Bizi-baratzea

Baratze bat
2020-11-22  |  Aritz Galarraga

Hiri handitik ezin ateratzeak ernatu du nigan berde behar bitxi bat, orain artean sekula ezagutu gabea. Ados, beti izan zait atsegingarri berdetasuna begiestea mendian, basoan, golf zelaian, baina oraingo hau da, seguru obligazioak behartua, ia-ia bitala, arnasten dugun airea bezain, eta kutsadura maila gorabehera –etxealdia hasi zenetik behera egin omen du–. Noski, hor zehar ezin, eta, otu zait, balkoian berean abiatzea nire berde zatia, nire jardina, jardintxoa, xumea, txikia, ikusezina ia; nahikoa, ordea, nahi bestetan bisitatzeko, nahi bestetan biziarazteko. Eta Jakoba Errekondori inolako konpetentziarik egin asmo gabe, bistan da.

Azken batean, zer da ba jardin, lilitegi, lore baratze bat, ezpada paradisuaren berregitea, paradisuaren bilaketa lurrean, gizajendearen garapen izpirituala ahalbidetzen duen lekua, denboraren joanaren korrosiotik babesten gaituena. Baratzetik kanpo dago mina, heriotza, gerra, gosea; baratzearen baitan plazera, bizitza, bakea, asetasuna eta batez ere armonia. Greziarrek ez zuten asko maite izan, galdetu Homerori bestela: mugikortasuna hobetsi zuten atsedenaren aldean, uste zuten zela pentsatzera dedikatzen zenarentzat denbora galtzea. Epikuro iritsi zen arte: “Komeni da gizajendeak bere burua kultibatzea, bilaka dadin baratze bat norberarena, ikas dezan eguneroko plazerez gozatzen, bizitza sinpleaz eta konplikaziorik gabekoaz, bestelako saririk espero gabe”. Altxa dezala eskua ni bezala une honetan berean epikuroar aldarrikatzen denak!

Walter Benjaminek esan zuen, ondo ulertu badiot, behintzat, hiria dela mundua, ez natura, bere bizitza eta bere haurtzaroa baino denbora askoz aitzinekoago batean dagoeneko galdua. Baina gure beharra hortxe dago, gure berde beharra, baratzea, kanpoko eta barruko baratzea lantzearena, besterik ez bada baratze hiritar batena.


Zurea bidali