Ilargi koroatua, laster euri

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (21:00ak arte)
Gaurko hitza
Lokatu
:  Txitak ateratzeko oiloa 21 egunetan kieto izaten da arraultzak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Baratzetik mundura

Baratze bat auzoarentzat opari
2019-02-03  |  Garazi Zabaleta

Iruñeko Donibane auzoan martxan jarri berri duten proiektua da Udaberri Hiri Baratzea. Gune berdeak lehenagotik ere badira inguru horretan, baina San Juan Xar auzo elkarteak abiatu duen proiektu honek herritarrak espazio horretan paper aktiboa izatea nahi du, eta ez paseatzaile soil izatea: “Auzokide bakoitzak toki hau bere sentitzea nahi dugu, jendea ahalduntzea eta baratzaren parte izatea”, azaldu du Ibai Sueskun kideak. Ongi pasatuz ekologiara hurbiltzeko modua ere izan daiteke auzo baratzearen proiektua.

Auzoari bizitasuna

Donibane auzoaren dinamizazioan dihardu San Juan Xar elkarteak: ekimen kulturalak antolatzen, bertako komertzio txikia bultzatzen edota auzo bizitza sustatzen dabil, besteak beste. Donibaneri bizitasuna emateko pauso bat gehiago da baratze proiektua. “Auzoari tresnak eskaini beharra dago bertan bizitasuna egon dadin, eta horretarako, baratzea auzoan muntatzea ideia ona zela pentsatu genuen”. Auzotarrentzat elkargunea sortzea da helburu nagusietakoa, belaunaldi ezberdinetako jendea batzeko saiakera da.

Baratze taulez gain, orain arte egin dituzten auzolanetan konpost-ontzia, hondargune bat, mahaiak, bankuak eta petanka jolasa ere jarri dituzte. Eta baratzean lehen landaketak egin dituzte jada: baba, ilarra, tipulak, baratxuriak… hasi da barazki festa! Auzoko eragileak espazio berria euren ekimenetarako erabiltzera gonbidatzen dituzte proiektuko kideek: “Gazte Asanbladak ikastaro bat bertan eman nahi duela, edo hezkuntza komunitateak hona etorri, bisita gidatua egin eta landaketak egiten ikastea proposatzen duela... Guztientzako tresna izanen da baratzea”

Auzolana oinarri

Proiektuari ekiteko lehen urratsa, auzoan aurkezpena egitea izan zen, eta erantzun hona ikusita aurrera jarraitzea erabaki zuten: “30-40 pertsona inguru etorri ziren, euren kontaktuak hartu genituen eta lantalde motorra sortu”. Udalarekin harremanak eta komunikazio bideak kudeatzen ditu talde horrek, baita baratze gunearen prestaketetarako auzolanak deitu ere. Jendearen erantzuna oso ona izaten ari dela dio Sueskunek, eta proiektuak interesa eta poza sortu duela auzoan.

Urtarrila bukaeran eginen dute azken auzolana, falta diren azken gauzak prestatzeko. Ondoren, baratzea antolatzeko hainbat lantalde sortu eta aitzurrak martxan jartzea izanen da egitekoa. “Jendea gogotsu eta pozik dago, batez ere ikusten duelako bazegoela plaza bat inongo erabilerarik gabea, eta orain plaza hori jantzi egin dela, kolorea eman zaiola, eta guneak auzoari ekarpena eginen diola”.

Irudia: Maitane Gartziandia.