Orrilako ihintzak urrea balio du

Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Txantreako hiri baratzea auzotarren topaleku
2019-04-14  |  Garazi Zabaleta

Geroz eta hiri gehiagotan ikusten dira baratzeak azken urteotan. Auzotarrentzako elkargune izaten dira gune horiek askotan, eta topaleku hori sortzeko asmoarekin jarri zuten martxan Iruñeko Txantrea auzoko Krispilak hiri baratze proiektua 2018ko uztailean. “2017an eman zigun lursaila udalak Alemanetako auzoan, eta iaz Sanfermin bezperan jarri genituen azken bankalak. Geroztik hor gabiltza lan eta lan”, azaldu du Irantzu Santamaria baratzeko kideak. Urteak zeramatzaten TX Bizi elkartean egitasmo honen bueltan lanean.

Bere tokia berreskuratzen

Txakurrentzako kaka toki bihurtua zegoen lursailari bizia eman diote berriz ere Krispilak taldeko kideek. Izan ere, aspaldiko garai batean gune horretan bertan baratzeak zeudela gogoratu du Santamariak: “Espazioa berreskuratzeko modu bat izan da proiektua martxan jartzea. Errekaren ondoan lursail guztiak baratzeak ziren orduan”, dio. Orain ere, Aranzadi parkea dute ondoan, baratze tokia da ingurua. Krispilak izena bera, inguru horretako uhaza motari lapurtu diote.

1.300 metro koadro inguruko azalera dauka Krispilak auzo baratzeak: zortzi bankal handi, bost bankal txiki, konpostagailua… Jende askok aldi berean lan egiteko pentsatuta dago gunea. Lursaila ezezik, udalak bankalak egiteko materiala, baratzerako tresneria, ura eta landareak ere ematen dizkie baratzezainei. 

Auzolana oinarri

Larunbatero goizeko hamarretatik hamabietara elkartzen dira baratzeko kideak eta auzotarrak beharrezkoak diren lanak egiteko. “Egutegi bat daukagu landaketak noiz egin ikusteko, eta azaltzen garenon artean lanak banatzen ditugu momentuan”, dio Santamariak. Auzolana du oinarri Krispilak proiektuak, eta horixe bera du aberastasun nagusi. Haur, gazte nahiz adinekoen elkartrukerako gunea baita auzo baratzea, lanerako ez ezik hizketarako eta sozializatzeko toki. “Bizilagunen topagune den heinean, bizia ematen dio baratzeak auzoari, baina ez hori bakarrik: oso polita da landareak poliki-poliki hazten ikustea. Haurrek haziak sartzen dituzte eta hor datoz larunbatero ea landareak nola doazen begiratzera, ilusioz”, dio Krispilakeko kideak.


Zurea bidali