Intxaurraren azpian lo egitea txarra

Bizi-baratzea

Atzoko zabalgunetik, biharko metropolira
2019-04-14  |  Kote Guevara

Pentsa dezakegu Hondarribiaren nortasuna historian zehar apenas aldatu dela, betidanik izan dela herri bat, non baserritarrak, kaletarrak eta arrantzaleak elkarrekin bizi izan garen, gure gorabeherekin. Izan ere, gaur egunean oraindik eskema hori askotan aipatzen da gure herriaren osaeraz hitz egitean. Hala izan da mende askoan zehar, baina azken hamarkada hauetan eskema hori aldatzen ari da.

Nortasunaren aldaketarekin batera hiriaren diseinua eta hirigintza ere aldatzen joan da. Erdi Arotik Berpizkundera bitartean Hondarribiaren ekonomia merkataritzan, itsasoan eta baserrietan oinarritu zen. XVI. mendean, Europako guda-egoera zela eta, gotorleku bihurtu zen eta militarrak eta koroaren zerbitzura zeuden funtzionarioak etorri ziren bizitzera.

XVII. mendean, merkataritzaren gainbehera zela eta, balio estrategikoa galduta, militarrek utzi egin zuten hiria eta, horrela, iraganeko guda-garai loriatsuak ahantzi eta herri arrantzale eta nekazari bihurtu zen. Baina eredu hori ez zen baliagarria herriko elitearentzat eta erabaki zuen hiria birsortzea, zeukan funtzio nagusia errotik aldatuz. Horrela sortu zen Hondarribia udako gune turistiko bihurtzeko ideia. Horretarako, hirigune historikotik zabaltzeko aukera bazterrean utzi zen eta arrantzaleen auzoa aukeratu zen hiria garatzeko abiapuntutzat. Aristokratek, politikariek, enpresariek eta goi mailako funtzionarioek –asko madrildarrak– osatutako udatiarren kolonia garrantzitsuak bide horretatik jarraitzera bultzatu zuen hiria, eta XIX. mendeko azken hamarkadetan lehenengo zabalgunea proiektatu zen, Aginaga arkitektoarena.

1914an bigarren zabaltzeari hasiera eman zitzaion, José Ángel Fernández de Casadevante arkitekto irundarraren proiektuaren arabera. Egitasmo hori aurreko zabalgunearen jarraipena zen, bai kontzeptuz, goi mailako udatiarrentzat pentsatuta baitzegoen, baita arkitektura aldetik ere, lorategi-hiriaren ereduari jarraitzen baitzion. Primo de Riveraren diktaduraren garaian eta Francisco Sagartzazu alkatearen iritsierarekin hiri turistiko handia bihurtzeko ameskeriak azken muturreraino eraman ziren, baina Errepublikaren etorrerarekin, eta udal ogasunaren egoera larria kontuan hartuta, Sagartzazuren asmoak bertan behera geratu ziren.

Gerra ondoren jarraibide berbera mantendu zen, eta Sagartzazuren itzulerarekin batera, proiektuak berriro martxan jarri ziren. Orduko asmoak, ordea, askoz apalagoak gertatu ziren, egoera politikoa eta ekonomikoa ez baitziren alkatearen garai bateko handikerien lagungarri. Hala, bada, klase ertaineko udatiarrentzako zabalgune berri bat sortu zuten: Campiña edo Akartegiko zabalgunea, garai batean Muguruza Otaño arkitektoak, Sagartzazuren lagun zaharrak, proiektatutakoa.

Txingudiko estuarioaren aurrean dauden hiru udalerriak (Hondarribia, Irun eta Hendaia) hiri-unitate bat osatzen ari dira. Guztira, 100.000 biztanle inguru biltzen dute, eta udan kopuru hori nabarmen handitzen da

Azken urteotako joeraren arabera, Gipuzkoako biztanleria mugitzen ari da probintziako barrualdetik kostaldera. Mugimendu hori ez da homogeneoa, ez dira edozein klasetakoak proportzio berean mugitzen. Goi mailako klasekoek errazago dute kostaldera aldatzea, bertako bizimodua garestiagoa baita eta lan eskaintza hirugarren sektorean bakarrik baitago, turismoari lotuta. Klase ertainekoen artean ere areagotu da kostaldera bizitzera joateko joera, eta probintziako barrualdea husten ari den bitartean kostaldeko populazioa handitzen ari da.

