Bizi-baratzea

Ahuakateondoak ar ala eme izan nahikunde
2020-01-12  |  Jakoba Errekondo

Klima aldaketak gure paisaia ere aldatu, berritu eta egokituko du. Guk sortzen dugunez gure paisaia, hortxe paisaia kulturalaren gakoa, gure lana eta ekina egokitu beharko ditugu. Horrek esan nahi du etorkizunean zer klima aurrikusten dugunaren araberako diseinuak egin beharko ditugula basogintzan, lorazantzan, fruitugintzan, barazki baratzeetan eta abar. Gure herrian inor mantentzen al dugu lan horretara eman dadin? Betiko lekuan gaude; tokitan!

Jendea ari da batean eta bestean saioak egiten. Itxura guztien arabera gure lurraldea berotu egingo omen da; nik ez dut hain garbi... Baina bai, saioetan jartzen ari den landare jendea orain arte gure lurraldea baino toki beroagoetan bizi izan dena da. Eskola polita sortzen ari da egunerokoan landare horiei gertatzen zaienetik ikasiz.

Gero eta ugariago ikusten ari den landareetako bat ahuakateondoa da, Persea americana. Ameriketatik ekarria da, Mexikon du jatorria. Klima tropikala atsegin du, eta mediterraneo ingurura ederki egokitu da. Ereinotzaren (Laurus nobilis) familiakoa da. Antza ere badute: hostaje iraunkorra, leuna eta distiratsua eta klima epel hezeekiko zaletasuna.

Ahuakateondoaren eskolan galdera bat sarri errepikatzen da: ahuakateondoak arrak eta emeak al dira? Eta erantzuna ezezkoa da. Ahuakateondo guztiak ar eta eme dira, batera, hermafroditak, alegia. Ahuakateondo batzuei arra esaten zaie, fruiturik ematen ez dutelako, edo emanda ere urri. Hau da, uztarik ematen ez duenari edo “alferkeriari” arra esaten zaio. Hau landare askorekin gertatzen da.

Ahuakateondoa hermafrodita da, bi sexuak ditu, baina badaki arra edo emea bezala agertzen. Landare dikogamoa da, hau da, loreetan dituen alderdi emeak irekiko ditu lehenbizi, eta ondoren arrak. Batzuetan emea da eta hurrengoan arra. Sexuen irekieraren arteko tarte hori medio, landareak ez du bere burua ernalduko, eta horrela beste ahuakateondoen polena jasoz, eta berea besteei emanez geneen trukea sustatzen du. Truke horrek aberastasuna eta aniztasuna ekarriko ditu. Aniztasun horretan toki eta klima berrietara egokitzeko erraztasuna izango duten barietate berriak agertuko dira.

Loreetan dituen alderdi emeak irekiko ditu lehenbizi, eta ondoren arrak. Horrela, landareak ez du bere burua ernalduko.

Lorea ordu gutxi dago irekita, lehen irekieran eme eta bigarrenean ar. Ahuakateondoak bi multzotan banatzen dira. Batzuek lorea eme dela goizean irekitzen dute eta ar denean arratsaldean. Beste batzuek emea arratsaldean irekitzen dute eta hurrengo goizean arra. Polinizazioa eta ernalketa erraztu eta fruitu uzta ugaritzeko bi multzotakoak elkarrekin jartzea gomendatzen da. Elkar ernalduko dute.