Zertarako zure alaba-semeei mirari bat esplikatzen saiatu, baratze bat landatzen jar ditzakezu eta Robert Brault

Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Artearen bidez Karrantzako ardia sustatzen du Mutur Beltz elkarteak
2018-12-09  |  Garazi Zabaleta

2015ean ekin zioten Joseba Edesa Portillok eta Laurita Siles Ceballosek Mutur Beltz proiektuari. Karrantzako ardi arraza horren eta artzaintzaren desagerpena ekiditea dute asmo. Ardiari lotutako lau alorretan banatzen da elkartearen jarduna: esnea, haragia, artilea eta artea. Alor guztiak elkarri lotuak daude ordea, eta helburu bera dute: Karrantzako ardi mutur beltzaren balioa berreskuratzea.

Artzaintza ere badelako artea

Hiria eta landa ingurua elkarrengandik geroz eta urrunago daudela ikusita, bi aldeak gerturatu eta elkarren arteko harremana sustatzea da kideen asmoetako bat. “Guk artea eta kultura erabiltzen ditugu jendartean eragin eta zer pentsatua emateko, landa inguruaren eta hiriaren arteko distantziak txikitzeko. Beti pentsatu izan da batzuk artea egiten dutela eta besteek artisautza. Batzuk azkarrak direla eta besteak tuntunak. Banaketa zurrun hori gezur hutsa da”, azaldu du Edesak.

Haustura horri aurre egiteko ekimenetako bat da, esaterako, ardi mutur beltza sustatzeko herrian egiten duten azoka. Duela zenbait urte arte betiko azoka egiten bazuten ere, azokari bestelako ikuspuntua gehitu diote azken edizioetan. “Orain, egun horretan artistaren lana eta artzainarena uztartzen ditugu, maila berean jartzen ditugu artista eta artzaina, biak dira protagonista”. Artzaintzari lotutako ekimenak gaiarekiko lotura duten arte erakusketekin uztartzen dituzte. Artzainen topaketa artistikoak eta Ondo Bizi arte egonaldiak ere antolatzen dituzte Mutur Beltzeko partaideek.

Zer gertatzen da artilearekin?

Haragia eta esnea dira ardi arraza hauei etekina ateratzeko bide ohikoenak, eta produktu horien sustapenean ere ari da lanean Mutur Beltz. Baina bada beste lehengai bat garai batean oso estimatua zena eta gaur egun hondakin gisa tratatzen dena: artilea. “Artilearen ikuspuntua beti izan da textila, eta gure artileak ez du kalitate ona horretarako. Gogorragoa da, inpermeableagoa, eta beraz, bestelako erabilerak sustatu behar ditugu”, dio Edesak. Oraingoz, Karrantzako artzain gehienen artilea jasotzen ari dira izan ditzakeen erabilera berriak aztertzeko. Abian daude jada ikerketak. 

Argi dute kideek ardi arrazaren galbideari aurre egiteko alde guztiak landu beharko dituztela. “Ekonomia baten beharra dugu desagerpena ekiditeko: lan egin beharko dugu bai gazta egiten, bai bildotsak hobeto saltzeko ezberdin sukaldatzen, eta baita artilearen erabilera birpentsatzen ere”.