Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Eskaintza ekologikoa bateratuko duen gunea martxan da Noainen
2019-03-31  |  Garazi Zabaleta

Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) proiektu berritzailea jarri du martxan Noainen: Ekoalde, Nafarroako ekoizpen ekologikoaren bilketa eta logistika zentroa. Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak (INTIA) eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Enpresen elkarteak (AEN) babestuta, martxoaren 15ean ireki zituen ateak. Helburua da Nafarroako ekoizle ekologikoei beren produktuak bide laburretatik merkaturatzeko erraztasunak ematea, eta aldi berean, kontsumitzaile profesionalei produktu horiek toki bakarrean eskuratzeko aukera ematea.

Txikizkako merkatarientzat

Ekoalde gunea ez dago kontsumitzaile arruntei zuzenduta. “Kontsumitzaile profesionalei zerbitzua ematea da proiektuaren helburua, alegia, hotel, jatetxe, kafetegi, jantoki eta komertzioei hurbileko produktu ekologikoak eskaintzea”, diote. Hain zuzen, produktu ekologikoak eskaini nahi dituzten komertzio eta jantokien arazo nagusietakoa da horiek lortzeko duten zailtasuna: elikagai ekologikoak sakabanatuta egotea, kantitate handiak lortzeko arazoak… Hutsune horiei irtenbidea ematea da asmoa.

Honela funtzionatuko du guneak: bezeroek www.ekoalde.org webguneko katalogotik eginen dute eskaera. Ekoaldek eskaera horiek kudeatu eta ekoizleei pasako dizkie, eta ekoizleak beraiek izanen dira produktuak instalazioetara eramanen dituztenak. Bezeroak Ekoalden jasoko dute erosketa osoa, eta bertan eginen dute ordainketa.

Proiektu kolektiboa

Aipatutako hiru erakundeek ekoizleekin elkarlanean egin dute Ekoalde martxan jartzeko bidea eta aurrerantzean ere modu kolektiboan funtzionatzea dute asmo. “Nekazaritzako ekoizpen ekologikoa dinamizatzea eta produktuen banaketa eginen duen azpiegitura sortzea da bidea, baina logistika eta banaketa ekoizleek beraiek antolatuz”, diote. Erakunde “parte-hartzailea, bateragarria eta demokratikoa” nahi dute bultzatzaileek, erabakietan partaide guztien hitza kontuan hartuko duena.

Gaur-gaurkoz, zigilu ekologikoa duten 50 ekoizle baino gehiago daude egitasmo hasi berrian: fruta eta barazkiak, edariak, olioak, kontserbak eta landutako jakiak, ogia, haragia, esnekiak edota bidezko merkataritzako kafe eta azukrea eskaintzen dute. Ekoizle gehiagorengana iritsi nahi dute bultzatzaileek, hala ere: “Ahalik eta gehien zabaltzea da asmoa”.