Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua

AEB-etan ia ez dago baserritar beltzik, baina ez da beltzek soroak maite ez dituztelako
2020-09-20  |  Pello Zubiria Kamino

AEBetako hiri baratzeei buruzko erreportajeetan jende beltzik ikusi baduzu seguru izan dela bazterketa sozialari aurre egiteko edo ezintasunen bat duten pertsonak bergizarteratzeko programaren baten baitan. Baina beltz bat abeltzain edo gari soro baten jabe? Aldiz, historian ez daude hain urrun esklabo izandako iparramerikarren erdiak baserrietan bizi ziren garaiak. Nekez eskuratu zituzten lurrak eta errukirik gabe ebatsi zizkieten berriro.
 

Shores familia Nebraskan 1887an, zotalez eraikitako etxe eta ukuiluen atarian. Esklabo izanak, lursail baten jabe egin eta etxaldea antolatzea lortu zuten familia beltz ugarietako bat. (Argazkia: Solomon D. Butcher)

Ez gara baratzean ari modan dagoelako: ortua lantzen dugu erresistentzia, sendabide eta burujabetza zaigulako”. Titulu horrekin azaldu du bere ikerketaren emaitza Ashley Gripper unibertsitarioak, eta ortu urbanoez behin baino gehiagotan okupatu den ARGIAko kazetariari zimikoa egin dio hasieratik: “Asko aipatzen da gaur hiri baratzegintza bai komunitatea sendotu eta bai elikadura ezari aurre egiteko modu berritzailetzat. Baina narratiba hau jende zuri liberal eta akademikoek berenganatzeko arriskua dago. Hiri baratzegintza sarritan aurkezten baita zerbait berria, modakoa eta erro historiko edo soziopolitikorik gabea bailitzan (…) oharkabean ezabatuz hamarkada luzez jende beltzen komunitateek ortuen bidez burutu duten erresistentzia eta aktibismoa”.

AEBetako beltzek esklabotzatik eta plantazio handietatik irtenda hirietara masan joan zirenetik antolatu zituzten bizirauteko eta elikagaiz hornitzeko kooperatibak, zurien komertzioetan ukatzen zizkieten produktuak eskuratzeko eta arrazisten erasoei ihes egiteko. Esklabook, funtsean, Afrikan bahitu eta bortxaz Ameriketara eramandako baserritarrak baitziren.

Missouriko baserritar beltza, geratzen diren urrietakoa. (Argazkia: Robin Nelson Zuma)

Ameriketan beltz izatearen hainbat ezaugarri azaldu dituen Sylvia Wynter idazle jamaikarrak kontatua du nola esklabotza garaian ere ugazabak bere menpeko afro-amerikarrei baimentzen zien bizirauteko adinako lur sail bat, the plot edo yam ground deitua, lur-muturra edo batata saila. Alor horiek bilakatu ziren auzolanean landutako eremu, zeinetan esklaboek hein batean beren antolaketa sozial propioari eusten zioten, Afrikako folkloreari jarraipena emanez eta sorterriko jakiak zituzten manioka edo batatak ekoiztuz. Esklaboek beren buruak artatu behar zituzten baratzeotako sendabelarrekin, eta hauek oso lotuta daude sortzetik hasita heriotza arteko erritoekin. Esklabotza amaitzearekin bukatu zitzaien beltzei ortu txiki horiek erabili ahal izateko baimena ere.

AEBetako azken nekazari beltzen historia kontatzean beti aipatzen dute Forty acres and a mule promesa urratua. Esklabotzaren amaiera herrialde horretan jokatu zen 1861tik 1865era arteko gerra zibilean (Abraham Lincolnek esklabotza 1862an ezabatua zuen legez) eta honen amaiera aldean William T. Sherman jeneral garaileak dekretuz agindu eta Kongresuak onartu zuen gerran sudisten kontra borrokatu ziren esklaboei errentan emango zitzaizkiela 40 akre (16 hektarea) lur ihesi joandako konfederatuei desjabetuak, gehi lurrok lantzeko mando bana.  

Neurri horrekin itxaropen bat piztu nahi zieten esklabotzatik ihes egin nahian zebiltzan jendeei, zeren eta hego aldeko plantazioetatik eskapo egindako anitzek ez baitzuten aurkitzen ez nora jo eta ezta zer janik ere, sarritan berriro lehengo latifundioetara itzultzea beste aukerarik gabe. Beste hainbat esklabori ihes egiten lagundutako Harriet Tubman famatuak azaldu zuenez: “[Ugazabaren lurretatik urrundutakoan] aske nintzen, baina askatasunaren lurraldean ez neukan inor ongi etorria emateko zain, arrotza nintzen lur arrotz batean”.

