Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Babarrunak irakurri
2019-12-01  |  Jakoba Errekondo

Omiasainduz fruitu guztiak sartuak” dio esaerak. Mandio bete sagar, kuia eta kiwi da geurean (Malus domestica, Cucurbita maxima eta Actinidia chinensis). Beste asko bete arto (Zea mays) izango dira; edo bete babarrun (Phaseolus vulgaris); patata (Solanum tuberosum), tipula (Allium cepa) edota abar.

Babarrunaren bildu ondorengo lanetara kateatu ginen aurreko batean Landaberri irratsaioko kontsulta saioan. Lekak bildu eta eguzkitan egun pare batez eduki ondoren, etxe gehienetan aletu egiten dira. Horretarako zakuetan sartu eta jo eta astindu egiten dira leka iharrak. Lekak ondo lehortuta badaude, ia denak hustu eta aleak jaulkiko dira. Gainontzekoak eskuz aletu beharko dira. Hemen sortu genuen zoramena. Nola aletu? Irunen leikua kuxkildu egiten dugu. Guk bahean beste gai batzuk egiten diren bezala aleak eralki egiten ditugu. Muruetan garandu egiten ditugu. Bada, Durango, Eibar, Angiozar eta Debagoiena osoan, Abadiñon eta Garain urkuldu esaten diogu. Oñatiko Araotzen lekak irakurri egiten dira. Mungian ere garandu diogu. Bada Debagoienan baita karandu ere. Oiartzunen kirkildu. Arantzan bereizi esaten zaio. Eta, urrutira gabe, Beran miartu esaten diote. Larraunen, Azpirotzen eta Leitzan, berriz, jalki. Erratzun begira zer dotore esaten diogun: bixkortu. Zugarramurdin lan hori bahitzea da. Arratian zeruketan egitea; hori bai dotorea! Oiartzunen ere aletu. Hondarribian koxkildu. Eta, ez dakit nondik: zakuan ez da jaulkitzen, erantsi egiten da!

Larunbatari ekiteko saltsa ederra! Seguru beste hamar bat eratara esan dakiokeela euskaraz babarruna aletzeko ekintza horri. Inork bateren bat jakinez gero idatzi, mesedez.

Bigarren saltsa babarrunarekin berarekin. Izan ere, nola babarruna! Arratian baba gorria. Azpirotzen, banarra. Oiartzunen, Arantzan eta Beran ilarra. Indiarra Mutrikun. Leitzan, Baztanen eta Larraunen banabarrak. Beasainen indoaba. Tolosan indiababa. Gernikak intxaba. Ultzaman babanabar. Erratzun ilar gorria. Debagoienan babarruna, baba beltza eta idarra.

Leka babarrun alez jantzia dago. Erantsi egiten dugu, elikatuko gaituena eskuratuz. Eta horri irakurri esaten zaio. Izan ere, zer da ba irakurtzea, elikatzen gaituena eskuratzea ez bada? Burua elikatzea, alegia. Eta janez jantzi. Alez osatutako leka gara.