Bizi-baratzea

Lorategia  >  Loreak

Kurkubia eta erlastarrak
2019-12-15  |  Jakoba Errekondo

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin “kaskabila” esaten diotela dio. Javier Irigarayk 1976an, Gesalazko ibarrean, “boka-perro”, “kañamera” eta “zubiel” izenak jaso zituen. Rhinanthus mediterraneus da. Euskal Herri osoan ezaguna den urteko landare belarkara. Belazezalea da, batez ere lehor antzekoak direnenak; harritsuak direlako, azpian karaitza dutelako, ezpondak, malkarrak eta bide bazterrak...

Umetan lorearen formak bezala atentzioa ematen zigun beste ezaugarri bat badu landare honek. Belazeko eta bazterretako loreekin sortatxoak egiteko ohitura bagenuen orduan, eta landarea ipurditik mozteko tira egiten genionean ume-txintxarri baten tankerako soinua egiten zuen. Kurkubi edo botila itxurako fruituaren barruan dituen haziak dantzatzean egiten du txintxarri soinu hori. Hortik kaskabila izena.

Kurkubia zegoen belazeetan lore eta landare aberastasun handiagoa zegoela gogoan dut. Belar berde luzeen diktadurapeko belazeetan baino kolore eta testura ugariago zegoen kurkubi tokietan. Kolore festa. Ez da denbora asko jakin dudala kolore festa horren arrazoia. Eta beste behin, landare batek zoratzen nau, maite-zoratzen.

Kurkubia erdi parasitoa da, hemiparasitoa. Nahi edo ahal duenean parasitoa da, bizkarroia; hau da, aldamenean duen beste landare batzuei sustraietatik jakiak lapurtu eta haien bizkar bizi daiteke. Edo bere kasa behar dituen jakiak sortzen badaki. Belazean aldameneko belarrak jakiz hustuz ahultzen ditu eta ez dute bere diktadura ezartzen. Bestela haien hankapean liratekeen landare bereziak ederki garatuko dira, belazea aniztuz eta aberastuz. Paisajista da kurkubia, paisaiaren ingeniaria, paisaia sortzen du. Paisaia anitz horren polinizatzaile gehiago eta desberdinak erakarriko ditu. Kurkubiak berak polinizatzaile familia jakin bat behar du: Bombus generoko erlastarrak behar-beharrezkoak ditu. Horiek egiten diote bisita eta polinizazioa burutu. Bisita nolakoa denaren arabera erlastar horiek bi multzotan banatzen dira. Erlastar nototribikoak (B. pascuorum, B. horotum, B. ruderarius, B. veteranus eta B. muscorum), hau da, burua lorean sartzen dutenak eta erlastar esternotribikoak (B. terrestris, B. lucorum, B. hypnorum, B. pratorum, B. lapidarius eta B. jonellus), lorera hurbildu eta hegoak astinduz polena harrotu eta biltzen dutenak. Batzuk zein besteak gusturago hurbilduko dira kurkubiaren eraginez lore eta landare mota gehiago dagoen belazera.

Umetan istorio hori baten batek azaldu izan balit…