Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Piperminaren tristura
2019-06-23  |  Jakoba Errekondo

Landagailuarekin zuloa egin eta landarea sartu. Aurtengo udara berotuko duen minaren piperminak (Capsicum annuum) landatuta daude. Pentsatze hutsarekin hortzak izerditan jarri zaizkit.

Gure herrian Oria ibaia errio bihurtzen da, eta bere alde batera zein besterako erriberetako jendearengan piperminari buruzko izugarrizko jakintza eta kultura bizi da. Piperminaren langintza ez da zaharra, baina azken urte hauetan ikaragarri hedatu da. Jendeak gero eta gehiago eskatzen du eta sail handiak ematen zaizkio. Tresneria gero eta aurreratuagoa erabiltzearen aldeko apustua egina dute ekoizle nagusiek. Soroetan plastiko beltza, tira-tira eginda zimurren arrastorik gabe jartzen du traktoreari atzean erantsitako makinak, xuxen-xuxen. Garai batean, marka erabiltzen zen soroko ereintza lanak txukun eta xuxen egin ahal izateko; lagun batek edo bik tiraka, tramankuluak arrasto paraleloak marrazten zituen, gero han erein eta landareak erroila zuzenetan tarte jakin batekin haz zitezen. Piper soroetan, lurraren prestaketa, landaketa eta zaintza lanak egiteko bitartekoetan aurrerapen handiak ditugu egun. Lan bat bada, nahitaez eskuz eta leunki goxo-goxo egin beste aukerarik ez duena: piperminen bilketa. Pipermina ttikia, guri-guria, fina jaso behar da. Handitu eta azala zakartu ondoren inork ez du nahi. Bilketa maiz-maiz egiten da, bi-hiru egunetik behin. Ez da oraindik landarean dauden aleen artean behar bezala bereiziz tajuzko bilketarik egingo duen makinarik asmatu. Ale zakartuak kendu eta lurrera bota, han bertan; fruitu ttikiegiak hurrengorako utzi eta pipermin egokiak eztiki kendu landareari, adar hauskorrak eten gabe; uztak jarrai dezan. Lan hori sos batzuen alde makina bat gazte ikaslek egin izan dute; diru pixka bat egiteko aukera zen. Gaur egun, makurtuta egiten den lan gogor hori kanpotik etortzen den jendeak egiten du.

Piper soroen etorkizuna beltza ikusten dut nik. Pipermin landareari azpitarako jartzen zaion plastikoaren kolorekoa. Urtea joan eta urtea etorri, soro berean landare bera eta bakarra lantzen bada, urte gutxi barru arazo larriak izango ditu. Elikagai berak jan eta besteak lurrean pilatu. Arazo horri aurre egiteko, udazkenean ongarri berdea erein (adibidez oloa, Avena sativa, eta zalke arrunta edo txirta, Vicia sativa) eta lurra bereoneratzea oso ona litzateke.

Lurraren neke horrez gain, bereziki piperminari erasotzen dioten gaitzak eta izurriteak ere ederki ezarri eta kokatuko dira. Urtero beretzako bazka den landarea hantxe, eskuera. Eta horrek bai ez duela konponbiderik. Birusek jipoi handia ematen diote, eta, batez ere, bere-berea duen tristurak ere, Phytophtora capsici. Hala izena du bai gaitzak, piperminaren tristura, izan ere hostoak tente eta mardul egon beharrean zimelduta eta ziltzilik, indargabe agertzen dira, triste eta goibel.


Zurea bidali