Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Nafarroako Erriberaren historia barazki kontserben bidez kontatua
2019-11-03  |  Garazi Zabaleta

Nafarroako Erribera Garaian, San Adriango El Navarrico kontserba enpresaren lantegi zaharrean, museo berezia ireki dute joan den otsailean: Kontserbaren Museoa. Oso errotuta egon da historikoki barazki kontserben tradizioa Nafarroako inguru horretan, eta bereziki San Adrianen: “Ezinezkoa da San Adrianen historia bertako kontserba industriarekin lotu gabe ulertzea. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran eman zen garapen industrialak erabat aldatu zuen herria”, azaltzen dute museoaren webgunean. Iraganaren eta orainaren arteko lotura egiteko abiatu dute museoko proiektua.

Lantegi Zaharra historiaren lekuko

30 kontserba enpresa baino gehiago izan zituen garai batean San Adrian herriak, eta horietatik bost besterik ez dira gelditzen gaur egun. 1888an 841 biztanle bizi baziren bertan, mende batean boskoiztu egin zen biztanle kopurua, eta igoera hori zuzenean dago lotuta kontserben industriara iritsitako langileekin. Herriari zuzenean lotutako jarduera horren historia bildu du El Navarrico barazki kontserben enpresak museoan.

Bestalde, emakumeek jarduera horretan izan duten garrantziari aitortza bat ere egin nahi izan diote proiektuaren bultzatzaileek. Historikoki emakumeak izan dira nagusiki kontserbak egiten, eraldatzen eta merkaturatzen aritu direnak, nahiz eta jarduera profesionalizatzean asko fabriketatik kanpo gelditu.

300 metro koadroko gune zabala

300 metro koadroko espazioa hartzen du lantegi zaharrean kokatutako museoak, eta lau gunetan dago banatuta. Lehenengo gunean kontserbagintzari lotutako erreminta eta makina zaharrak daude erakusgai, eta jarduera horrek urteetan izan duen bilakaera azaltzen da. Bigarrena ikus-entzunezkoen gunea da: kontserben industriaren historia errepasatzen duen dokumentala proiektatzen da bertan. Hirugarrenean gune interaktiboa dago kokatuta, eta kontserben elaborazio prozesua azaltzen da tablet, errealitate birtualeko betaurreko eta bestelako teknologien bidez. Azkenik, kontserbak etxera eraman nahi dituzten bisitarientzako denda txiki bat ere badu museoak.

Astelehen eta igandeetan izan ezik, egunero irekitzen dizkie ateak bisitariei kontseben fabrika zaharrak, eta hileko azken ostegunetan ate irekiak egiten dituzte, sarrera doakoa jarriz. Nafarroa hegoaldeko barazkigintzaren historiara hurbiltzeko aukera ezin hobea.


Zurea bidali