Bizi-baratzea

Bestelakoak

Klima aldaketa eta paisaia
2019-03-31  |  Jakoba Errekondo

Eguraldia aspaldian dugu hizpidean jarria; klimarena, ordea, berri samarra da. Klima aldaketa zer den argitu behar handirik ez dago. Paisaia zer den azaltzea bai, horren premia gorriagoa da. Puri-purian dago klimaren aldaketaz hitzaldi, mahai inguru edota nazioarteko konferentziak antolatzea. Ni “klima aldaketa eta paisaia” gaiaz aritu naiz mahai inguru pare batean, eta zailena paisaia geu garela azaltzea gertatzen zait.

Nahiago nuke Fernando Pessoak esaten zuen hura egia balitz: “Ez dugu ikusten ikusten duguna, geu garena ikusten dugu”. Benetan geure burua ikusiko bagenu paisaian, orduan egunero-egunero eta egun guztian egiten dugun guztia gure paisaia dela jabetuko ginateke. Den-den-denak duela eragina gure inguruan, gure ingurumenean, gure bizitza kalitatean.

Gure paisaia geuk sortua da. Paisaia guztia kulturala da, geure historian bizitzeko behar izan dugun guztia eskuratzeko moldatu dugu. Eta kultura bakoitzak bere erara moldatzen du: larre, baso mugarrotu, txaradi, garomen, sagasti, soro... Horrexegatik parke naturala esan beharrean Parke Kulturala esan beharko genieke gure aurrekoek sortu, zaindu eta egokitu dituzten paisaia horiei. Horrexegatik paisaia bera da klima aldaketaren erakusle nagusia. Burua joan zaigu honetan, eta, Daniel Innerarityk dioen eran: “Etorkizuna kontsumitu eta gaurkoaren zabortegi bihurtzen ari gara”. Eta gure jokabidea paisaian txertatzen ari da, zizelkatzen, etengabe. Garena.

Klima aldaketa ez da mende amaierarako lau gradu berotuko dela Lurra, ez eta muturreko eguraldi erauntsiak nagusituko direla, ez eta ardoa eta txokolatea eta kafea eta arrainak ez direla ia inoren eskuera egongo, ez, ez. Klima aldaketa berorri eta ni oraintxe egiten ari garena da. Gure alaba-semeek, hemendik oso urte gutxira lotsagorriturik bizituko dutena; arrazoi osoz, gu madarikatzeko paisaia sortzen ari baikatzaizkie. Fabrizio Caramagnak esan zuen: “Toki batzuk enigma bat dira, beste batzuk azalpena”. 

Geure esku dagoena horixe da, baina. Etorkizuneko madarikazio hori ez gertatzea. Hagintzen duten axkar eta lixtoek nahi dutena esan dezatela, berorrek eta neuk geureari ekin. Henri-Frédéric Amielek zioen: “Edozein paisaia, espirituaren egoera bat da”. Guretzako klima aldaketa da. Beraientzat, euskaraz, aldaketa klimatikoa. Gure paisaian, Euskal Herrian! Euskararen paisaia kolonizatua. Patrick Modianok esan zuen: “Paisaiarik gabeko pertsona babesik gabe gelditzen da”.