Bizi-baratzea

Lorategia  >  Loreak

Alfer biajea
2019-09-15  |  Jakoba Errekondo
Urreliliaren lorean dauden osagai batzuk, piretrinak, intsektizida eraginkorrak dira.Irina Malikova / Shutterstock

Landareen galbideak arrazoi ugari izan dezake. Garai batean hiru multzotan banatzen ziren: gaitzak, izurriteak eta belar edo landare “txarrak”. Gaur egun landareen hondagarri guztiei izurrite deitzea da joera nagusia. Lehen izurritea esaten zitzaion intsektu, akaro, nematodo, hegazti, karraskari edo beste animalia kaltegarriren baten ugaritzeak sortutako ezbeharrari. Orain berdin da onddo, birus, har, txori, bakterio, akaro edo beldar; landareari kalte egiten dion guztiari izurritea deitzen zaio. Landarearen kaltea nola ikusten dugun da gakoa; ez du axola zein alorretako landareaz ari garen: basogintza, nekazaritza, abeltzaintza, lorazaintza... Kaltea gure helburuetara iristeko bidean huts egitea da. Landareen kalteak, dena dela, gure etekinen murrizketa dakar. Etekinen ikuspuntutik kalte guztiak bukoi bereko sagardoa dira: izurritea.

Laster egokitu beharko gara, baina oraindik, aurten behintzat, landareari kozkadizoa, eztenarekin ziztada edo antzeko erasoren bat egiten dionetara mugatuko dut izurria.

Baratze edo lorategi txikienean ere izurriaren kalteak murrizten saiatzen gara. Murrizketa horretarako zein baliabide erabiltzen ditugun, hortxe aldea. Zenbaitek pozoirik kaltegarriena erabiliko dute, kopla handirik gabe. Beste batzuk bere landareen kaltea sendatzeko inguruari ahalik eta kalte gutxien sortzen saiatzen dira. Landarearen galbidea konpontzeko horrelako konponbideen aldekoa naiz ni. Alfer-biajea litzateke gure landarearen arazoa zuzentzeko, gure osasunetik abiatuta ingurumen guztia okertu eta erretzea. Hilobira eraman duen mozkina hilobira eraman duenik ez dut ezagutu oraindik.

Kalteak konpondu bai, baina saia gaitezen naturaletik. Landareak erabili landareak sendatzeko. Adibidez, azaroaren lehenean, hilobiak urreliliz edo krisantemoz (Chrysanthemum spp.) josiko dira. Urreliliaren lorean dauden osagai batzuk estraktuetan ateratzen dira: piretrinak. Piretrinak intsektizida eraginkorrak dira. Itxuraz antigoaleko erremedio ezaguna da. XIX. mendean zorriak akabatzeko erabiltzen ziren. Arazoak sor ditzakete uretara iritsiz gero; izan ere, kaltegarriak dira arrain eta uretako beste animalia askorentzako. Landareak landareak sendatzeko. Laguna ere ez al da bada lagunaren sendabide onena?


Zurea bidali