Bizi-baratzea

Zein etorkizun dute holandarrek itsas mailaren gorakadak jarraitzen baldin badu?
2019-07-14  |  Pello Zubiria Kamino

Klimaren zoratzeak bere kalteak modu deigarrienean erakusten ditu muturreko fenomeno meteorologikoetan, atzo Mozambikeko ekaitz tropikal hilgarriarekin, asteotan Europak nozitu duen beroaldiarekin... Isilago doa hedatuz bestelako eragin bat, itsasoaren maila eten gabe igo araziz. Hasi da Europan bertan ere sentitzen eta adibide argiena dira Herbehereak. Kostaldeko euskaldunek ere begiratu beharko lukete harantza.

Rolf Schuttenhelm holandarrak ingurumen gaiez egiten du kazetaritza, besteren artean klimaren aldaketa jorratzen duen Bits of Science webean. Berrikitan bere sorterriaren kinka larriaz idatzi du honakoa Vrij Nederland kazetan, gero 15-15-15 blogean gaztelaniaratu diotena: “Itsas  mailaren gorakada uste duguna baino arazo larriagoa da eta Holandak ez dauka B planik”.

Hona hasiera: “Holanda famatua da mundu osoan bere polder [itsasoari bete-lanez irabazitako lur eremu] eta dikeak direla medio. Ezagunak gara Ipar Itsasoan mende luzez itsasoari aurre egin diogun nazio txiki langile bat garelako. Baina historian zehar borrokatu dugun itsaso hori ez zen bolumenez handitzen ari. Orain arazoa serioski ari da larritzen ozeanoetako uraren berotzeagatik eta glaziarren bezala poloetako izotz geruzen urtzeagatik, honek itsasoa mantso baina eten gabe mailaz igotzea eragin duelako.

Holandako kostaldea honelakoa litzateke itsasoak gaur daukan maila baino beheragoko lurrak urpean utziz gero. (Irudia: Wikipedia)

Bistakoa denez, dikeak handitzen ari gara eta ibaiek badute tartea noizean behin gainez egiteko, baina hori aski izango ote da? Eta garrantzitsuagoa: noiz arte iraungo du? Itsasoa goraka ari da eta hasieran uste genuena baino azkarrago gainera. Hona galdera handia: Herbehereek bizirik iraun ahal izango ote dute, gaur ezagutzen dugun moduan?”.

Bere kronika luzea egiteko Schuttenhelmek galdetu die Holandako itsas mailaren adituei eta klimaren ikerlariei. Denek aipatu diote gaiaren larriagatik eztabaida publikoa sakondu beharra, erabaki batzuk berehala hartu beharko dituztelako. Holandarrei dagoeneko ez zaizkie aski CO2 isuriak kontrolatzeko mundu mailako borroka eta olatuei aurre egiteko harresiak goratzea.

Itsas mailaren igotzeko joera biziagotzen ari da: XX. mendean batez beste urtean 2 milimetro, XX. mende hasieran 3 mm eta azken hamarkadan 4,3 mm. Kalkulurik pesimistenek aipatzen dute 2100. urterako ia hiru metroko igoera. “Esan gabe doa –dio Schuttenhelmek– agertokirik ezezkorren hori ez dela probableena. Baina horren ordez itsasoa metro bakar batez igotzea bera ere asko da, aurre egiteko ur bolumen izugarria. Eta okerrago dena, 2100ean ez dela igoera geldituko”.

Holandak dagoeneko bere azaleraren %20 itsas mailaren azpitik dauzka eta metro baten igoerarekin denetara %50 geratuko zaizkio 0 kotaren azpitik. Horregatik ohartzen dira etorkizuna hein handi batean ez daukatela beren esku, mundu osoko beste jende askok (Bangladesh, Ozeano Bareko hainbat uharte…) jadanik sentitzen duten moduan. Planeta mailako fenomeno baten mende, lehen kaltetuetakoak dira. Zer egin ordea?

Itsas mailaren azpitik bizi diren lurraldeak ebakuatzea zientzialari batek baino gehiagok aipatu dio kazetariari. “Epe luzera alde egite kontrolatu baten beharra eduki dezakegu” esan dio Utrechteko Unibertsitateko Itsas eta Atmosfera Ikertzeko Institutuan ari den Michiel van den Broeke meteorologoak. Michiel Helsen klimaren aldaketako irakasleak ere horretaz eztabaidatzea eskatzen du: “Baliteke epe luzera Holandako mendebaldea ezin salbatu izatea. Gizarteak eztabaidatu beharra dauka Holandako zein eremu defenditu dezakegun eta zein kostetan”.

