Bizi-baratzea

Ezkerra eta eskuina bera direnean
2019-12-08  |  Jakoba Errekondo

Zientziak zerbait baldin badakar, hori ulermena da. Ulermena komunikazioan. Gauzak izendatzeko eta esateko plaza komun bat sortu beharra. Landareen eta gainontzeko bizidunen kasuan bi hitzeko sistema hautatu zen eta tokian tokiko izenen gainetik edonork, berezko duen hizkuntza dena delakoa izanda ere, bi hitzeko izen horiekin ulertuko du nor aipatzen den. Adibidez, kuia arrunta izendatzeko Cucurbita maxima erabiltzen da. Lehena generoa da eta bigarrenak genero horretako zein espezie den adierazten du. Espeziearen barruan azpiespezieak, barietateak, kultibarrak, hibridoak eta abar ere izan daitezke, eta horrek izen bikoitzeko sistema atzetik osatzen du. Honekin izendapenaren zehaztasun ahalik eta zorrotzena bilatu nahi da. Adibidez kuia Cucurbita maxima bada, potimarron kuia Cucurbita maxima Duchesne ssp. maxima cv. maxima ‘Red Kuri’ da. Eta egia da, zehaztasunaren atzetik joanda galtzeko arriskua dago, edo izenekin erotzeko. Ikerketan sakontzen den eran, landareen izenak aldatu egiten dira. Lehen genero batean sartzen genuena orain beste batean ikusten dugu. Landare batzuetatik berriak ere sortzen dira, hibridatze naturalez edo guk geuk sortuak; loreen eta barazkien baratzeetarako, adibidez. Izenen saltsa horretan erabakiak hartzen dituztenek ez dute lan makala! 

Antzera ibiltzen dira landareen deskribapenak egiteko, denok ulertze aldera, oinarriak adosten eta ituntzen. Landare bat nolakoa den azalpenak emateko eta hartzeko garaian ere elkar ulertu beharra dugu.

Deskripzioak eta azalpenak ikusten dugunari buruzkoak dira, batez ere; begikoa da nagusi. Bakana da beste zentzumenen erabilera –usaina, entzumena...–. Beraz, zer ikusten dugu?

Igokariekin bada istorio polit bat. Landare igokariek igotzeko era askotako trikimailuak dituzte. Azpikoari heldu eta luzatzeko batzuk kiribilak ematen dituzte (adibidez, ilarrak, Pisum sativum), beste batzuk sustraitxoak (huntzak, Hedera helix), baita bentosak ere (huntza japoniarrak, Parthenocissus tricuspidata). Zenbaitek hazteko aihena dute landarearen muturrean eta aihen hori da heldu behar duenari bueltak emanez luzatuko dena, aparteko organo berezirik gabe. Aihenaren hazkundea azaltzerakoan botanikarien artean itunduta dago gainetik begiratuta aihenak erlojuaren orratzen martxa badarama eskuinerantz hazten dela esan behar dela; eta alderantziz hazten bada ezkerreranzkoa dela. Eskuinerantz hazten dela esaten den horietan landareari berari begiratzen badiogu gure aurrean ezkerrez aurrera igotzen da, edonondik begiratuta ere. Adibidez, atxaparra esaten diogun landarea, Lonicera spp. horrelakoa da. XX. mendean lupulua (Humulus lupulus) egin zen Gipuzkoako herrietan ezker-aihena esaten zaio. Botanikarientzako eskuinerantz hazten dira, “dextrórsum” dira. Era berean, botanikarientzako ezkerrerantz hazten diren Convolvulus arvensis eta Calystegia sepium, euskaraz ezkerte beltza eta ezkerte zuria dira; eta biak ala biak eskuinaz aurrera hazten direla ikusten dugu.

Botanikariek zehaztuta daukate, baina euskaraz bizi garen euskaldunontzako ezkerra eta eskuina gauza bera da. Agi danean.


Zurea bidali