Tximeleta dabil urrian, gauza txarren bat dator

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (21:00ak arte)
Gaurko hitza
Lokatu
:  Txitak ateratzeko oiloa 21 egunetan kieto izaten da arraultzak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Baratzetik mundura

Baserritarra eskubidedun subjektu
2019-01-20  |  Garazi Zabaleta

Azaroan onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak Baserritarren Eskubideen Adierazpena, eta ordutik, erabakia berrestea zen Batzar Orokorrari geratzen zitzaiona. Abenduaren 18an eman zuen erakundearen organo nagusiak azken pauso hori, nazioarteko baserritarren mugimenduaren aldarrikapen historikoari erantzuna emanez. Hamazazpi urtetako borroka luzearen ondoren iritsi da adierazpena, Via Campesina nazioarteko baserritarren mugimenduak gogorarazi duenez.


Baserritarren ekarpenari aitortza

Baserritarrek eta landa eremuan lan egiten duten pertsonek bizi duten zaurgarritasun egoera onartzeaz gain, nekazari txikien garrantzia azaleratu du NBEk ebazpenean. Pobrezia, gosea, elikadura desegokia edota herrien hustutzea bizi dituzten bitartean, baserritarrek mundu osoan ekoizten diren elikagaien %70 sortzen dituztela azpimarratu du.

Adierazpenak biltzen dituen eskubideen artean daude, besteak beste, laborariek haziak euren eskuetan edukitzeko, lurretara sarbidea izateko, elikadura burujabetzarako eta beren lurraldeari eragiten dieten gaietan partaidetza izateko eskubideak edota agrokimikoen duda egitekoa eta agroekologia bultzatzekoa. Alazne Intxauspe Bizkaiko EHNEko eta Via Campesinako kideak honela laburbildu zuen 97.0 Irrati Libreko Lur eta Murmur saioan lorpena: “Bereziki azpimarratuko nukeena da baserritarra eskubideak dituen subjektu bezala aldarrikatzen duela”.

Europako herrialdeen artean abstentzioa nagusi

“Badakigu erabaki hau ez dela estatu guztientzat loteslea, eta zeintzuk izan diren abstenitu diren estatuak. Beraz, lortutakoarekin pozik gaude, baina kritikotasun batetik ere egiten dugu azterketa”, adierazi zuen Intxauspek elkarrizketan. Izan ere, esanguratsua da Espainiako eta Frantziako estatuak eta Europako beste asko ere abstenitu egin zirela bozketan. AEB, Erresuma Batua, Israel, Guatemala, Hungaria, Suedia, Zeelanda Berria eta Australia, berriz, aurka azaldu ziren.

Via Campesinako kideak argi du, dena dela, adierazpena loteslea ez izanagatik ere instrumentu ofiziala dela, eta hemendik aurrera lanean jarraitu beharko dutela gobernuei adierazpenenan biltzen direnak bete ditzaten eskatzeko. “Artikulu asko ditu adierazpenak, eta horiek marko batzuk jartzen dituzte, eskubide batzuk aitortu baserritarrari. Gure lana da orain hori guztia betearaztea”.