Bizi-baratzea

Lorategia  >  Bestelakoak

Beldar jantzia
2019-07-21  |  Jakoba Errekondo

Sits bat bizi da Ipar Amerikan, hegal berdeetan marra mehe zuri izurtu batzuk erakusten dituena. Synchlora aerata du izen zientifikoa, eta sits esmeralda izurtua edo sits kamuflatua esaten zaio. Sitsaren ezaugarri nabarmenena bere hegalen esmeralda kolore hori da. Sitsak hego dotoreak hedatu aurretik, ordea, hanka punttetan ibili beharra dauka; sits izan aurretik beldarra da, sona handiko beldarra.

Geometridae familiakoa da intsektu hori. Geometridae grekotik osatutako izena da, eta lurra neurtzen duela adierazten du. Familia horretako intsektuen beldarrak ez dira arrastaka ibiltzen, hanken gainean baizik. “Hazbetearen beldarra” ere esaten zaio, izan ere, mugitzeko atzeko hanken gainean zutitu eta gorputza luzatuz aurrekoen gainera jaitsiko da. Ibileran lurra, hazbetez hazbete, neurtuz balihoa bezala.

Beldarrak konposatuen edo lore-elkartuen familiako landareen loreak ditu gustuko: margarita erreginaren Aster generokoak, urrezko makilaren Solidago generokoak, zizare-belarraren eta asentsio-belarraren Artemisia generokoak, milorriaren Achillea generokoak eta Rudbeckia, Ageratum, Ageratina, Ambrosia eta Liatris generokoak. Konposatuak ez direnei ere ez die muzin egiten; tartean, aindurrinaren eta salbiaren Salvia generokoak, santio-belarra edo milazuloa (Hypericum perforatum) eta arrosazeoetako laharraren eta mugurdiaren Rubus generokoak eta arkakaratsaren eta arrosaren Rosa generokoak.

Oraintxe loretan ditugu landare horiek gehienak. Lasai hartu eta jarri loreari begira. Lehen begi kolpean ez duzu ikusiko. Bigarren begiratu batean ere ez, seguru asko. Halako batean lorean mugimendu arraroren bat suma dezakezu; lorearen zati bat gainontzekoarena ez den dantza batean. Sits kamuflatuaren beldarra da. Izan ere, hortik datorkio kamuflatuarena. Zein loretan bazkatu nahi duen, lore horren petalo zatiak ebaki eta bere bizkarrean tente-tente itsatsiko ditu, kanpotik lorearen beste petaloen antzera antzeman daitezen. Horrela lore bakoitzean bertarako ezin egokiagoa den kamuflaje batekin jantziko da, eta txoriei eta bestelako harrapariei non den igartzea ederki kostako zaie. Deskuidoan lore berean edo berdinean lasai batean jaten jarraitu nahi badu eta bizkarreko petalo puxkak zimeldu eta higatu eta marguldu badira, horiek kendu eta berriak jantziko ditu. Izan ere, horixe beldar jantzia.