Bizi-baratzea

Fruituak  >  Fruitu arbolak

Ipar Euskal Herriko sagardogintza berpiztu duen elkartea
2019-12-22  |  Jenofa Berhokoirigoin

Ipar Euskal Herrian sagardogintza berriz abiarazi duen Sagartzea elkarteak 30 urte beteko ditu 2020an. Xinaurri lana eginez, bertako ehunez gora sagar mota identifikatu ditu, geroa segurtatzeko gisan eremu pribatu zein publikoetan berriz landatuz. Hauetarik zazpi lehenetsirik, Eztigar deitu kooperatiba sortu eta sagardoa ekoizten ari dira hogeita hamar bat ekoizle.

Biziki xumeki abiatu ginen” oroitzen du Pantxika Maitia Sagartzea elkartearen sortzaileetako batek. Xumeki abiatu eta molde berean aitzinatu, 1990 urteaz geroztik lan alimalea eginez. Ipar Euskal Herriko sagardogintza berpiztu duen Sagartzea elkarteak hogeita hamar urte beteko ditu 2020an.

“Ez zen gehiago sagarrondorik, anitz mota ziren desagerturik”, oroitzen du Maitiak, 90eko hamarkadari begira jarrita. Alta, ordura arte sagarrondoz josiak ziren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurrak. Aniztasun handia zen: urte guztian zehar sagarrak jateko eta sagardoa edateko heinekoa eta gustu guztiak asebetetzeko modukoa. Baina Bigarren Mundu Gerlaren biharamunean laborantzaren modernizazioa abiatu eta sagarrondoak errotik kendu zituzten, makinentzako leku gehiago bideratzeko. Zuhaitz batzuek zutik segitu bazuten ere, hauen txertatzearen jakintza galdu zen. Belaunaldiz belaunaldi, mendez mende pasatako jakitatearen katea eten zen: “Makinak erabiltzen ikasi zuten eta txertatzearen jakintza galdu”, laburbiltzen du Gabriel Durruti elkarteko kideak.

Jakina, mendialdeko laborantzaren modernizazioak ez zuen diru sarreraren emendioarekin errimatu eta orokorki, egoera ekonomiko larrian ziren etxaldeak. Testuinguru horretan kokatu behar da Sagartzearen sortzea. Ipar Euskal Herriko garapen ekonomikoa sustatzeko xedez diharduen Hemen elkarteak antolatu bilkura batean agertu zen sagarrondoak landatzeko ideia. Zehazkiago errateko, 1989an Izpuran antolatu bilkura publiko batean, Euskal Herrian bizi eta lan egin ahal izateko aukerei buruz hausnartzen ari zirela. “Etxalde tikientzako diru sartze berriak zein izan zitezkeen gogoetatzen ari ginela, batek ‘sagarrak, sagartzeak!’ iharduki zuen”.

Ideia hori laster heldu zen frutagintzaz pasionaturiko Durruti hazpandarraren belarrietara. Helburu handiak, motibazioa eta pertsona militante eta pasionatuak. Gauza handiak egin daitezke hiru osagai horiek ukanez gero. Demagun, 30 bat laborari ala lur jabe egitasmoari lotu eta 1994tik 1996ra 16.000 sagarrondo landatzea Ipar Euskal Herri barnealdean. Sagarrondoak bilatzen pasa zituzten lehen lau urteak, egitasmoarentzat zazpi mota aukeratuz: Anisa edo Apez Sagarra, Eri Sagarra, Gordin Xuria, Mamula, Peatxa, Ondomotxa eta Eztika.

KOLEKTIBOKI, HASTAPENETIK

Izaera kolektiboari atxikiak izan dira hastapenetik. Gogoeta zein ekintza, guztia taldean. 1996eko azaroan sortzen zuten Eztigar kooperatiba, sagardoa eta zukuaren ekoizpenaz eta merkaturatzearen parte batez arduratzeko (ekoizleek zuzenki saltzen dute ekoizpenaren zati bat). Laborantza iraunkorraren alde dabiltzan egituren artean osatutako Arrapitz federazioaren parte ere dira. “Besteek dakitenetik ikasi eta gureaz besteek ikastea nahi dugu, beti kolektiboki”.

