Bizi-baratzea

Baratzea/Ortua  >  Barazkiak eta belarrak

Hazia hazi eta ez jaki
2018-12-23  |  Jakoba Errekondo

Uzta gehienak burutu dira. Landareen zikloaren amaiera hazia da, beste landare berri baten zikloari hasiera emango diona, alegia. Uzta ganbararatzen dugunean fruituak edo haziak jaso ohi ditugu, eta bietatik jango dugu negua berotzeko. Landareak ikaragarrizko indarrak bideratu ditu fruitua eta hazia osatzera eta biek energia asko dute. Fruituan pilatutako energia hori, elikagai izango da haziak hara-hona hedatu behar dituzten animalientzat. Haziak berak energia meta bat dira. Hazia ernamuin edo hozi bat da oinarrian eta hura hozitzen edo ernetzen denean sortuko den landaretxo berria elikatzeko energia. Ernamuinak sustraia eta hostoa sortu arte beharko duen energia horixe da haziaren atal handiena.

Animalion elikaduran fruituak, batez ere udazkenean, eta haziak, batik bat neguan, axolazkoak dira. Neguan nahikoa bazka izateko animalia asko ikusiko dugu haziak bildu eta jasotzen. Tartean gu: garia (Triticum spp.), baba (Vicia faba), babarruna (Phaseolus vulgaris), hurra (Corylus avellana), intxaurra (Juglans regia), artoa (Zea mays) eta abar.

Haziak ez ditugu gosea isiltzeko soilik jasotzen, ordea. Hurrengo sasoian ereiteko ere beharko ditugu. Horixe da haziaren xede nagusia, bere espezieari eusteko landare berri bat ematea. Hazia hazi eta ez jaki. 

Haziak hazitarako jasotzeak baldintza batzuk bete behar izatea dakar. Ernatzeko gaitasunari ahalik eta ganorarik handienaz eutsi behar dio. Horretarako hazia toki berezian eduki behar da. Landarea bizi den tokian haziak izango lukeen tratua da egokiena. Geurean haziak lehortu egiten dira eta sortasun moduko batean sartzen dira. Sor jartzea babesgarri zaio. Energia ezin du alferrik galdu eta sasoi egokian ernatzea nahitaezkoa du landaretxo berria bizikizun izan dadin. Garaiz kanpo ernatzen bada, hiltzeko arrisku latza. Haziak neguaren etorria eta joana sentitu behar ditu. Negutea amaitu eta udaberria iritsi dela egiaztatu arte lo bezala egongo da. Gero, baldintza egokiak etortzean ernamuina piztu, metatutako energia dantzan hasi eta sustraia luzatuko du; landare berri batek bizitzeari ekiten dio.

Hazitarako hazirik baduzu, lehenbailehen atera kanpora eta negua sumatu dezala. Behin ereinda gero udaberriaren epel heze eta gozoa antzematean, esnatu eta indarrean erna dadin.