Bizi-baratzea

Plastikoa
2019-05-12  |  Nora Barroso

Sortzen dugun zaborra gure gorputzen eta ekintzen luzapena da. Behin begi-bistatik kenduta, gurekin zerikusirik ez duen zerbait bezala ikusi nahi dugu baina ez, ezin dugu pegatutako txiklea hain erraz gainetik kendu.

Alarma ugari daude piztuta. Batzuk ezin ditugu ekidin, hainbat ez ditugu ikusten, zenbait ez ditugu ikusi ere egin nahi. Halere, egunerokotasunaren testuinguru bizi horretan sentitzen/esaten/egiten ditugun horien presentziak markatzen du oraina eta etorkizuna zertzelatu dezakegu.

Hiruzpalau egunetan plastikoz betetako zakar poltsa botatzea eredu baten kirats usainaren adierazgarri dela deritzot. Zer ari gara egiten madalena zorroaren barruan madalena solteak plastikozko poltsatan sartzen/erosten/kontsumitzen? Zeinen eta zeren bizkarrera ari gara hori guztia eraikitzen? Nahikoa al da birziklatzearekin?

Galderek zabaltzen dute bidea eta, erantzun zehatza bilatu baino, etxekook presentziak bizitzea erabaki genuen: plastikoa garrantzirik gabeko euskarri elementua izatetik kontuan hartzen genuen objektua izatera pasatzea. Eta beraz, gure hautua plastikoa zuen gauza berririk ez erostea izan zen. Lehen hurbilpen gisa zazpi egunez plastikoa zuten produkturik ez erosteko erronka jarri genion gure buruari. Erosketara etxeko oihalezko poltsekin ateratzen ginen, bertan fruta eta barazkiak sartzeko; isuriak izan zitezkeen jakietarako, tuper zaharrak; beirazko ontziak, aldiz, lekaleen ale solteak, granelean erositako txokolate hautsa eta zerealak jasotzeko; jogurten potoak ekidin genituen... Tarteka zailtasunak eta azalpen ugari eman behar izan genituen. Asko ibiltzen ginen herrian oinez alde batetik bestera gure erabakia kontuan hartzen zuten elementuen bila; beraz, askotarikoak ziren erosketak egiteko lekuak. Egunerokoaren erritmoa lasaitzeko ere balio izan digu, eta kartoiaren erabilpena ia erdira murriztu zen etxean.

Egunerokotasunera bueltatzean, lanketarekin sortutako erreferentzia garrantzitsuenak mantendu ditugu eta, zero plastikoaren erronka mantentzea ezinezkoa dela jakin arren, elementu horrekin dugun erlazioa desberdina da orain, eta izugarri murriztu dugu haren erabilpena. Birziklatzea garrantzitsua da baina zabor gutxiago sortuko bagenu arazoaren errora joko genukeela iruditzen zaigu etxekooi. Gure bizipena zuekin konpartitu nahi genuen, eta plastikoarekin duzuen erlazioarekin zuen erronka bizitzera animatu ere bai.