Nik baratzea zaintzen dut eta berak ni Robert Brault

Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Latinez zorrotz
2019-04-07  |  Jakoba Errekondo

Gorritik ekiten dio sasoi berriari laharrak, Rubus fruticosus eta Rubus ulmifolius. Zurtoin gorrian kimu eta hosto berriak gorri-gorriak dira, laster berdetuko badira ere. Udazkenean, hotzak azala erretzen dionean ere, hostoak gorritu egingo dira. Gurienean gorri, eta zahar zakartzean ere gorri. Batzuek diote generoaren Rubus izena hortik ote datorkion, latineko “ruber” gorritik, alegia. Beste batzuek latin bereko “rŭbus” duela iturri, lahar edo sasi esateko hitza. Arantzak ere gorriak ditu, biguinak orain berritan, uda azkenera iristerako zaildu eta zurrunduko direnak. Zorrotz, animalia belarjaleen hortzak urruntzeko. Frantsesez “ronce” esaten diote, dardo edo gezi esan nahi duen latineko “rumex-rumicis” hitzetik eratorria.

Rumex landare generoa uztaoarena edo lapaitzarena da. Genero honetako landareen euskarazko berrogeita bi izen jarri nituen hementxe 2007ko uztailaren 15eko zenbakian, landareen txoko honek hamabi urte betetzen zituen egun berean. Orduan nioen Rumex izen hori latineko “rumo” hitzetik zetorrela, zeinak xurgatu edo murtxatu esan nahi duen; itxuraz garai batean, freskagarri premian, landare honen hosto gazi-gaziak murtxukatzen zituzten. Orain topatzen dut “rumex” hitzak berak dardo edo gezi esan nahi duela, landare genero horren hostoen forma nabarmentzen duena. Izan ere bere hostoak lantza edo ezten haga itxura garbia du. Gazteleraz “romaza” ere esaten diote.

Zorrotz itxurako landareei helduta, galdetu berri dit Beñatek www.bizibaratzea.eus webgunetik ihiak zer izen duen, zer egin galtzeko, nola ugaltzen den eta zer gustatzen zaion bizitzeko; agi danean, belardiak “izorratzen” ari zaizkie. Beste landare punta zorrotz bat; eta zorrotzaren mina ematen du. Lur azido, heze eta buztintsuak gustatzen zaizkio; haizearen bidez polinizatzen da eta kentzeko karea eta sega dantzatu behar dira. Ihiak Juncus generokoak dira. Honek ez du lantza edo gezi tankerako esanahirik. Latinez bera esateko zuten “iuncus” edo lotu edo elkartu esan nahi duen “jungere”tik omen dator. Lokarri gisa erabili izan da. Asmazazu!

Guri latina irakatsi nahi izan zigutenean atentzio gehixeago jarri izan banu, agian izen horien zalantzei buruzko nire iritzia emango nizuke. Asmatu duzu bai, ez nuen, ez, latina batere gustuko.