Detroiteko Oakland Avenue Urban Farm hiri baratzeko kideak. (Argazkia: Kimberly P. Mitchell )

Lur lapurreta handia

Sherman jeneralaren aginduaren ondorioz, lehenbiziko sei hilabetetan 40.000 familia beltz hasi ziren lantzen AEBetako ekialdean gobernuak izendatutako 100.000 hektarea soro. Laster gertatu zen, ordea, Abraham Lincoln presidentearen hilketa eta Andrew Johnson presidente berriak Shermani eskatu zion desjabetutako lurrak beren jabe konfederatuei itzultzea, hegoaldeko estatuekin berradiskiditzeko aitzakian. Forty Acres and a Mule horrela bihurtu zen legenda, AEBeko agintariek herritar afro-amerikarrei egindako promesa urratuen adibide nabarmen.

Gerra osteko urteetan milaka baserritar berri instalatu ziren AEBetako lurretan. Egia osorik esateko, lehengo biztanle eta jabeei, indigena masakratuei ebatsitakoetan... Lincolnek gerra garaian sortutako Nekazaritza departamenduak banatzen zituen lurrak eta ahalbideak, herrialde osoan hedatutako 2.500 ordezkaritzetatik. Baina proportzioan beltz gutxiri eman zitzaion baserria bat eraikitzeko aukera.

Arrazismo orokortuaren baitan Nekazaritzako funtzionarioek hautagai zuriak lehenesten zituzten eta hauek oro har beltzek baino ikasketa handiagoak eta diru edo harreman sozial gehiago zituzten. 1997an Nekazaritza departamenduak berak egindako azterketa historiko batean ondorioztatu zuen XIX. mende amaieran nekazari izan nahi zuen beltz baten dossierrak administrazioan hiru aldiz denbora gehiago behar zuela aurrera ateratzeko zuri baten eskariak baino.

Alabaina, hainbat esklabo-ohik lortu zuen lur bat eskuratu eta etxaldea antolatzea. Horretara iristeko ahalegin gogorrak bazuen saria: norberari esklabotza atzean utzi eta bere buruaren jabe izatearen harrotasunaz gain, lurjabe izateak ematen zion zergak pagatu, herritar estatusa lortu eta botoa emateko eskubidea.

Berrikitan Julian Agyeman eta Kofi Boonek argitaratu duten "Lur galera, Amerika beltzak esklaboen askapenetik nozitu duen eritasuna" artikuluan azaldu dute 1910ean beltzak zirela AEBetako nekazari guztien %14, beraiek izanik 6 edo 8 milioi hektarea lurren jabe. Garai hartan beltzen erdia bizi omen zen baserrietan; konparazioan, zurien laurdena zen baserritar edo nekazaritzako langile. Mende bat beranduago, 2012an beltzak AEBetako baserritarren %1,6 baino ez ziren eta denetara 1,5 milioi hektarearearen jabe. Jadanik beltzak ez dira ezta nekazarien arteko gutxiengo nagusia ere, indioek berek baino lur gutxiago daukate.

XX. mendean jende beltzek galdu dituzten milioika hektarea horien erdia 1950 eta 1960ko hamarkadetan galdu zuten, eskubide zibilen aldeko borrokak berotu ziren garaian. Beren lurren jabe ziren beltzen %98ri eragin zien galera honek grafikoki azaltzen du AEBetan zein larria izan den esklabotza amaituta ehun urtera ere nozitu dituzten arrazismoa eta bazterketa. Arrazismo instituzionalizatu horrek nola funtzionatu duen erakutsi du Vann Newkirk kazetariak The Atlantic aldizkarian, titulu honen pean: “Lur lapurreta handia. Milioi bat familia beltz beren baserrietatik kanporatzearen kontakizun lotsagarria”.

2020an sartuta, AEBak beren historiako krisi handiena nozitzen ari direnean,  jende beltzen hainbat erakundek sustatzen ditu gelditzen diren laborari profesional bakanak eta hirietan familiaka bezala auzolaneangero eta ugariago lantzen diren baratzeak. Komunitate bizitza sendotu eta elikadura burujabetza indartzeaz gain, ordea, beltzentzako baratzea  bada lurraren aldarrikapena eta jasandako zapalketaren salaketa ere, erresistentzia hitz batez.