Bizi-baratzea

Lorategia  >  Loreak

Asma-belarraren burundanga
2019-07-28  |  Jakoba Errekondo

Simaur eta hondakin pilatan apopilo bat izaten da udan, ez denetan baina askotan: asma-belarra edo estramonioa, Datura stramonium. Zenbaitek “ikozoro” edo “pikuzoro” izenak ere jaso dituzte landare horrentzat. Landare deigarria da, tentea, hostaje distiratsua, lore zuri handiak eta fruitu kozkor arantzatsuak dituena. Rembert Dodoens (1517-1585) botanikari eta mediku flandriarrak pomum spinosum zela esan zuen fruituagatik. Geroztik, gazteleraz manzana espinosa, portugesez eta galegoz pomo espinhoso, frantsesez tête de hérisson edo hérisson, katalanez castanyer eta castanyes, ingelesez thornapple eta alemanez Dornapfel deitzen da. Kaspiar Itsaso aldetik edo Ameriketatik ekarritakoa edo etorritakoa ote den hizketagai izan da denbora luzez. Agi danean, XVI. mendean iritsi zen Mexikotik. Guaranieraz yua aqué esaten diote: “yu” arantza, “a” fruitu organismo edo izaki organiko, “ha” egin eta “que” lo egin; hau da, fruitu arantzatsua duen landare lo harrarazlea. 

Landare oso toxikoa da. Bere atal guztietan du hiosziamina, atropina eta eskopolamina. Pozoia dosiaren araberakoa izaten da, eta gai horiek asko erabili izan dira eta erabiltzen dira medikuntzan. Pozoiari beldurra zaio, ordea, eta era guztietako izen itsusiak jarri zaizkio gure inguruko hizkuntzetan: deabruaren belarra, kirastun belar txarra, deabruaren pikoa, infernuko pikoa, piko zoroa, belearen belarra, aztiaren belarra, hildakoen belarra, harakina, isekari, ijito sagarra, pozoia eta abar. Kitxuaz chamico esaten diote, erogarria edo zorarazlea.

Nekazariek oso ondo ezagutzen dute, eta ez dute ikusi ere egin nahi. Zenbaitek, ordea, bere onerako erabiltzen dute; izan ere, badakite beste animalia gehienek ere ez dutela maite. Besteak beste, gazteleraz honela ere esaten zaio: espantalobos (otso uxatzailea), yerba ratonera (sagu-belarra), matatopos (sator hiltzailea). Frantsesek herbe des taupes esaten diote. Inguruan ditugun animalia “gaiztoak” uxatzen ditu asma-belarrak.

Bere pozoien artean eskopolamina du. Lasaigarri, zorabioak sendatzeko eta abar erabiltzen da medikuntzan, baina baita droga gisa ere; dena den, albo kalte ugari du. Tartean logale handia eta amnesia sakona. Sexu bortxaketetan gero eta gehiago erabiltzen denaren susmoa dagoen burundanga sonatuaren osagai nagusia da. Kontuz simaur eta hondakin jende pilen aldamenean.


Zurea bidali