Bizi-baratzea

'Bis Sextum', egutegia doitzeko
2020-03-01  |  Nagore Irazustabarrena Uranga

Erroma, K.a. 46. Julio Zesarren aginduz, egutegi berria jarri zuten indarrean Erromatar Errepublikan. Berez, juliotar egutegia hurrengo urtean ezarriko zuten eta 46a trantsizio urtea izan zen, aurrez pilatutako desfase guztiak berdintzeko erabili zutena. Hala, urteak 445 egun izan zituen eta “juliotar urtea” edo “urte nahasia” esaten zaio.

Antzina, erromatar egutegiak 10 hilabete zituen, 304 egun. Horrela urte astronomikoarekin bat egiterik ez zegoenez, Plutarkoren arabera, Numa erregea izan zen urte amaieran beste bi hilabete erantsi zituena: urtarrila eta otsaila (orduan urtea martxoan hasten zen, Marte jainkoari eskainitako hilabetean). Urte naturaletik hurbilago baina oraindik urrun, Mercedonius izeneko hilabete komodina asmatu zuten desfaseak saihesteko. Kontua da baliabide hura, arrazoi astronomikoengatik baino gehiago, interes politiko eta ekonomikoetarako erabili zutela gehienbat; agintari bat karguan luzatzeko eta lehenago botatzeko, zergak lehenago kobratzeko… erabaki ohi zuten mercedoniusa sartzea ala ez. Komodinak ez zuen egutegia egokitu, gehiago desitxuratu baizik.

Anabasa hura zuzentzeko, Julio Zesarrek egiptoar astronomo, matematikari eta filosofo Sosigenes Alexandriakoaren egutegia erabili zuen. 365 eguneko urtea ezartzen zuen, ñabardura batekin: bazekiten urteak 365 egun eta ia 6 ordu irauten duela eta, horregatik, lau urtez behin egun bat gehituko zitzaion egutegi berriari. Zehazki, otsailaren 24a errepikatzea erabaki, hau da, martxoko kalenden aurreko seigarren eguna: ante diem sextum kalendas martias. Eguna errepikatzen zenez Bis Sextum esan zioten eta hortik dator “bisustu” hitza.

Neurri horri esker, juliotar egutegia luzaroan izan zen erabilgarria Europa osoan. Baina ez betiko. Urteak 365 egun, 5 ordu, 48 minutu eta 45,16 segundo ditu. Eta sei ordutara iristeko falta diren minutu gutxi horiek urtez urte pilatuz joan ziren. 1582rako egutegiak 10 egunetako aurrerapena pilatua zuen gutxi gorabehera. Horregatik, urte hartan, egun soberakin horiek jan eta, Gregorio XIII.a aita santuaren aginduz, gregoriar egutegia ezarri zen. Eta oraindik indarrean dagoen bisurteen araua jaso zuen: urte bat bisurtea da 4rekin zatigarria bada, salbu eta 100ekin zatigarria bada. Hala ere, 400ekin zatigarria denean, urte hori ere bisurtea da. Horrek esan nahi du mende bukaerako urteak –00 bukaera dutenak– ez direla bisurteak, salbu eta 400ekin zatigarriak badira.

Oraindik urteko 26,9 segunduko alde txiki bat dago, baina 3.000 urte inguru beharko dira egun bateko desfasea pilatzeko.


Zurea bidali