Bizi-baratzea

Basoa  >  Baso naturalak

Barietatea eta aniztasuna
2019-12-22  |  Jakoba Errekondo

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide ederragorik ez zait bururatzen.

Hasteko, euri-jasa eta euri-erauntsi artean, aterrune den mendrenik gabe Duzunaritze eta Sarasketa artean ibili ginen. Euri eta behe laino gutxitan gozatzen den paisaia genuen begiera. Hariztia (Quercus robur) da nagusi bertako mendixketan eta udazkenaren zurdakiak dena margotzen zuen. Margo festa izugarria zen.

Su egurretarako zuhaitzak botatzeko garaia zela, etxe atarietan landatzen ditugun zuhaitzak eta arbolak zirela, hesietako zuhaixkak eta igokariak zirela, hurraren (Corylus avellana) gorazarrea, lizarraren (Fraxinus excelsior) eta haritzaren arteko aldea, intsusaren (Sambucus nigra) kultura, hilerrietako landareak, intxaurrondoaren (Juglans regia) harrotasuna eta abar; horrelako ibilaldietan nahi adina gairekin topo egiten da. Udazken margoena nagusitu zen, jakina. Koloreen gaia atzendua dugu oso euskaldunok, eta horretaz jakin nahi duen guztiari gomendatzen diot Patziku Perurena handiaren Koloreak euskal usarioan liburutzarra; maiz samar egokitzen zait eta uste dut eskola liburua beharko lukeela izan.

Ondoren liburuaren aurkezpena eta ekitaldiak hartuko zituen Idiartia etxaldera hurbildu ginen. Bertan nekazaritzara emandako familia baten gorabeherak eta historia ezagutu genituen. Izan ere, istorio-erraile apartak dira Harlouchetarrak: aitona Jean Michel, Jon semea eta Ekain eta Aneko bilobak.

Behi-esne ekologikoaren ekoizpenari lotutako etxaldea da, baina denetik egiten dute. Behiak elikatzeko ia jaki guztiak etxekoak dira. Esne gordinaz gain jogurtak eta gazta zuriak egiten dituzte. Era berean, behiei emateko arto transgenikoa nahi ez, eta bertako arto gorria eta zuria berreskuratzeko eta mantentzeko lan izugarria egiten ari dira.

Egun hartan lezio asko jaso genituen, baina, bat azpimarratu behar izanez gero, Jon Harlouchetek bertako arto aldaera edo barietateari buruz aipatu zuena. Bertakoa eta naturala bada, hau da, klonikoa ez bada, artaburuak desberdinak ikusi behar ditugu. Hau da, espezie batekoak eta aldaera batekoak izango dira, baina barietatean aukera dago. Horixe: “Barietatea”, aukerak edo aldaketak dituen “aldaera”.

Goizeko ibilaldian ere basoan ikusi genuen gauza bera: hariztia zen baina haritz bakoitzak bere margoa zuen, desberdina. Margo aniztasunaren alde egin behar dugu. Eta Baso Autoktonoen Mundu Eguna zen, azaroaren 23a.