Hego Euskal Herriko sagar ekoizleekin ere “elkarlaguntzen” dutela dio Maitiak. Anitz dira ikerketa, Txox garaiaren irekidura zein gogoeta bileretarako eskuraturiko gomitak. “Anitzez gehiago egiten ahal genuke, interes handia dagoelako bi aldeetatik”. Adibidez, Gipuzkoako sagarrondo batzuk erosi dituzte, Ipar Euskal Herriko lurretan egokitzen diren aztertzeko.

SAGARREN IDENTIFIKATZE LANA

Eztigar kooperatiba arlo profesionalari dagokionez gero, Sagartzea sagarrondoen atzemate, identifikatze eta sailkatzeaz arduratzen da. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan barna “sekulako altxorra” badela dio Maitiak. Oraingoz, 130 bat sagar mota dituzte identifikaturik. Hazparneko laborantza eskolan, Lekorneko Garroan, Mauleko Agerria eremuan eta Irabarnen kausitu daitezke haien sagar kontserbatorioak. Hastapenean baino ez daudela badakite, mota anitzez gehiago direla dakitelako. Zergatik? Ipar Euskal Herriko eremu gehiena ikertzekoa dutelako oraindik. “Memoria lan hori egin nahi dugu”. Gainera, partikular  baten etxean ala Eztigar-ekoen sagartzeetan, urtero milako bat zuhaitz landatzen dituzte. Formakuntza egunak antolatzen ari dira ere, tartean, ezinbestekoa duten txertatze jakitatea pasarazteko.

BELAUNALDI BERRIARI SO

Elkarte munduak bizi dituen zailtasunak bizi ditu Sagartzeak. Inplikazioa, batetik. Kideak ukanik ere, eguneroko lana ahurtara baten esku gelditzen zaielako. Adinean gora joanki, belaunaldi berriari begira jarriak dira. Jende gaztea elkartean sartzea nahi lukete. Badakite oraingoz segida hori ez dela segurtatua: “Guk sortu genuen elkartea, beraz plazer bat zaigu bertan egotea. Besteek sortutako zerbaitetan inplikatzea zailago da haatik”, dio Maitiak. Edonola ez, lekukoa uzteko prest izanda ere, haiek dituzten balioekin segitzea nahi lukete.

Sagartzeei ere so dira. 30 urte iraganik, sagarrondoak landatu zituztenak erretretan dira edo horretatik hurbil. Etxaldeen segidaren erronka potoloa hor dute: “Kooperatibaren eskaintza segurtatu behar dugu, 300 tona sagar behar ditugu”. Horretaz guztiaz gogoetatzeko eta aterabideak kausitzeko gogoeta fase bat abiatuko dute laster.

Egina egin, geroari so dira, hamaika ideia buruan. Xumeki bada ere, ondokoa aitortu digu Maitiak: “30 urtez ez dugu sekula erran… baina erranen dut: egindakoaz harro izaten ahal gara”.

 

Gabriel Durruti, Sagartzea elkartearen sortzaileetarikoa

"Hemengo sagarrak dira hemengo lurrari eta aroari egokituak direnak"

 

Nekez irudikatu daiteke Sagartzearen lana Gabriel Durruti elkartekideak egindakoa gabe. Biziki ontsa gogoratzen du 1989ko Izpurako bilkura hura, zeinetan kausitu zituen sagardogintzaz erakarritako gazte zenbait, garaian ezagutzen ez zituenak. Jakintza eta esperientzia guti baina nahikari handia zutela ohartu zen berehala. Sagar moten bilaketa eta txertatze lana bere gain hartu zuen orduan. Ordutik horretan dabil, ahal bezain luzaz segitzeko gogoarekin. Sagardogintza zinezko pasioa duelako.

Nola lotu zinen sagarrondo bilaketari?

Hiru motekin abiatua zen Sagartzea: Eztika, Peatxa eta Anisa. Hazpandar gisa erran nien Hazparnen sagardoa egiteko erregea Mamula zela. Mamula sartu behar genuen eta beste andana bat ere ahalaz, ezen eritasuna edo gaizki jite bat gertatzen bada aniztasuna behar duzulako aitzina egiteko. Mamula ez genuen, ez zen gehiago. Orduan hasi nintzen Euskal Herriko landa mutur eta auzo galduetan gaindi sagarrondoen xerkatzen.  

Sailkatze lana ere bada.