Holandako herritarrak uholdeekin borrokan 1953an. (Argazkia: In Dutch Again)

Igoera maila eta igoeraren abiadura

Norbaitek edukitzekotan uholdeen memoria, holandarrek daukate. Duela 65 urte, 1953ko urtarrilaren 31n hasita, Ipar Itsasoko uholde handiek kolpatu zituzten Holanda, Belgika, Ingalaterra eta Eskozia. Holandan bakarrik 1.836 hildako eragin zituen, Rhin, Waal eta Meuse ibaiek itsasoratzean sortzen duten deltako urek gainditu zituztenean haiei eusteko eraikitako harresiak, euskaraz zanpiurak esaten zaienak. Geroztik ingeniaritza lan harrigarriak egin dituzte holandarrek, Delta programa famatuak koordinatuta, eta harrotasunez erakusten dute nola 2018ko urtarrilean bertan ekaitz erraldoi bati aurre egin ahal izan zioten.

Baina urtez urte berritzen joan diren Delta programa motz geratuko da laster, arduradun nagusietakoa den Marjolijn Haasnoot ur eta klima ikerlariak aitortu duenez: gaurko aurreikuspen planak eginak daude itsasoak gehienez gora metro bat egiten duenerako, eta orain zalantza da ea noiz gaindituko den muga hori. Izan ere, etorkizunerako planak askoz lehenago prestatu behar dira. “Iraganean –dio Haasnootek- azpiegitura proiektu handiak erabakitzerakoan 100 edo 200 urterako bizi erabilgarria edukitzen genuen kontutan. Orain egitekotan, kontutan eduki beharko genuke itsas mailaren igoera oso handi bat”.

2017an Deltares fundazioak egin zuen eztabaida berezi bat irudikatzeko nolakoa izan ote daitekeen 100-200 urte barruko Holanda muturreko itsas maila batekin, 3 metro altuago mende honen amaiaren eta 5 metro 2200an. Marjolijn Haasnoot bera aritu zen hackathon hartan gainbegiratze lanetan. Ideien ekaitz hark lau agertoki nagusi eman zituen, lau egokitze posible: bi holandarrek jarraituz gero gaur dauden lekuetan, hirugarrena Ipar Itsasorantz mugituz eta laugarrena lehorreragoko lurretara migratuz.

Egokitzeko lehen aukera litzateke Holanda gotorleku bihurtzea, dike eta ur punpatze egitura erraldoiak eraikiz. Baina une batean ibaiak itsas mailaren azpitik geratuko direnez, horien ur guztia dikeen gainetik punpatu beharrak energia koste izugarria ekarriko du eta, hala ere, eremu horietako laborantza lurren salinizazio handia saihestu gabe. Azkenean, Holandaren erdia gotorleku baino lur gazizko bainu-ontzi erraldoi bilakatuko da.

Bigarren agertokia: gaur mundu osoak miresten duen nekazaritzaren eremu zabalak sakrifikatzea –defenditu ezinezkoak direlako– errioek zabalera irabazi eta padurak bilakatzeko eta hirien biziraupena bermatzea piloteen gainean eraikiz. Agertoki futurista, egia, ideien ekaitzean aipatu zen hirugarrena bezala: defentsarik onena atakea delakoan, itsasoan ugarteak eraikitzea, nahiz eta orduan ere jarraitu beharko duten lurpean ur gazia filtratzeak eragindako arazoei aurre egin ezinik.

Laugarren irtenbideaz ez da hitz egin nahi gehiegi, koste sozial eta politikoa dakarrelako aipatze hutsak, baina beste soluzioen koste ekonomiko izugarriak ikusita noizbait urratu beharko da tabua: defenditu ezin diren eremuetatik populazioa lehorrerago eramatea. Esan nahi baita, tartean Alemaniaren lurretara ere mugitzea.

Marjolijn Haasnootek uste du itsasoaren maila bera baino erabakigarriagoa izango dela igoeraren abiadura: “Poliki baldin badator, egokitu ahal izango gara. Baina oso azkar igotzen bada, egokitzeko astirik gabe aurki gaitezke”.


Zurea bidali