Bizi-baratzea

15 urte indarrean, eta ahul
2020-02-16  |  Nagore Irazustabarrena Uranga

Kioto, 2005eko otsailaren 16a. Duela 15 urte, Japoniako hiriaren izena daraman ingurumen protokoloa jarri zen indarrean.

Kiotoko protokoloak klima-aldaketa geldiaraztea eta, horretarako, berotegi-efektua eragiten duten gasen igorpena kontrolatzea du helburu, eta ezarpenaren lehen fasearen (2005-2012) helburua igorpenak % 5,2 murriztea zen. Baina protokoloa onartu zuten herrialde guztiek ez zuten helburu berdina. Alemaniak, esaterako, %21 murriztu behar zituen igorpenak eta beste herrialde batzuei ez zitzaien eskatu emisioak jaistea, igoera mugatzea baizik; Espainiako Estatuak, adibidez, igorpenak %15 igo behar zuten soilik.
Berez, protokoloa urte batzuk lehenago onartu zen, 1997ko abenduaren 11n, hamar egunetako negoziazioen ondoren; batzordekide batek “akordioa negoziazioari esker baino aldeen akidurari esker” lortu zela aitortuko zuen gerora. Batzordeko presidente Raul Estrada Oyuelak protokoloa “aho batez” onartu zela jakinarazi zuenean,  Kiotoko kongresu jauregian bildutakoek pozez ospatu zuten. Negoziatzaileen esanetan une horretan lor zitekeen konpromisorik zabalena eta osoena izan arren, ez zen nahikoa. Pozak ez zuen iraun.

Protokoloaren bidea nekeza izan da. Duela 15 urte indarrean jarri zenean AEBek ez zuten berretsi eta ordura arte huraxe zen igorpen gehien egiten zuen herrialdea –2005az geroztik Txina da–. Espainiako Estatua, 2005ean bertan, oso urrun geratu zen %15eko igoeratik (%52) eta hurrengo urteetan emaitzek ez zuten hobera egin: 2006an %49 igo zituen emisioak eta 2007an, berriro, %52.

Bigarren fasea (2013-2020) are ahulago hasi zen, gas igorle nagusietako batzuk, hala nola AEBek, Kanadak eta Errusiak protokoloaren luzapena ez onartzea erabaki baitzuten. Lehen fasean planetako gas igorpenen %65 arautzen zuen akordioak; bigarren fasean %15 besterik ez.

Bigarren fase hori 2020ko abenduaren 31n amaituko da, baina adituek urte amaierara iritsi beharrik ez dute balantzea egiteko eta protokoloak porrot egin duela ondorioztatzeko. Batetik, helburuak ez direlako bete eta, bestetik, askok hasieratik garbi zutenez eta ikerlanek geroz eta nabarmenago esaten dutenez, akordioaren helburuak bete izan balira ere, klima aldaketa geldiaraztea ez zelako lortuko. Kiotoko protokoloa ia hilda jaio zelako.


Zurea bidali