Hondarribiaren kasuan, bistakoa da bizitzeko leku atsegin eta pribilegiatua dela –itsasoa du, natura, Donostia gertu, Lapurdi ondoan–, eta, horrenbestez, biztanle asko erakarri du. Hain zuzen ere, horien arteko %60 ez dira bertan jaioak, eta indize hori Gipuzkoako handienetakoa da.

Arrantza sektorea beherantz doa, gero eta jende gutxiagok lan egiten du horretan. 90eko hamarkadan, behi gizenen garaian, arrantzale askok itsasoa utzi zuten eta lehorrera joan ziren lanera. Horrek ere eragin handia izan du herriko bizimoduan. Lehen, arrantza mundua askoz homogeneoagoa zen, ia-ia endogamikoa, familia guztia itsasotik bizi zen edo horrekin oso lotura estua zuen. Gaur egunean, ordea, hori galtzekotan dago: arrantza sektorea ez da horren itxia; arrantzaleen mundua –mendetan ez bezala– ez dago bereizita; dagoeneko ez dira denak auzo berean bizi, sakabanatu egin dira eta beste biztanleen artean bizi dira, beren nortasuna galduta nolabait; jadanik ez dira beren artean ezkontzen, lehen bezala; eta, ondorioz, gaur egungo bikoteak askoz heterogeneoak dira.

Nekazaritza eta abeltzaintza mundua, berriz, orain urte dezente galdu zen inguru honetan, aspaldian ez dira artaldeak Jaizkibelgo larreetan bazkatzen eta baserri bakan batzuk bakarrik geratzen dira; gutxi batzuk industria mundura eraldatu dira, beste batzuk landetxe bihurtu, eta gehienak txalet edo etxebizitzak dira.

Turismoarekin sortu diren lanpostuak ez dira oso erakargarriak; ordutegiek, soldatek eta lan-baldintzek langileak uxatzen dituzte, ikasketarik ez dutenak edo egoera ekonomiko larrian daudenak bakarrik ari dira horretan, hots, migratzaileak, ikasleak edo behin-behineko langileak.

Hala, bada, zein da Hondarribiaren etorkizuna soziologia eta hirigintza ikuspuntutik? Mundu likido honetan, zeinean aldaketak gero eta arinago gertatzen diren, inozoa edo oso ausarta izan behar da kabalak egiteko. Dokumentu ofizialetan egiten diren hausnarketak besterik ez ditut aipatuko. Esaterako, Hondarribiko Udalak 2016. urtean onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean zera esaten da: “Txingudiko estuarioaren aurrean dauden hiru udalerriak (Hondarribia, Irun eta Hendaia) argi eta garbi ari dira osatzen funtzionalki eta soziologikoki gero eta integratuago dagoen hiri-unitate bat”. Guztira, 100.000 biztanle inguruko biztanleria biltzen dute, eta udan kopuru hori nabarmen handitzen da. Plan Orokorraren arabera, gero eta agerikoagoa da hiru udalerrietako hiri proiektuak “bateragarri” egiteko beharra dagoela, bai ikuspegi fisikotik –bideak, egiturak–, bai funtzionaletik, bai operatibotik –produkzio-jarduerak eta merkataritza, garraio publikoa eta mugikortasuna–. Eta aspalditik entzuten ari garen, baina –gure herrian behintzat– gauzatzen ez diren bizitegi-garapeneko planteamenduak eta jarduera ekonomikoetarako espazio berrietako proposamenak formulatu behar diren lurralde-esparrua da.

Gure politikariek eta teknikariek metropoli gisa irudikatzen dute gure ingurua, eta bide hori daramala dirudi, baina, duela hogeita hamar bat urte, inork irudikatu ote zuen herriko arrantzaleak Afrikatik etorritakoak izango zirela?


Zurea bidali