Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Goierriko abeltzain ekologikoak elkarlanean
2019-12-01  |  Garazi Zabaleta

Goierrin txekor haragia zigilu ekologikoarekin ekoizten duten sei baserritar daude gaur egun, eta guztiak batzen dituen proiektua da Goieko Haragia. Sei baserritarrentzat jarduera osagarria da haragia, beste esparru batzuetan ari baitira lanean: esnekietan eta barazkietan, bereziki. “Beste hainbat esparrutan elkarlana martxan zen, esaterako esnekiekin Behieko proiektua zegoen, eta horregatik pentsatu genuen haragi paketeekin ari ginen lau kideak elkartzea”, azaldu du Aitor Aranburu “Anbu”k, proiektuko kideak.

Bertakoa eta agroekologikoa

Ekoizpen eredu txikietan dihardute proiektuko sei ekoizleek, hamar behi baino gutxiago dituzte denek ere. Abereen bizi baldintzak eta zikloak errespetatuz egiten dute lan, horien elikadura baserriko bazka eta larreetan oinarritzen da, eta ez dute pestizida, herbizida eta ongarri kimikorik erabiltzen. “Nire ustez eredu ekologikoa ez da helburua, abiapuntua baizik: gure hautua da betiko baserriarekin jarraitzea, behi gehiago jarri gabe. Gaur egun hori da ekologikoa, beraz, modu naturalean hartu dugu bide hori”, dio Aranburuk.

Ekoizle bakoitzak bere aldetik saltzen du haragia, bakoitzak bere bezeroak ditu-eta. Baina hauez gain, duela zenbait urte aukera berri bat atera zitzaien: Orona Fundazioko Diametro 200 jatetxeak haragia beraiei hartzeko proposamena egin zien. “Bakoitzak bere aldetik, bakarrik, ezingo genuke Orona zerbitzatu, baina elkarlanean eta gure artean antolatuta bai”, dio.

Hasiberrientzat sostengu

Goieko Haragian hasi ziren lau ekoizleei bi lagun batu zaizkie orain: Mutiloako eta Segurako bi gazte hasiberriak dira lehen sektorean, bata esne behiekin eta bestea barazkiekin. Jarduera nagusi hori behi haragiaren salmentarekin osatzen dute. “Guri bidea asko erraztu digu proiektu honek, zeren zu honetan hasten zarenean ez dakizu ezer, ez duzu kontakturik, ez dakizu nola saldu, norengana jo, zer hiltegi dauden… Goieko Haragikoek esku zabalik hartu gintuzten eta gure hasiera asko erraztu digu”, dio Iñaki Intxausti proiektura batu den gazteak.

600 gramoko zortzi pakete txikiz osatutako bost kiloko loteak saltzen dituzte: xerrak, kostila, haragi txikitua, gisatzekoa, zankarroia eta txuleta daude lotean. Eta goiekoharagia.wordpress.com webgunetik ere egin daitezke eskaerak.