Berezko joera, arraia urera eta satorra lurpera

Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Euskal Herri osoko sagardoak, asko Iparraldekoak
2019-06-09  |  Garazi Zabaleta

Z enbait urtetan deskantsua hartu ondoren, etenik gabe eginen duten laugarren edizioa izanen dute aurtengoa. Aspaldidanik datorren ekimena da asteburukoa, dena den: Lapurdiko hirian tradizio handiko jaia da sagardo eguna. Hainbestekoa, non Jesus Arzallus antolatzaileak kontua jada galdua duen: “Gutxi gora behera hogeigarren edizioa izanen dela aurtengoa kalkulatzen dut”, azaldu du.

Euskal Herri zabaleko zaporeak

Ohikoak izaten dira sagardo egunak garaiotan herri askotan, baina Hendaiakoak badu berezitasun bat: Euskal Herri osoko sagardotegiak gonbidatzen dituzte. “Hamabi sagardotegi ekarriko ditugu: Lapurditik bost etorriko dira, Arabatik, Bizkaiatik eta Nafarroatik bana, eta Gipuzkoatik lau”, dio antolatzaileak. Hala ere, Ipar Euskal Herriko sagardogintzari eman nahi diote protagonismo berezia. Izan ere, espero gabe sorpresa polita hartu zutela kontatzen du Arzallusek: “Gu ekimen honekin hasi ginenean uste genuena baino dezentez sagardogile gehiago aurkitu genituen hemen”. Horietako zenbaitek sagardotegi bezala funtzionatzen dute, baina beste askok etxerako egiten dute sagardoa.

Festa herrikoi eta kulturala

Hendaiako Sagardo Egunaren antolatzailea Baleak Kultur Elkartea da baina eskualdeko beste talde ugarik hartzen dute parte egunean: Mintzaian euskal elkartea, Entzun korala, Txikitxoko haurtzaindegia, Gure Ikastola, Hendaitz Gazte Asanblada, Rugby kirol elkartea, LAB sindikatua, Antxeta Irratia, Biriatuko Ikastola edota Hendaiako presoen aldeko taldeek, esaterako, pintxoak eskaintzen dituzte sagardotegi bakoitzaren gunean. “Guk edalontziak salduta ordaintzen ditugu gastuak, eta elkarteek berriz pintxoekin ateratzen dute sosa”.

Sagardoa eta pintxoak laguntzeko trikitilariak, txalaparta eta bertsolariak egonen dira ekainaren 8ko arratsalde osoan zehar. Zer jan, zer edan eta zer entzuna egonen da beraz asteburuan Hendaiako ekimenean. Arzallusek dioen bezala, elkarlanean antolatutako festa herrikoi eta kulturala izatea da egunak duen gauzarik politena.


Zurea bidali