Nor bere tenporako, arbia abenduko

Bizi-baratzea

(01:00ak arte)
Gaurko hitza
Sotarruratu
:  Lurra goldatu aurretik triki-traka deituriko tresna batekin askatzen... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Baratzetik mundura

Baratzeko uzta "gastroeskola" ere bada
2019-01-27  |  Garazi Zabaleta

Zazpi urte inguru daramatzate Busturialdeko (Bizkaia) Ortutik Ahora proiektuko kideek kontzientziak eta dastamenak astintzen. “Elikadura ikuspegi agroekologikotik lantzen dugu”, azaldu du Sergio Gonzalez Sanchez proiektuko kideak. Beren jarduna hiru ataletan banatzen dute: ekoizpena, eraldaketa eta formazioa.

Bertakoa, sasoikoa eta agroekologikoa

Barazkien ekoizpenetik abiatzen da proiektua. “Nekazariak gara, eta atal oso garrantzitsua da hau guretzat, nekazarien egoera ez baita onena eta lan honen garrantzia aitortzea beharrezkotzat dugu”, dio Gonzalezek. Busturian egiten dute baratzea elkarteko hiru kideek. Barazkiak eta fruituak ekoizten dituzte bertan, guztia eredu ekologikoan, ENEEK Euskal Herriko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren zigiluarekin.

Ekoizten dituzten produktu horien trasformazioan dihardute proiektuko kideek bigarren atalean: Ortutik Ahora Katering Agroekologikoan. Bazkariak, luntxak nahiz bestelako otorduak prestatzen aritzen dira beraien eta eskualdeko beste zenbait ekoizleren produktuekin. “Zigiluarekin edo gabe, baina lan egiten dugun ekoizleekin harreman zuzena dugunez, badakigu ekologikoan dihardutela. Kateringean darabiltzagun produktuen %80 bertakoak, sasoikoak edota ekologikoak dira”.

Formazioa eta sarea jostearen garrantzia

Proiektuaren hirugarren hanka da formazioa. Haur, gazte nahiz helduentzako tailer eta ikastaroak antolatzen dituzte Ortutik Ahora elkartekoek. Esaterako, Busturiako eskolan “Gastroeskola” deituriko proiektua dute abian. “Urte osoko eskolaz kanpoko jarduera da: gazteekin hazien inguruan ikasi eta ortua lantzen dugu, eta ondoren ateratako barazkiekin sukaldean aritzen gara”, dio Gonzalezek.  Bere ustez, otorduetan haragiari edo arrainari barazkiei baino garrantzi handiagoa ematen diogu, eta horri buelta ematea dute asmo: “Errezeta asko dago barazkiekin munduan zehar, eta horiek erabiltzen saiatzen gara gure otorduetan”. Urteotako lanaren ondoren indartzen joan da Ortutik Ahora, eta pixkanaka eskualdean nahiz Bizkaian eragile sozial ere bihurtu direla dio kideak. “Elikadura hobetzeko eta  egoera orokorra eraldatzeko hainbat mugimenduren parte gara, hala nola, Gure Platera Gure Aukera eskola-jantokietako elikaduraren inguruko ekimenean”, azaldu du.

Irudia: Maitane Gartziandia.