Bizi-baratzea

Lorategia

Landareak esaka
2019-05-19  |  Jakoba Errekondo

Landareek bereziki maite dituzte toki jakin batzuk. Geure gisara, landare bakoitza bat eta bakarra da. Bakoitza horrek bere apetak eta zaletasunak ditu. Zaletasun horiek, aurretik dituen bizitzeko nahitaezko baldintzen atzetik datoz.

Landarearen genetikak hagintzen du. Batzuk sustraiak uretan izatera ohitu ziren, beste batzuk izotzak izenik ere ez duen tokietara, baten bat itsasoko gatzak dena erretzen duen hareatzetara jarri zen... Orain bizi diren haien ondorengoek toki horiek behar dituzte. Behar beharrezko, edo ez hain beharrezko.

Landarea bakarra izanagatik, ez da bakarrik bizi. Sortu zuen hazia non ernatu zenaren arabera ingurune jakin bat topatuko du. Baldintza jakinekin eta landaredi jakinarekin. Landaredi horretan borroka izugarria biziko da: nork lurra hartu, nork ura bereganatu, nork eguzkiaren edo itzalaren tartea okupatu. Baldintza jakin horietara ohituta dagoena, ondoen eta azkarren egokitzen dena gailenduko da.

Landare bakoitzaren egokitze gaitasun hori, alderantzizko bidea egiteko erabiliko dugu guk. Landare bat non topatzen dugunaren arabera jakingo dugu toki horrek baldintza jakin batzuk dituela. Zertarako? Ba geuk jarri nahi dugun beste landare batentzako bizitoki egokia edo jasangaitza izango den jabetzeko. Adibidez, ahabia, Vaccinium myrtillus, ekoizten hasi nahi dut eta badakit nahitaezkoa duela lur azidoa. Txilarrak eta ainarra (Erica spp. eta Calluna sp.) ikusten ditugun tokia oso ona izango da, azidozale amorratuak baitira.

Landare adierazlea esaten zaio. Hura non ikusi, toki hori, lur hori halakoa da. Ardibidez, sapelarra edo txabarkoia edo sapa belarra (Stellaria media) edo malba arrunta edo ziguina (Malva sylvestris) ikusten dugun tokian lurra oso ona izango da, aberatsa eta emankorra. Azeri-buztana edo luki-buztana edo eztainu-belarra edo azagaru-buztana (Equisetum spp.) ikusten badugu, lur itoa eta desegituratua, oso emankorra behintzat ez dela adieraziko digu. Antzekoa esaten ari zaizkigu ihia (Juncus spp.) eta larranbiloa edo kamamila (Matricaria chamomilla).

Esaten ari zaizkigu, beraz ikusi, entzun eta antzeman, aditu.