartzea bermatzen duten egituren alde jo behar da, adibidez, kooperatiba integralen formularekin, erabiltzaileak erabakiguneetan egonik.
·  Hirugarrenik, udal erakundeen parte-hartzea legoke, funtzio guztietan: diseinu, planifikazio eta kudeaketan eta kontrolean: gizarte helburuak betetzen direla eta herritar guztiek sarbidea dutela bermatzeko.
Elkargo publiko-kooperatibo-komunitario hauek izaera juridiko ezberdinak hartu ditzakete.

Udalgintza eraldatzaileko esperientziak

Artikulu hauetan, udalgintza eraldatzaileko esperientziak ekarri ditugu:

Udalbiltzak udalgintza eraldatzailearen bidean abiatutako Hauspotu programa

Elikadurako Urduñako esperientzia

Energiako Garesko proiektua

Zaintzako Maitelan kooperatiba

Erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiben eredua


Zurea bidali