Bizi-baratzea

"Zuhaitzei eman diegu protagonismoa aurtengo agenda-liburuan"
2019-10-06  |  Garazi Zabaleta

Ikasturte hasiera kaotiko xamarra izaten da: lanera edo ikastetxeetara buelta dela, bilerak direla, baratzean egin beharreko negurako lanak direla… Ordena emateko tresna egokia izan daiteke agenda. Eta azken bi urteetan bezala, aurtengoan ere ez dute hutsik egin Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak: Landareak Lantzen agenda-liburuaren hirugarren edizioa labetik atera berria dute ARGIArekin. Ohiko liburu dendetan eta ARGIAko Azokan duzue eskuragarri jada… Mugi! Jakobarekin mintzatu gara:

Landareak Lantzen agenda liburuaren hirugarren alea duzue aurtengoa. Zer du lehengotik eta zer berri?

Aurreko urtekoak bezalaxe asteko lanak dira bertan agertzen direnak, zikloka antolatuta. Ilargiaren informazioa dakar agendak, eta hilabetero ilgoran eta ilbeheran zein lan egin behar diren azaltzen du lau ataletan banatuta: baratzea, fruitu arbolak, lorategia edo balkoia eta basoa. Liburuaren bukaeran, berriz, baratzegintzari buruzko informazio orokorra dago:  landareak nola elkartu, zein zeinen ondoren jarri, ongarriak eta simaurrak nola erabili, luarra edo konposta egiteko sistema erraza nola egin… Zein da aurtengo berrikuntza? Bada, agenda zuhaitzei eskainita dagoela. Hilabete bakoitzaren sarrera gisa zuhaitz bat aipatzen da eta zuhaitz horren zurarekin zer egiten den, zertarako erabiltzen den azaltzen da.

Zuhaitzena da nobedadea beraz, eta egurrean zentratua egonen da.

Bai, hori da. Antton Olariagak egin dituen zuhaitzen marrazkiak ikaragarriak dira: bakoitzaren irudiak egin ditu ondoan zuhaitz horren erabilera azaltzen duen marrazkiekin.

Nori zuzenduta dago agenda liburua?

Lau atal horietan lan egiten duen edonorentzako da aproposa: basoan makilak bota nahi dituenarentzat, su egurra noiz bota behar den jakin nahi duenarentzat, lorategian loreekin adaxkak edo haziak noiz egin, balkoietako landareekin lanak noiz egin… Hori guztia jakin nahi duen edonorentzat. Baita baratzean ari den jendearentzat ere: zer erein, zer landatu hilabete bakoitzean… Orokorrean landareekin lan egiten duen edonorentzat dago prestatua agenda liburua. Horrexegatik deitzen da Landareak Lantzen!

Beste behin Antton Olariaga marrazkilaria izan duzu bidelagun.

Bai, ederki moldatzen gara eta bere marrazkiak oso ongi egokitzen dira landareetara. Lanak egiteko moduak pertsonekin nola adierazi ere ongi daki… Eta zer esan hilabeteroko zuhaitzen portada horietaz? Bakoitza koadro batean sartzeko modukoa da!