Lurraz hazi eta lurrak jan behar

Bizi-baratzea

Arantza eta elorria
2019-04-14  |  Jakoba Errekondo

Arantzak eta arantzak daude. Bai lagunetan ere: Arantza, Arantxa, Arantzazu, Arantxi, Aran... Horietako zenbaitzuk ere badute arantzetik, bista askoan batzuek! Beste arantza batzuek hel nazaten nahi dut.

Egurrak eta zurak lantzean edo haustean sortzen dira ezpalak; baita txikiagoak diren printzak, eskailak, izpiak eta ezkardak ere. Gure amona Garbiñe, esku ahurrean sartu zuen etxeko eskailerako zurezko eskudelaren ezkarda batek sortutako tetanosak ia eraman zuen umetan.

Landareek, inork hautsi beharrik gabe ere sortzen dituzte arantzak. Kaktusek, adibidez, hostoak arantza bihurtu dituzte, transpirazioa murriztu eta ur eskasiari aurre egiteko. Beste batzuek animalia belarjaleen hortzak uxatzeko sortu dituzte arantzak. Zurtoinaren azala babesteko, sasiakaziak (Robinia pseudoacacia); hostoak eta azalak zaintzeko, elorri zuriak (Crataegus spp), elorri beltzak (Prunus spinosa), maaltzak (Pyrus pyraster), sagarminak (Malus sylvestris), astoarrosak (Rosa canina), laharrak (Rubus spp), gorostiak (Ilex aquifolium) eta beste hainbatek; fruituak aterpetzeko gaztainondoaren (Castanea sativa) morkotsa adibide garbia da.

Arantza bakoitzaren sorrera ere berezia da. Gorostiak, adibidez, landarearen beheko aldeko hostoen ertzetan ditu; goikoetan arantzak sortzeko energiarik ez du alferrik galtzen, behor lepaluzeenaren hortzak ere ez baitira iritsiko. Sasiakaziak hostoen azpiko estipula edo txorten-hostoak arantza bihurtu ditu. Elorriek, maaltzak eta sagarminak adarrak liratekeenak arantza egin dituzte. Arrosak eta laharrak azaletik sortzen dituzte arantzak; hatzekin erraz kentzen diren horiek. Badira sustraietan arantzak ematen dituzten landareak ere, Acanthorrhiza generoko palmondoek, adibidez.

Eta denei arantza esaten diegu. Berdin da axaleko txakur letagin itxurako arantza, hortik astoarrosaren Rosa canina, edo zur asko baino gogorragoa den elorri beltzaren arantza luze eta gogorra, hortik Prunus spinosa.

Arantzak baina izen asko du: arantza bera, elorri, erren, xixta, zizta, eta gehiago ere izango dira. Denek gauza bera esaten ote dute? Ala izen bakoitzak era bateko arantza adierazi nahi du? Ea Arantzazuko edo Arantzako Arantzaren batek zalantza argitzen digun.


Zurea bidali