Bizi-baratzea

Kanario frijituak ajearen aurka
2019-07-07  |  Nagore Irazustabarrena Uranga

Plinio Zaharra (K.o. 23-79) erromatar idazle, historialari eta naturalistak, ajearen kontrako erremedio bitxi eta konplikatu samarrak jaso zituen Historia Naturalis lan mardulean, Vesubioren erupzioaren eraginez hil baino lehen.

Kanario frijitua zen horietako bat: “Hartu kanarioa eta, guraize handi batzuk erabiliz, moztu burua. Egin ebaki txiki bat azalean, bularrezurretik gertu. Sartu hatza eta, kontu handiz, azala kendu, luma eta guzti. Berotu olioa erruz, kea darion arte, eta frijitu txoritxoa bi minutuz. Xukatu eta gatzaz eta piperraz ondu”.

Ez dakigu metodo benetan eraginkorra ote zen, edo errezeta prestatzeko buruhausteak saihesteak berak eragiten ote zuen ajearen sintomak arintzea.