Bizi-baratzea

Hosto-bidea eta hosto-trufa
2019-11-03  |  Jakoba Errekondo

Hogeita bost urte eta ehun eta hamazazpi egun igaro dira txoko honetan lehen atala argitaratu zenetik. Mila ehun eta hamaikagarrena duzu hau; bai, banaka-banaka, hamaika hamaikako eta 1111. Makina bat landareren kontu eta komedia ekarri ditut hona; eta ezin konta ahalako berbakizun eta iruzkin jaso izan dut ordainetan irakurle zaretenengandik. Denetatik izan da: askok loreak bota dizkidate; beste batzuek lorontziarekin jo didate lokian, danba! Denekin ni loreko jartzen nintzen.

Milaka lagunen eskuetan eta pantailetan, begietan egoteko asteroko baratze txoko hau ez diruz ordaintzekoa da. Ezkutuko maitalearen gisan hartzen dut irakurlea, zu; eta irrimurrika edo burlaizezko barrez edo algaraka sumatzen zaitut hemengoak leitzen.

Hosto-bide bat eratzen du irakurraldi bakoitzak. Luzaideko esaera da. Esaera eta prozedura, bidea, hosto-bidea. Gauez, hostoekin osatutako bidea eginez lotzen zituzten ezkutuan katramilatuta edo nahasita edo endredatuta eman-hartuan zebiltzan bi lagunen etxeen atariak; eta goizean hostoek argitara ateratzen zuten adiskideen isilgauzaren korapiloa. Hosto-bidea, polita e! Horrelakorik bizitu duenik gustura ezagutuko nuke, hosto-bidekoa.

Hosto-bideari hosto-trufa ere esaten diote. Bide horretatik kanpo dagoen jendearen trufa eta burla eragiten du hosto-xendrak. Izan ere denak inbidiatan, eta bekaizkeria estaltzeko burla eraiki, beti taldearen babesean. Hosto-trufa.

Trufa, baina, ez da soilik irria eta iseka. Trufa lurpeko onddo baten “fruitu antzekoa” ere bada, boilurra. Trufa patata ere bada, lursagarra (Solanum tuberosum). Trufa tupa ere bada, lantzeko lur kaskarrenetako bat. Tupa fruitua ere bada, ezpel-ttupina (Buxus sempervirens). Eta tupa dupa ere bada, upa, edariak eduki eta ontzeko zurezko ontzia.

Nire hauek irakurtzen dituzun bakoitzean gure etxeko atarian hosto-bide bat agertzen da. Hosto-trufa bat eraikitzen da: irri, boilur, fruitu, lursagar, lur sail zail eta upelkada sagardo. Izan ere gure ataritik zenbat bide abiatzen dira? Eta zenbat bidezidor datoz bertara? Hosto-bideak.


Zurea bidali