Bizi-baratzea

Bestelakoak

Zaldaleak irabazten
2019-05-19  |  Jakoba Errekondo

Egunak gauari gaina hartzen dio udaberriko ekinozioarekin. Aurten martxoaren 20an gertatu da, 22:59an, udaberriaren atea irekiz. Eki aurrizkiak gauza bera esan nahi du. Ordura arte gaua luzeagoa zen. Egun hartan egunak eta gauak hamabina ordu izan zituzten. Ordutik eguna luzatzen ari da eta gaua laburtzen. Naturak ederki nabarmentzen du koska hori. Egunaren luzaroak bi gauza indartzen ditu, batez ere, argitasuna eta tenperatura. Garai beroenak badatoz... Beroa ikusi ere egin ezin dutenak, zapuzten, lorea, fruitua eta hazia ematera jarriko dira eta berozaleak orain, denak emanda, hazi eta hazi, puzten, uda-udazkenean fruitu eta hazi izateko. Biak buru-belarri, buru-hosto.

Burutu eta haziak emateko garatzen ari dira, dagoeneko laboreak. Azaroan edo neguaren hasieran erein zituzten. Eguna mozten hasiko denean haziak heldu eta landarea zimelduko da. Uztaren uztailean. Urte osoa aseko duten aleak orduan bilduko dira. Ogia egingo da alearekin. Janaria, alegia.

Guretzako janaria izango dena, aziendarentzako zaldalea izango da. Zaldalea aziendari ematen zaion pentsua da, baldin eta aleez osatua badago. Izan daiteke oloa (Avena sativa), garagarra (Hordeun vulgare), zekalea (Secale cereale) edo garia (Triticum aestivum). Aziendari ukuiluan bi eratako jatena ematen zaio: alearekin egindako zaldalea edo pentsua, eta saralea edo bazka.

Zaldalea ale osoz ala txikituz osa daiteke. Txikitutakoa ehoa bada, hiru eratako jatenak izan daitezke. Baga, azala edo zahia izango da. Biga, errexiloia, azal hondarrez, barruko azalez eta irin arrastoz osatua. Higa, irin hutsa. Bestelakorik ere bada, noski, hiru horiek nahi bezala nahasita. Ez dut gogoan nori, baina bateren bati zaldale hitzak “zahi eta ale” esan nahi duela entzun diot. 

Alea ez den guztia bazka da. Arbia (Brassica napus), erremolatxa (Beta vulgaris var. rapacea), kuia (Cucurbita pepo), laboreen lastoak, belar ondua, arto-orria (Zea mays), arto-lorea, belardiko bazka segatu berria, alpapa edo luzerna (Medicago sativa), ailorbea (Trigonella foenum-graecum), pagotxa (Trifolium incarnatum), txirta edo zalkea (Vicia sativa) eta abar. Saralea, zenbait tokitan artaburuak aldamenean duen orriari esaten zaio.

Udaberriarekin ukuilutik aterako da larrera azienda. Saltoka eta zirimolaka atera ere. Barruan zaldale eta sarale, gozo zegoen, baina kanpoak, berotzen ari den lurrak, hazten ari den belarrak eta giro eguzkitsuak beste zain bat eransten dio. Eta gozamenez, zilipurdika hasten da. Gure etxean Bertol astoa halaxe ibili da apirilean ia egunero, hankaz gora jarri eta bizkarra lurrean igurzten, aztarrika. Zaldaleak irabazten ari dela esaten dugu.