Azatxoak azatuko dituk

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (21:00ak arte)
Gaurko hitza
Lokatu
:  Txitak ateratzeko oiloa 21 egunetan kieto izaten da arraultzak... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Baratzetik mundura

Nork dio ezkurra ez denik guretzako elikagai?
2019-01-13  |  Garazi Zabaleta

“Zergatik galdu dugu elikagai basatiekiko fedea?”. Galdera hori zuzentzen dio publikoari Cesar Lema Costas biologoak bere hitzaldien hasieran. Manual de cocina bellotera para la era postpetrolera (Nola egin ezkur sukaldaritza, prestatzeko petrolio aro osteko bizitza) liburuaren egilea Euskal Herrian izan berri da bere azken lana aurkezten. Goiabe Sukaldeko kideek Getariako San Prudentzioko Lagunak elkartearekin eta Basarerekin elkarlanean antolatu dute “Ezkurra Basotik-Ahora” ekimena. Egun osoko egitaraua egin zuten abenduaren 8an.

Basa landareen zaporea (ber)ikasten

“Gure arbasoek milaka urtez ezkurrak jan bazituzten, nola da posible egun guk ezin jan izatea?”. Ezkurra elikagai basatia da, Lemak azaltzen duenez, eta gu geroz eta etxekotuago gaude. Hori izan daiteke arrazoi nagusietakoa. Biologoak ez du zalantzarik, ordea, ezkurra urteetan baztertua izanaren atzean interes politikoak ere badaudela.

Goiabe Sukaldeko Asier Bastarrika Gorostiza eta Leire Albisu Iriarte aspaldi hasi ziren basa landareekin esperimentatzen: “Ikusten baitugu landare batzuk sortzeko lan egiten dugula baina natura etengabe ari zaigula beste landare batzuk eskaintzen”. Basa landareei –”belar txarrak” deituak sarri– eta ezkurrari balioa ematea izan da ekimenaren helburuetako bat, baina baita bestelako baso eredu bat posible eta interesgarria dela erakustea ere.

Teoriatik praktikara jauzi

Ezkurraren inguruan antolatutako egunean zehar izan zuten hurbildutakoek zer ikusia, zer ikasia eta zer dastatua. San Prudentziotik gertuko baso batean ibilaldia egin zuten goizean Lemaren azalpenek lagunduta. Gero, biologoaren hitzaldia izan zuten ezkurraren inguruan: fruituaren kokapen historikoa, azalpen nutrizionalak eta alde praktikoa azaldu zituen; ezkurrari taninoak nola kendu eta jangarria izan dadin nola tratatu, hain zuzen.

Bukatzeko, hamaiketako berezia izan zuten parte hartzaileek: ezkurrekin eta basa landareekin egindako “sorgin zopa”, ezkur kafea, ezkur ogia, ezkurrarekin egindako gaileta gaziak… Ehundik gora pertsonak hartu zuen parte. Anarkronikus taldea aritu zen Erdi Aroko musikarekin festa alaitzen.

Aurrerantzean zer? Orain arteko martxari jarraituko diote Goiabeko Sukaldeko kideek: “Gu mantso goaz, baina honetan esperimentatzen jarraituko dugu modu apalean, eta ikusiko dugu zer ateratzen den”.