Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Elikadura burujabetza eta feminismoa, bata bestearentzat ezinbesteko
2020-01-12  |  Garazi Zabaleta

Elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren aldeko mugimenduek orokorki maskulinizatuta jarraitzen duten modu berean, mugimendu feminista ere landa eremuko aldarrikapen eta bizipenetatik nahi baino urrunago egon da sarri. Bi mundu horiek elkarrengana hurbiltzeko asmoz antolatu zituzten abenduan Lurra Sentituz jardunaldiak Iruñean eta Elizondon. Mugarik Gabe Nafarroa, Mundubat eta IPES aritu dira jardunaldi horien bigarren edizioaren antolakuntzan, Arrea agroekologia elkartearekin eta Observatorio para una Cultura del Territorio taldearekin elkarlanean.

Puntu komunen bila

“Elikadura burujabetzaren gaia genero ikuspegitik lantzeko 2016tik martxan dugun prozesu zabalago baten parte izan da foro hau”, azaldu digu Mundubateko teknikari den Maria Pulido Hernandok. Azken urte hauetan hainbat ekimen egin dituzte taldeok elkarlanean, Elikadura Burujabetzaren Nafarroako Parlamentu Irekiak esaterako.

 

 

Landa eremuko eta hirietako talde feministak elikadura burujabetzaren bueltan hitz egiteko elkartzea eta elikadura burujabetzaren eta feminismoaren artean borroka komunak martxan jartzea zuten helburu jardunaldiek. Abenduaren 14an Iruñeko Plazara! gunean tailer eta hitzaldien bidez sakontzeko eta eztabaidatzeko aukera izan zuten hurbildutakoek. Biharamunean, Elizondora mugitu zen foroa: hango proiektu agroekologikoak ezagutzeaz gain, Erdiz Bizirik eta Aroztegia eta gero zer? plataformek lurraldearen defentsan egiten duten lana ezagutu eta horiei babesa azaltzeko aprobetxatu zuten ekimena.

Ehundik gora emakume

Iruñeko foroan Euskal Herriko nahiz Espainiako Estatuko hainbat tokitako 100 emakume baino gehiago bildu ziren. Gehienak, gainera, taldetan antolatuak daudela azpimarratu du Pulidok, bai feminismoaren barruan eta baita elikadura burujabetzarenean. Foroan landutako gai eta eztabaida guztiak sistematizatuko dituzte hurrengo hilabeteetan, eta Iruñean zehaztu zituzten ekintza konkretuak aurrera ateratzea eta manifestu bateratua lantzen jarraitzea izanen da orain erronka. “Foroa elikadura burujabetza feministarako bidean ekarpen bat gehiago izan da”, dio Mundubateko kideak. Urte berriari gogoz eta indarrez ekiteko ekarpena, dudarik gabe.