Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Sanferminetan tokiko produktuek bere gunea dute Iruñean
2019-07-07  |  Garazi Zabaleta

Uztailean sartu garen honetan Iruñea eta Nafarroa osoa dago Sanferminei begira. Jaietan bestela izan ezin duenez, janak eta edanak protagonismo berezia hartzen du ospakizunak irauten duen bederatzi egunetan, eta iaztik, bertako produktuek nahiz produktu ekologikoek ere badute beren gunea: Karlos III. Etorbidean, Orreaga kalearen ondoan jartzen dute karpa Nafarroako Elikagai Artisauen Elkarteak, Reyno Gourmetek eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK).

Bi gunetan banatuko dute antolatzaileek tokiko produktuen karpa: lehenengoak taberna moduan funtzionatuko du, eta bertara hurbiltzen direnek tokiko produktuekin egindako jaki eta edariak dastatzeko aukera izanen dute. Bigarren guneak berriz denda itxura izanen du: Nafarroako produktu ugari erosteko aukera izanen dute bisitariek bertan.

Osotara 25etik gora ekoizle eta enpresa nafarrek hartuko dute parte karpan, eta horietako askok produktu ekologikoak ere eskainiko dituzte. Zer egonen den gunean? Ardoa, sagardoa, zukuak, haragia, kontserbak, gaztak, ogia, gozoak, hestebeteak, olioa, sasoiko barazkiak… “Uztailaren 4an zabalduko dugu gunea, eta sanfermin guztietan egunero egonen da zabalik, goizeko 8:00etatik gaueko 23:00ak arte”, iragarri du Isabel Pueyo NNPEKko kideak.

Tokiko elikagaiei balioa emanaz

Nafarroan ekoizten diren produktuak ikusaraztea eta horiei merezi duten balioa ematea du helburu ekimenak. Izan ere, sanferminetan Iruñeak bisitari asko jasotzen dituenez, antolatzaileek uste dute aukera paregabea dela bertako produktuen eskaintza zabala ezagutzera emateko. “Bertako ekoizleen lanak eta ekoizpen lokalaren filosofiak jasangarritasunari eta elikadura osasuntsuari egiten dion ekarpena aitortzea da helburua, baita jakiok Iruñeko eta Nafarroako ekonomian duten garrantzia baliotan jartzea”, diote bultzatzaileek.

“Posible delako sanferminetan disfrutatzea eta, aldi berean, elikagai ekologikoak kontsumitzea, tokian tokiko ekoizleei bultzada emanez”, dio NNPEKk zabaldutako oharrean. Festa giroan modu osasuntsu eta jasangarrian jateko aukera egonen da Iruñean, beraz, aurten ere.


Zurea bidali