Horren egiteko jakitatea behar duzu, sailkatzeko arauak eta sagarrak ezagutu behar dituzu. Kristoren oroimena eta zure buruari kritika egiteko gaitasuna ere behar duzu, tronpatuz eta berriz hasiz aitzinatzen delako. Adibidez, mota bera izanik ere bi landarek itxuraz bi sagar ezberdin egiten ahal dituzte, iparraldera buruz dena berde berdea eta iguzkira buruz dena hori horia. Horretaz ohartu arte izugarriko lana da. Ikerketa analitikoak ere egiten dira. Euskal Herriko sagarretan gaziak edo azidoak %80 eta %20 gozoak ditugu. Azidotasun hori maite dugu euskaldunok, bai sagarretan bai sagarnoan.

Zenbat mota dituzu atzemanik?

Hemengo gisa kontsideraturiko 70 bat mota atzeman ditut Ipar Euskal Herriko barnealdean (Garazi, Hazparne, Larzabale, Heleta eta Bidarrai inguruko bazterrak). Hautuz mugatu naiz leku hauetara.

Zergatik?

Burdinbidea heltzen zen lekutara ez naiz izan, pentsatuz merkatua kanpotik jiten zela. Ez dut erraten ez direla mota zaharrak, erran nahi dut seguru aski ez direla bertakoak. Bidarrain ez zen merkaturik, ez zen trenbiderik, hots, ez zen nehor heldu eta sagarrondoak lekukoak ziren. Merkatuak ere egiten du mota, jendeek maite duten sagarnoaren araberako sagarrak ekoizten dira. Ez naiz kostaldeko sagarren bila joan, ez direlako barnealdeko sagarnoa egiteko mota berak. Aroak ere egiten du mota.

Tokian tokikoaren garrantzia.

Mendebaldeko haizeaz babestuak diren eremuei mugatu naiz. Kasu, Donapaleuko zelaietara ere ez naiz joan, ez dutelako mendi aldeko sagarrondoen aro bera. Kostako sagarrak aro berezi batean dira, hango bat hartu eta Hazparnera ekartzen baduzu ez da errana ontsa joanen denik. Printzipioa argi dugu: hemengo sagarrak dira hemengo lurrari eta aroari egokituak direnak. Dirua egin behar bada hauetatik pasa behar da. Ez du balio gehiago ematen duena baina tratatu behar dena hartzea, murru baten kontra abian gara horrela.

Zuberora zabaldu duzu eremua.

Laguntza eske jin zaizkigu. Lana eginen nuela erantzun nien baina bi baldintzetan: haiek ekarri motak txertatuko nituela eta Maulen landatuko genituela. Ez da ez dugula trukaketarik nahi, baina Zuberoan ongi diren sagarrak zuberotarrak dira. Horkoa bukatu eta menturaz, Urruña, Sara eta Donibane Lohizunera buruz abiatuko naiz.

Sagarraren DNAri begira ere jarriak zarete.

Ikerketa Agroekonomikorako Institutu Nazionalarekin (INRA) ari gara. DNAri begira jarri eta Frantziako beste 6.000 motei konparatuak dira. Hastapen batean 50 mota igorri dizkiegu. Agertu da hogeita bost bat arras hemengoak ditugula, orain arte nehork ezagutzen ez zituenak. Badira beste hamar bat, garaian INRAk ala kontserbatorioek bildutakoak eta euskarazko izenak kiskun-kaskun jarritakoak. Adibidez, Min Xuria deitzen duguna Tchuy izendatua. Badira hemengo mota batzuk Frantzian gaindi ere direnak. Michelotte eta gure Ezti Hotsa azkenean bera dela agertzen da. Beraz zein da nora joan? Bizi oso bat behar genuke horri erantzuteko. Zuberoako 50 bat mota ere igorri ditugu. Hor agertuko da trenbidearekin kanpokoak sartu ziren ala ez.

Bildumetan elkarturik dituzue.

Lehena 1990ean osatu genuen, Hazparneko laborantza eskolan. 35 mota hirunaka landatu genituen. Bigarren bilduma, duela hamar bat urtekoa, Lekorneko Garroa gazteluaren itzulian dugu. 80 bat mota ditugu hor. Zuberoan ere badugu bilduma, bata Mauleko Agerria eremu publikoan eta bestea, Irabarnen, duela bost urte landatutakoa, 47 motekin abiatua. Lur bat atzeman behar dugu orain, besteak ere landatzeko. Gu ez gara betirako hor eta instituzio batek hartu behar luke bilduma horien segidaren ardura. Egiazko kontserbatorio bat behar genuke.