Akerrak baratzan, auzokoak dantzan

Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Aldaketarako nekazaritza
2019-02-10  |  Garazi Zabaleta

Arabako mendebaldean, Salcedo herrian kokatutako proiektu agroekologikoa da Tierrapapeltijera. 2009an abiatu zuten egitasmoa Ramon Roa eta Monica Garciak, eta duela gutxi hirugarren kide bat batu zaie proiektura. Barazkigintza ekologikoan dihardute bereziki, nahiz lekale, gari eta zerealak ere ekoizten dituzten. Roak azaldu duenez, jendartearen eraldaketa bultzatu nahi duen egitasmoa ere bada beraiena: “Gizartea nola antolatua dagoen ez dugu maite, eta hori aldatzeko bidean gabiltza, gure aukeren arabera eragiten”.

Bizi proiektu jasangarria

Kideen arteko eta naturarekiko errespetuan lan egitea da Tierrapapeltijera egitasmokoen oinarria. Lanbide bat baino, bizi proiektu oso bezala ulertzen dute beraiek martxan jarri dutena. “Nekazaritza bizitzaren oinarrian dagoelako erabaki genuen honetan jardutea. Valentziako barazki ekoizle ekologiko batekin aritu nintzen lanean hona etorri baino lehen, eta eredu hori ekartzea izan da asmoa”, azaldu du Roak. Valentziatik Arabara bueltatzerakoan gurasoen lur zati bat lantzen hasi ziren lehenik, eta hasieran etxerako ekoitzi bazuten ere, segituan hasi ziren barazkiak saltzen.

Lehen urteetan 15 saski inguru egiten zituzten, baina egun jada Gasteiz aldeko eta Miranda de Ebroko 60 familia ingururi ematen diete jaten. “Garaiko barazkiak eskaintzen ditugu saskietan, eredu agroekologikoan ekoitziak eta zuzeneko salmenta bidez merkaturatuak”.

Nekazarien saretzean parte

Ekoizten dituzten produktuak hurbilean saltzen dituzte Tierrapapeltijerakoek: ekoizkinen %90 inguruk 30 kilometro baino gutxiago egiten ditu. Eta hurbileko ekoizpen-kontsumo sare horri bultzada emateko, Gaubean hilabeteko lehen igandean egiten duten ekoizle azokaren parte dira: “Ekoizleongandik sortu zen merkatu hau, ez dago inongo finantzaketarik ezta erakunde publiko edo pribaturik azokaren atzean”.

Halaber, agroekologiarekin lotutako nekazarien beste zenbait mugimendutan presente dago proiektua: Araban Bionekazaritzan eta Saski Barazki izeneko merkaturatze kolektiborako proiektuan dabiltza, eta Euskal Herri mailako etxalde agroekologikoen EHKOlektiboa egitasmoaren parte ere badira. “Nekazarion ahotsa entzuna izatea garrantzitsua dela uste dugulako gaude mugimendu eta sare horietan sartuta, lehen sektoreko eta landa inguruko errealitateak sarritan ezkutatuak baitaude”.